‘Be Country, my friend’

Igor Elordui Etxebarria

Hautsak harrotu zituen, lehengoan, apirilean egingo den Euskal Herriko txirrindulari-lasterketaren izenari Itzuliari, alegia, antolatzaileek Basque Country gehitzeko erabakiak (Itzulia-Basque Country); bai, behintzat, txiolandiako eremu haizetsuan. Hala, txio guztien artetik, pare bat dakartzat lerrootara: Mikel Urteagak zera txiokatu zuen: Espainian: Vuelta a España – Italian: Giro d’Italia – Frantzian: Le Tour de France – Euskal Herrian: Itzulia Basque Country #akonplejatuak. Eta, ironiaz, Igor Elortzak: Bertsolari Txapelketa Basque Country. Ez.

Lehenengo txioaren haritik: iruditzen zait baietz, badagoela konplexuek eragindako arazo bat hor. Ni neu Bienvenido, Mister Marshall (Berlanga, 1953) filmarekin akordatu nintzen. Ikusi duzuenok akordatuko zarete: Espainiako herri txiki batean aztoratuta dabiltza, zenbait diplomatiko estatubatuar bertara joango direla-eta. Herria goitik behera apaintzen dute, Welcome (ongietorri-mezu) erraldoi eta guzti. Eguna heltzean, ordea, amerikarrak arin batean igarotzen dira bertatik, geratu ere egin barik. Iragan mendeko 50eko hamarkadako Espainia haren konplexuetatik batzuek XXI. mendeko Euskal Herrian bizirik diraute? Hotzikara eragiten dit horixe pentsatze hutsak.

Baina, gero, Elortzaren txiotik tiraka: begiratzen dugu halako zenbat dauden eta, ai, ene! Basque Culinary Center, Urdaibai Bird Center, Be Basque Talent Network, Euskal Encounter, Bilbao Exhibition Centre, Basqueteam… Eta konturatzen gara konplexu-arazo batetik abiatuta (zein ez) estrategia baten neurrigabeko erabileratik ere badagoela. Orduan, galdera andana datorkit burura, bata bestearen atzetik: Bateko, zer nahi da bultzatu, “produktua” ala nazio-marka? Esaterako, lerroon abiapuntua izan den kasuan, Itzulia ala Basque Country? Besteko, mezua zer da, kanpora begira ala barrura begira? Agian eragin handiagoa dauka gugan, geure autoestimuan-edo, kanpoan baino. Eta non dago muga? Zeren eta horrela segituz gero… Bertsolari Txapelketa Basque Country, Santomas Basque Country, Aste Nagusia Basque Country (Gora Partymary!)…

Berlangaren pelikularen Villar del Rion ez, baizik eta Cuencako Olmeda de la Cuestan, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dute eta bertara joan da Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea. Ondo dago hori. Kargu publiko asko, eta EAEko lehendakaria bera, joaten dira pitean-pitean Espainiara ez ezik, Asiara, Ameriketara… Nazio-marka indartzeko modu ona izan daiteke hori; gure paisaia ingelesezko deiturez betetzea baino hobea, nire ustez. Ai, ez balitz izango bidaia horien helburua, gehienetan, ekonomikoa izaten dela, eta soilik enpresariek lagunduta joaten direla. Sokatirako Munduko Txapelketara ez gara heldu, lehendakari jauna, baina zer moduz bihar Irlandara bagoaz? Irlandako Rith, Euskal Herriko Korrikaren “alabetako” bat, bihar amaituko da-eta. Zein ona litzatekeen han Basque Country ikusaraztea, for example.