AHT-aren geltoki intermodalak erabat aldatuko du Abando aldea

AHT-aren geltoki intermodalak erabat aldatuko du Abando aldea

Aitziber Laskibar Lizarribar

Abiadura handiko trena lurpetik iritsiko da Bilbora. Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lortu dute azken urteetan plazaratutako nahia, eta Espainiako Sustapen Ministerioarekin egindako akordioa jendaurrean erakutsi berri dute. Abandoko tren geltokia izango du helmuga AHTak, lurpetik, eta horrek erabat itxuraldatuko du ingurua. Trenbidea lurperatzeak 90.000 metro koadroko azalera utziko du libre, eta, udalaren hitzetan, “aukera asko” zabalduko ditu horrek.

Akordioa sinatu aurretik ere eremu berri horretan zer egiteko asmoa duen behin baino gehiagotan iragarri du udalak: etxebizitzak, bulegoak eta aisialdirako gunea nahi dituela esana du. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretarako sailburuak eta Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak akordioa irudikatzeko agerraldian, berriro agertu zuen asmoa alkateak: “Datozen hilabeteetan espero dut zenbat etxebizitza eraikiko diren, aisiarako zein gune eta ekipamendu publiko izango dituen eta bulegoentzako zenbait eraikin egingo diren zehaztuko duen hiri proiektua”.

Hala ere, “ez da inolako basakeriarik egingo”, ziurtatu du. Asier Abaunza Garraio zinegotziak datu gehiago eman ditu sinadura ofizialetik egun batzuetara: “Mila etxebizitza inguru” aurreikusten ditu Abandoko geltokiaren gainaldean.

Aspalditik ari da udala gaia aztertzen, eta AHTaren lurpeko sarreraren gainalderako hiru aukera ditu mahai gainean duela urtebete ingurutik. Gehienez, zortzi solairuko eraikinetan 887 etxebizitza egitea da aukeretako bat. Beste bat, 1.062 etxebizitza eraikitzea, bederatzi eraikinetan banatuta eta horietako hiruk 20 solairu izanda. Hirugarren aukerak 1.370 etxebizitza sortzea aurreikusten du, hamar bat eraikinetan; erdiak 30 solairuko etxe orratzak lirateke, Garellanon egin dituztenen antzekoak. “Ez da Garellanoko dorreen modukorik egingo”, baztertu du aukera hori Abaunzak asteon.

Geltokia lurperatzeak egungo kokalekua baino gehiago aldatuko duela ere iragarri zuen Tapiak akordioa sinatzeko egunean: “Bilbon dugun lubakia desagertu egingo da, eta erabat integratutako hiria lortuko da”. Bilbo erdigunea hiriburuko alderdirik baztertuenetariko batekin batzeari buruz ari zen sailburua: “San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala, Kale Nagusiarekin gune moderno eta zabal baten bidez batzeko lan egingo dugu”.

Ibon Aresok, Bilbo azken urteetan izaten ari den eraldaketaren ideologo nagusiak, aspaldi adierazi zuen eraldaketa horien barruan hiriburuko erdigunea eta Bilbo Zaharra batzeko nahia. Eta ildo horri eutsi diote bere ondorengoek ere: “Aukeraz betetako gune berri horrek hobeto bizitzea ahalbidetuko digu, eta gaur egun trenbidearen arrakalak banatzen dituen auzoak hiriaren erdigunearekin batzea”.

Garraio loturarik handiena

Geltokiari berari dagokionez, Abandokoa “datozen ehun urteei begira tren lotura proiekturik handiena” izango dela iragarri du alkateak, eta “historiko” izendatu du proiektua. Hain zuzen, AHTaren azken geltokia izateaz gain, Bizkaibusen eta taxien geltokiak ere hartuko ditu, metroarekiko lotura, eta autoentzako aparkalekuak.

Hiru maila izango ditu geltokiak lur azpian; bi nagusi, eta tarteko bat. Lur azpiko lehen solairuan izango da metrorako sarrera. Aldirietako tren zerbitzuak ere hantxe egongo dira, eta handik irtengo dira Bilbo-Santurtzi eta Bilbo-Muskiz tren lineak, Urduñara doan aldirietakoak eta Balmasedarakoak. Zortzi trenbide prestatuko dira horietarako.

Gaur egun geltokia Hurtado Amezaga eta Bailen kaleetan duten Bizkaibusak ere Abandoko intermodalera igaroko dira. Lur azpiko lehen solairuan egongo dira horiek ere, Bailen kalearen aldean. 13 nasa eraikiko dira autobus horien geraleku gisara. Autobus geltokiaren azpian, autoentzako aparkalekuak egingo dira. 550 ibilgailurentzako lekua egongo da, eta ordainpeko parking moduan funtzionatuko du. Hainbat solairutan banatuko dira aparkaleku horiek.

Bigarren solairu nagusia lur azpitik hogei bat metrora egongo da eta AHTarentzat gordeko da osorik. Zortzi bide izango ditu, lau nasatan banatuta.

Bi maila handi horien tartean solairuarte bat eraikiko dute. Ibilbide luzeko trenetarako zein abiadura handiko trenaren geltokira sartzeko ataria izango da; ontziratze gune moduko bat.

Horren guztiaren gainean, zoruaren mailan egongo den sarrera nagusian, gorde egingo da egungo geltokiak duen beiratea, balio handikoa baita.

Tunela Malmasinen

AHTa Bilbora lur azpitik hel dadin, sei kilometrotik gorako tunela egingo dute Malmasin mendiaren azpian; inguruan inoiz egin den zulatzerik handiena izango da, eta lanak datorren urtean hastea aurreikusi dute. Tunela egiteko beharko diren 250 milioi euroak Espainiako Sustapen Ministerioak jarriko ditu. Malmasin igaro ondoren, Miribilla inguratuta iritsiko da Juan de Garai kalera, eta, hortik, Abandora helduko da.

Abandoko lur azpiko geltoki berria egiteko beste 480 milioi euro beharko dira, lehen estimazioen arabera; erdia Espainiako Sustapen Ministerioak ordainduko du AHTaren azpiegituren zati gisa, eta beste erdia “euskal administrazioek”; oraingoz, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak.

Datorren urtean has litezkeen lanak 2023an amaitzea espero dute sustatzaileek. Geltoki gaineko lanak, lur azpikoak amaitutakoan hasiko dira. Hirigintza lan horiek 2030era arte luzatuko direla aurreikusi dute.