Filmen bidez ikusarazi

Filmen bidez ikusarazi

Asier Arrate Iruskieta

Migrazioaren feminizazioa areagotzen ari den fenomenoa da. Etxea eta familia atzean utzita, hainbat dira jazarpen, pobrezia eta biolentziatik ihesi, babes bila jotzen duten emakumeak. Bilboko errealitatearen parte ere bilakatu dira emakume migratzaileak, eta horregatik gertuko errealitate hori ikus-entzunezkoaren bitartez islatu nahi dute Emakume migratzaile eta Errefuxiatuak: mugen bizirik zikloan.

Emakume migratzaileen istorioak ezagutzera ematea asmo duen zikloa martxoaren 5ean hasi zen, eta 25ean eta 26an jarraituko du. Film eta dokumentalen emanaldiak, antzezlanak eta mahai inguruak antolatu dituzte, eta eskainiko dituzten lan guztiak emakumeek zuzendutakoak edo sortutakoak dira. Saio gehienak 19:00etan hasiko dira Bilborock aretoan, eta sarrera doakoa izango da.

Elkarlanean antolatu dute zikloa Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren zinema batzordeak, Emakumeen Dokumentazio Zentroak eta Zinemakumeak Gara zine jaialdiak, eta Bilboko Udalaren laguntza izan dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimenaren helburua da erakustea “etorkinen begirada, bizipenak eta ekarpenak, eta bidean topatu dituzten zailtasunak irudikatuko dituzten ikus-entzunezkoak”.

Astelehenean abiatu zuten zikloa Bilborocken, Manzanas, pollos y quimeras dokumentalaren emanaldiarekin, baina, egitarauko ekimen gehienak martxoaren 25ean eta 26an izango dira. 25ean esaterako, Silvia Albert donostiarraren No es pais para negras antzezlana ikusteko aukera egongo da. Bakarrizketa gisa aurkeztutako lanean, Albertek emakume beltz europarren egunerokoa kontatzen du.

Eskola magistrala Leioan

Egitarauko egun nagusia martxoaren 26a izango da. Egun horretan, zikloa EHUren Leioako campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko auditoriumera joango da. 09:30ean, Paula Palacios dokumental egile espainiarrak dokumentalgintzaren inguruko eskola magistral bat eskainiko du. Palacios eskarmentu handiko dokumental egilea da, eta emakumeen eta migratzaileen berri eman izan du bere lanetan. Besteak beste, azaldu du nola bizi duten menopausia hainbat kulturatan eta asiloa eskatzen dutenek izaten dituzten zailtasunak Europara iristen direnean.

Palaciosen lanak ikusteko aukera ere egongo da. 19:00etan, Bilborocken, zinemagilearen Promesas que Halimo no puede cumplir eta La carta de Zhara film laburrak eskainiko dituzte. Egunari eta zikloari amaiera emateko, Bilborocken ere, De la invisibilidad a los derechos mahai ingurua antolatu dute. Paula Palacios bera, Augustine Kinkela Kongoko errefuxiatu politikoa eta Ane Garai CEAR Euskadiren ordezkaria arituko dira. Maya Amrane izango da moderatzailea.