“Bide guztiak agortuko ditut, atzetik datozenei begira bada ere”

“Bide guztiak agortuko ditut, atzetik datozenei begira bada ere”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Kartzelan ikusten du bere burua Pablo Haselek (Lleida, 1988). Zenbait kantutako eta txiotako hitzengatik bost urtez espetxean izango dutela “barneratuta” duela dio rap kantariak. Eta suminduta dago. Bere egoeraren eta “are injustuagoak” direnen berri ematen ari da han eta hemen, eta Bizkaian izango da egunotan.

Espainiako Auzitegi Nazionalak bi urteko espetxe zigorra jarri berri dizu. Zergatik?

Koroa eta estatuko segurtasun indarrak iraintzea eta terrorismoa goratzea leporatzen didate.

Eta zuk, zergatik uste duzu zigortu zaituztela?

Frogatuta dauden baina eurek ezkutatu nahi dituzten gertaera objetibo batzuk kontatzeagatik: preso politiko antifaxisten esistentzia, monarkiak edo poliziek egiten dituztenak, torturak… Europako giza eskubideen auzitegiak berak zigortu du Espainiako Estatua torturengatik. El Tarajaleko hilketak mahai gainean jartzeagatik ere zigortu naute, horren berri egunkariek ere eman zuten arren. Juan Carlos errege emeritoaren amoranteen isiltasuna diru publikoarekin nola erosi zen kontatzeagatik ere bai, Espainiako Estatuak Saudi Arabiara egiten duen arma trafikoa azaltzeagatik… Iritzi delitutik harago doa hau; gertaera objektibo batzuk kontatzeagatik zigortu naute, ez dira iritziak ere.

Bost urteko kartzela zigorra duzu guztira. Nolatan?

Bi urteko zigorrarekin batera, urtebetez isuna ordaintzera ere zigortu naute. 20.000 eurotik gorako isuna da. Ez dut hori ordaintzeko dirurik, eta izango banu ere ez nuke ordainduko, injustizia honi desobedientzia egiteko. Bestetik, beste bi urteko zigor bat dut 2014an jarri zidatena nire kantuen letrengatik, terrorismoa goratzea egotzita baita ere.

Bost urterako kartzela hitzengatik soilik?

Bai. Abestietako hitzengatik eta txioren batengatik. Zer miretsi eta zer ez ere inposatu nahi digute. Preso politikoak erresistentziaren adibide direla esan nuen. Hori ere objektiboa da, zeren, bere ekintzekin edo bere militantziarekin ados egon edo ez, espetxean oso baldintza gogorrak jasaten dituzte. Hori ere objektiboa da. Eta hori jasate hutsak erresistentziaren adibide bihurtzen ditu.

Ikusten duzu zure burua kartzelan?

Bai, barneratua dut zeren kasik ezinezkoa da Gorenak absoluzioa ematea. Errazagoa da zigorra are gehiago gogortzea. Abestiak egiteagatik 2011n lehenengoz atxilotu nindutenetik argi izan dut lehenago edo beranduago espetxeratu egingo nindutela. Eta bi urteko lehen zigorra jarri zidatenean banekien nire bila itzuliko zirela ez nuelako atzera egin. Nire bila bueltatzea eta guztira bost urteko espetxe zigorra ezartzea izan da haien mendekua.

Baduzu helegiterako aukerarik?

Auzitegi Gorenera joko dut baina absoluzioa ia ezinezkoa da eta zigor irmoa etorriko da. Orduan sartu beharko dut espetxera. Ondoren aurkeztuko nuke helegitea Konstituzionalean eta Estrasburgon. Baina ordurako kartzelan nengoke.

Bide guztiak agortzeko asmoa duzu halere?

Bai, bai. Bide guztiak agortuko ditut, atzetik datozenei begira bada ere. Zeren, zoritxarrez, ez gara azkenak izango.

Nola daramazu bost urtez preso egongo zarela pentsatze hori?

Oso gogorra da. Inpotentzia handia sentitzen da, amorru handia eta tristura handia ere bai. Tristura, ez soilik injustiziagatik eta maite dituzunengandik urrunduko zaituztelako, baizik eta, elkartasuna badagoen arren, halakoen aurrean ez dagoelako herriaren erantzun sendo bat. Eta ez naiz ari nire auziari buruz bakarrik, baizik hau bezain injustuak edo are injustuagoak diren beste hainbat kasuri buruz. Horrek, espetxeak berak baino tristura handiagoa eragiten dit: kaleetan falta den antolakuntza iraultzailea, borroka falta… Baina tira, gogorra den arren, duintasunak, kontzientzia lasai izateak eta egin dudanaz harro egoteak aurrera egiten laguntzen dit. Eta jakiteak honek balioko duela pertsona askok begiak zabaldu eta kontura dadin hemen ez dagoela demokraziarik, egia kontatzeagatik ere kartzelara zigortzen zaituztela. Ni alde on horrekin geratzen naiz, hori baita nire kontsolagarria: espetxean egongo naizen egun bakoitzeko pertsona gehiagok hartuko dutela kontzientzia.

Uste duzu jendea ez dela ohartzen gertatzen ari denaz?

Ez guztiz. Gero eta gehiago bai, baina monarkiak egiten duena salatzeagatik kartzelara joatea… Hain da basatia, kaleek masiboki beteta egon behar luketela. Adierazpen askatasuna guztioi eragiten digun oinarrizko printzipioa da. Egiten dira protesta batzuk, elkartasun adierazpenak badaude, baina agerikoa da ez direla nahikoa, Espainiako Estatuari oso merke ateratzen ari zaiolako gu espetxean sartzea iritzia emateagatik. Guztioi eragiten digu eta bihar edonori tokatu ahal zaio.

Alda daiteke hori nolabait?

Norberak bere aletxoa jarrita, autokritika egin eta aztertuta ea norbera nahikoa egiten ari den halako injustiziak saihesteko. Borroka luzea izango da, ahalegina eta konpromisoa eskatzen dituena arazoaren sustraira iristeko. Erregimen hau sostengatzen dugun artean izorratuta egongo gara modu batean edo bestean.

Zergatik areagotu dira adierazpen askatasunarekin lotutako zigorrak? Azken urteetan zigor asko izaten ari dira.

Erregimena urduri dagoelako duen zilegitasun krisiagatik. Gero eta pertsona gehiago konturatzen ari dira hau ez dela benetako demokrazia. Errepresioa areagotu dute jendea izutzeko eta geldiarazteko. Guzti honekin autozentsura inposatu nahi dute.

Lortzen ari da autozentsura?

Bai. Errepresioa ezartzen dute zerbait irabazen dutelako; bestela ez lukete egingo. Badaude beldurragatik protesta hori utzi dutenak. Baina, beste alde batetik, jende gehiago ezagutzen ari da gertatzen ari dena. Hau da, isilarazteko saiakera horretan, bozgorailua ematen digute. Ni alde on horrekin geratzen saiatzen naiz, horrek laguntzen baitit errepresioaren gogortasun hau jasaten. Gure mezua zabaltzen laguntzen digu, baina pertsonalki oso prezio altua ordainarazten digu.

Bizkaira zatoz hitzaldiak ematera. Zer lortu nahi zenuke?

Guztion artean eztabaidatzea errepresio honi nola aurre egin, zeren batasunetik eta antolakuntzatik sortzen da indarra. Errepresio guzti hau ez zaiela doan atera ikusi nahi nuke; guk garesti ordaintzen dugun bezala, eurek ere ordaindu beharko dutela: hurrengo, norbait iritzia emateagatik espetxeratu nahi dutenean, bi aldiz pentsatu dezatela. Hori lortu nahi nuke.