“Baikorregia da euskal gizarteari buruz daukagun ikuspegia”

“Baikorregia da euskal gizarteari buruz daukagun ikuspegia”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Orri batean mapa bat marrazten hasi da Aitor Urresti, EHUko Energia Berriztagarrietako irakaslea (Bilbo, 1975): “Ea, has gaitezen zenbatzen”. Puntu bat egin du, Bizkaiko Zierbena herria irudikatzeko. “Bahia de Bizkaia Gas gasifikadora”. Beste puntu bat egin du haren ondoan. “Bahia de Gas elektrizitate etxea”. Zerrenda egiten jarraitu du. “Santurtziko Ziklo konbinatuko zentral termikoa”. Beste puntu bat mapan. “Boroako zentral termikoa, Petronor, Gabiota, Gatika”. Gelditu egin da, eta marrazkia mutur batetik bestera zeharkatzen duen marra bat egin du. “Hemen, Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea elektrikoa joango da”. Zirriborrora begira geratu eta galdera jaurti du: “Honetan guztian, non geratzen dira gure lur berdeak?”.

Zeri erantzuten dio Gueñes-Itsaso goi tentsioko lineak?

REE Red Electrica Española enpresak bi arrazoi ematen ditu bere txostenean, Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea justifikatzeko: batetik, dauden murrizketa teknikoak gainditu behar direla; bestetik, beharrezkoa dela nazioarteko konexioa indartzea. Interkonexioaren arrazoi hori itzalean geratu da, bigarren plano batean. Baina beharrezkoa da lehen planora ekartzea. Azalduko dut zergatik: oraintxe bertan dagoen sare elektrikoarekin, Kantabriatik, Burgostik, Gipuzkoatik zein Lapurditik datorren elektrizitate guztiak Gatikatik pasa behar du. Gueñes-Itsasoko linea egiten bada, Gatikara doan sare elektrikoa murriztu egingo da.

Hor dago gakoa: Gueñes-Itsaso goi tentsioko linearen egitasmoak kasik hogei urte beteko ditu, baina 2011n lozorroan utzi zuten proiektua, 2015ean berriz atera zuten arte. Zer gertatu zen orduan? Bada, Gatika eta Cubnezais goi tentsio bidez lotzeko egitasmoak indarra hartu zuela. Horregatik azkartu dute Gueñes-Itsaso proiektua ere.

Elkarri lotuta doaz, hortaz, Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea eta Gatika eta Cubnezais arteko itsaspekoa?

Bai, lotuta doaz egitasmo biak. Orain, bi aukera daude elektrizitatea Gipuzkoara eta Frantziara bidali ahal izateko: Gatikatik Hernanira doan saretik egin, edo Itsasoko saihesbidea erabili: hau da, Gatikatik Itsasora bidali, eta handik Hernani eta Frantziako sarera lotu. Zer gertatzen da? Gatika eta Cubnezais arteko goi tentsioko linea egiten bada, Gatikako azpiestazioa saturatu egingo dela, eta ez dela gaitasun nahikorik egongo Gipuzkoara eta Frantziara elektrizitatea bidaltzeko.

Hor sartzen da Gueñes-Itsaso linearen eraikuntza.

Gueñes-Itsaso linea eginez gero, Gipuzkoara bidali beharreko energiak ez luke Gatikako estazio elektrikotik pasatu beharko, eta horrela libreago utziko litzateke Frantziarekin egin nahi den elektrizitate truke horretarako; alegia, Gatika eta Cubnezais arteko interkonexioa ahalbidetzeko.

Abiadura Handiko Trenarentzat beharrezkoa da Gueñes-Itsaso arteko linea?

REEk txostenetan dio Gueñes eta Itsaso arteko azpiegitura AHTa energiaz elikatzeko behar dela. Baina hori ez da egia. AHTrako beste elektrizitate linea bat dago aurreikusita, askoz ere tentsio baxuagokoa —120 kW-ekoa, gutxi gorabehera—. Gainera, AHTarentzat Gasteiz, Hernani eta Zornotzako Luminabaso ingurunean aurreikusten dituzte estazio elektrikoak. Egitasmoak ez datoz bat.

REEk txostenean aipatzen du energia berriztagarriak ere bultzatuko dituela.

Gatika eta Cubnezais arteko goi tentsioko linearen egitasmoan eta Gueñes-Itsaso bitartekoan, bietan erabitzen dute segurtasun energetikoaren argudioa eta energia berriztagarriak bultzatzeko nahia. Baina helburua energia berriztagarri gehiago lortzea bada, ez genituzke Frantzia eta Bizkaia lotuko; alegia, Europako herrialderik nuklearrena eta energia berriztagarri gutxi dituen herrialdea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %7 besterik ez da berriztagarria. Datu horiek aintzat hartuz gero, argudio horrek ez luke indarrik izango.

Inportatuko den energia nuklearra den ala ez ere ez da ziurtatzen?

Badakizu zer dagoen Cubnezais aldamenean? Blayais izeneko zentral nuklearra. Hortaz, zein izango da Gatikatik, Lemoizeko zentral nuklearrerako eraiki zen azpiegituratik, iritsiko zaigun energia mota? Nori bururatzen zaio, zentral nuklearraren aurka izan zen mugimendu eta borrokaren ondoren, azpiegitura hori erabiltzea beste zentral nuklear batekin konektatzeko? Uste dut pasatu egin direla.

Aldeko argudioek diote elektrizitatearen prezioa jaitsi egingo dela.

Katalunian ere egin zen halako interkonexioa, Pirinioak zulatuz eta kableak handik sartuz. 2015aren bukaeran inauguratu zuten lana. Bada, 2015eko eta 2016ko Frantziako eta Kataluniako datuak alderatuz gero, ez da inolako aldaketarik egon. Berez loturak konexioa bikoiztu duen arren, prezioek berdin jarraitzen dute. Baina, bestalde, interkonexioaren ondoren, Katalunian sei aldiz handiagoak dira parke eolikoei jarritako murrizketak. Hortaz, prezioen eta berriztagarrien argudioak erori egiten dira.

Zergatik herrialdeak elkar lotzeko joera?

Europako Batasuna aspaldi ari da aipatzen interkonexioaren beharra, mantra bihurtzeraino. Helburuak ere finkatu dituzte: 2020. urterako herrialde batetik besterako argindar loturak %10era iristea nahi dute. Baina neurri horrek baditu bere ertzak: gomendioa da, ez betebeharra. Gainera, kalkulua egiteko instalatutako produkzio gaitasunean oinarritzen dira, eta ez urteko kontsumo elektriko errealean. Europako herrialde gehienetan instalazioak eta kontsumoak nahiko bat datoz, baina iberiar penintsulan behar dena baino bi aldiz gehiago sortzen da. Zentzurik ba al du, orduan, produkzio gaitasunaren adierazlea erabiltzeak, gerora kontsumitzen ez bada?

Joera aldatu egingo dela diozu.

Europako Batzordeak ere kritikatu du adierazle hori erabiltzea. Hainbat herrialdek energia berriztagarriak sartu dituzte sare elektrikora, baina ez dituzte zentral elektrikoak itxi. Horren ondorioz, desoreka sortzen da, herrialdeek ez baitute sortzen den guztia erabiltzen, nahiz eta energia sortzeko gero eta instalazio gehiago egon. Horregatik ari dira berriz pentsatzen 2030. urtera begirako helburuak. Ziurrenik, hor adierazleak aldatuko dira: instalatuta dagoen potentzia neurtu beharrean, urtero kontsumitzen den energia kopurua aintzat hartuko da, eta, hori aldatuta, interkonexioek ez dute zentzurik izango.

Orain aurkeztu dute Gatika-Cubnezais arteko goi tentsioko obra, eta berehala hasiko dira Gueñes-Itsaso artekoa eraikitzen. Ezkorra al da panorama?

Gatika eta Cubnezais arteko proiektua hasi besterik ez da egin; azpiegitura zalantzan jar liteke, baita Bruselan ere. Han ere hasi beharko da presioa egiten, azpiegitura eraiki ez dezaten. Nolanahi ere, REE dena azkartzen ari da, aurreikusten duelako egitasmoak aurkako jarrerak sortu ditzakeela, eta egitasmoa birpentsatu daitekeela, Europara iristen bada. Trantsizio energetikoa nola egin berriz pentsatzen ari dira Europako Batasunean. Horregatik diot denborak garrantzia duela. Ni baikorra naiz: lehenengo dorrea jartzen ez den bitartean, gauza asko egiteko aukera dago.

Beraz, norabidea aldatzeko aukera badago?

Bai, baina, edonola ere, uste dut baikorregia dela Euskal Herriko gizarteari buruz dugun ikuspegia: uste dugu berdeenak garela, eta aurrerakoienak; lurraldea gehien maite dugunak. Baina datuak aztertzean konturatzen zara ez dela horrela. Energia ereduari buruzko hitzaldiak ematen ditudanean, sarritan galdetzen dut: nola uste duzue gaudela berriztagarriei dagokionean, inguruko lurraldeak baino hobeto ala okerrago? Jendeak hobeto gaudela erantzuten dit, baina ez, usteak uste, askoz ere okerrago gaude: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, kontsumitzen dugun energiaren %7 besterik ez da berriztagarria. Iberiar penintsulan, adibidez, %17an dago ehuneko hori.

Hortaz, energiaren ekoizpen ereduan jarri behar da mira?

Beharrezkoa da makroazpiegiturak alde batera utzi eta ditugun beharren araberako egitasmoak pentsatzea, tokian tokiko kontsumoari begiratuta eta eredu deszentralizatuagoetan oinarrituta. Energiaren Euskal Erakundea eta Jaurlaritza etengabe ari dira esaten energia berriztagarriak ez direla seguruak, eta gas naturalaren aldeko hautua egin behar dela horregatik. Ziur gaude seguruagoak direla kanpotik ekartzen diren energia iturriak eskura ditugunak erabiltzea baino?

Jaurlaritzak ez du energia berriztagarrien aldeko lan nahikorik egiten?

Erakundeetatik ez dago interesik berriztagarrietan inbertitzeko. Legebiltzarrean, orain ari dira jasangarritasun energetikoaren legea lantzen, eta ikusiko dugu zertan geratuko den. Edonola ere, argi dago ez dagoela horien alde egiteko bultzada politikorik. Udaletxeetan, aldiz, bestelako joera nabari da. Udala zenbat eta txikiagoa izan, gero eta interes handiagoa dute energia berriztagarrien auzian.

Halako egitasmoek lurraldea egituratzen dute?

Jakina egituratzen dutela. Gueñes-Itsaso goi tentsioko lineak alde batetik bestera doan arrakala bat eragingo du: Bizkaia eta Gipuzkoa erabat zatituko ditu. Gueñesen izan ezik, dorreak eta kableak jarriko dituzte goi tentsioko kableak gurutzatuko dituen herrien kanpoaldean; hain zuzen, aberastasun ekologikorik handiena daukaten zonaldeetan. Ganekogorta, Artxanda, Gorbeia ingurua, Urkiolako Parke Naturalaren zonaldea… Horrek guztiak gure lurraldea taxutzen du. Eremu honetan euskal erakundeek ez dute hitzik, Madrilgo Gobernuak duelako azken erabakia. Berez, azken baimenaren zain daude, eta egun batetik bestera has daitezke lanean. Egia da ezin dutela ezer egin, baina, aldi berean, gauza asko egin daitezke.

Adibidez?

Haustura hidraulikoa da adibiderik argiena. Eusko Jaurlaritzak, berez, ezin zuen ezer egin egitasmoaren aurka, Espainiako Gobernuaren konpetentzia zelako soilik. Baina zergatik ez dago Armentia-1 putzua zulatuta? Gasteizko Udalak ez zuelako obrak egiteko baimenik eman. Horregatik diot oraingo honetan ere asko dagoela egiteko, edo, behintzat, bide asko daudela eraikuntza lanak ez errazteko. Gueñes-Itsaso linea zeharkatzen duten herrietako udal gehienak daude goi tentsioko linearen aurka, eta Gatikako Udala ere Gatika eta Cubnezais arteko goi tentsioko linearen aurka azaldu da oraintsu. Jaurlaritzak neurriak har ditzake.