Musika bizi den lekuen jaia

Musika bizi den lekuen jaia

Natalia Salazar Orbe

Herritarrek herritarrentzat herrian berton sortutako musika jaialdia. Horixe da Lekuek festibala. Gernika-Lumoko bazter guztietara musika estilo ugari eta haiekin lotutako bestelako jarduerak eramango ditu, aurten ere jaialdiak, bihar hasi eta datorren astera bitartean. Kartelean oihartzun handia egin dezaketen talde edo artistez gain, egitarauan lekua egin diete euren lana ezagutzera emateko aukera behar duten musikariei zein eskualdeko artistei.

Topaketak kartel betea dakar. Kaliforniatik (AEB) The Reverend Shawn Amos ekarri dute. Halaber, lortu dute El Inquilino Comunista taldeak —berriz ere elkartuta— ematen dituen kontzertu gutxietako bat eurenean egitea. Antolatzaileek El Niño de Elche ere nabarmendu dute. Dokumentalak, erakusketak eta tailerrak ere izango dira, besteak beste.

Bateko eta besteko artistek harrera ona izango dute, etxeko giroan. Ezaugarri bereziak baititu jaialdiak. Hala azaldu du Usoa Uribek, antolaketa lanetan ari den kideetako batek: “Jaialdiaren izaera bera da nabarmentzekoa: oso txikia da, merkatuko logika nagusietatik kanpo dago. Eta autogestionatua da”.

Herrian duela dozena bat urte hasi zen mugimendu kultural oso indartsu batek jarri zituen geroago loratu den topaketaren haziak. Musikazaleek entseguak egiteko zituzten zailtasunei aurre egiteko sortu zuten Trinkete antitxokoa. Iparragirre Rock elkarteak ere autogestioa darabil, eta Astrak ere antzera: sorkuntza lantegi bilakatu dute arma lantegi zena. “Proiektuon atzean gaudenok era horretako balioetan sinisten dugu. Jaialdia ez genuen irabazi asmoz egin. Herrian dagoen musika kultura handia kontuan hartuta, batekoak eta bestekoak elkartu ginen, eta pentsatu genuen, bakoitzak bere aldetik jardun beharrean, guztiok elkartu eta jaialdi bat antola genezakeela”. Hala sortu zen Lekuek Festibala.

Agertoki nagusiak Trinkete antitxokoa, Iparragirre elkartea eta Astra izango dira. Lizeo antzokian ere egingo dituzte kontzertu eta emanaldi batzuk. Azkenik, zenbait tabernatan kontzertu akustikoak hartuko dituzte.

Musika doinuez haragoko jarduerak ere izango dira: besteak beste, disko azoka bat egingo dute Juan Kaltzada kaleko zenbait tabernatan. “Etxean biniloak dituztenek ekarri eta saldu egiten dituzte. Disko onak aurki daitezke, eta oso prezio onean”.

Berritasunik ere izango da jaialdiari izena ematen dioten agertokiei dagokienez. Ibon RG artistak Astra ondoan dagoen gerra bunker batean emango du kontzertua. “Hunkigarria izango da, bunkerrak bereziki gernikarrontzat dituen konnotazioengatik”.

Leku bakoitzak bere estiloko musika eta saioak hartuko ditu: Undergrounda, rocka, bluesa… Orain arte ez bezala, gainera, aurten metal estiloari ere lekua egin diote. “Gernikan ez dago metal musika lantzeko aretorik. Metal Fabrika izeneko taldeak ekarriko du, eta, noski, pozik zabaldu dizkiogu ateak euren estiloari ere”. Jaialdia iragartzeko kartelak berak ere aniztasun hori jaso du: denetarik hartzen duen espazioa irudikatu du Angela Lopez eskualdeko sortzaileak.