Itsasoaren mugak zeharkatzera

Itsasoaren mugak zeharkatzera

Natalia Salazar Orbe

Itsasoaren edertasuna eta zabaltasuna alde batean. Kolore biziak, erakargarriak, askatasunaren eta lasaitasunaren mezulari. Itsaso horren beraren oldarkortasuna eta arriskuak beste aldean. Ezezaguna ezagutu eta desafioei aurre egiteko grina duten emakume eta gizon ugarik jo dute itsasora helburu anitzen bila. Gizakiaren esfortzu hori eta talde lana agerian utziko dituzten esperientziaz josita iritsi da, aurten ere, Sail In Festival, Bilbora. Atzo abiatu zuten, eta, igandera bitartean, filmak, hitzaldiak eta ikastaro edo eskolak egingo dituzte.

Denetariko istorioak ezagutzeko aukera izango dute egunotan jaialdiaren agertoki diren BBK aretora zein Itsasadarra Itsas Museora joaten direnek. Susie Goodall izeneko emakumeak aurten gauzatu nahi duen abenturaren berri izango dute, besteak beste. Historian behin soilik lortu den erronkari ekingo dio beste nabigatzaile batzuekin batera. Robin Knox-Johnstonek 1968. eta 1969. urteen artean bira eman zion munduari belaontzian, geldialdirik egin gabe eta bakarka. Sunday Times Golden Globe lasterketaren barruan gauzatu zuen desafio hura; eta irabazi egin zuen. Orain, Don Mcintyre nabigatzaile australiarrak berriz antolatu du Golden Globe Race. 27 urte ditu bertan parte hartuko duen Goodallek. Hiru urte zituenez geroztik nabigatzen du. Hala, ondo baino hobeto daki erronka horretan abiatzeak ekarriko dizkion desafioak. GPSrik eta tresna modernorik gabe nabigatu beharko dute lehiakideek, duela 50 urte bezala. 300 egun emango dituzte itsasoan. Antzinako garaietako esploratzaileen antzera, ontzian dituzten ekipamendua eta hornigaiak besterik ez dute izango bidaia osoan. Susie Godall in the Golden Race 2018 lanean emango dute desafioaren berri.

Ume batzuen berezko jakin-minak eta ikasteko grinak harilkatuko du hurrengo istorioa. Lau umek eta haien gurasoek osatutako familia batek Ipar Atlantikoko espazio basatiak esploratzeari ekin zion bederatzi metroko belaontzi baten barruan. Ipar zirkulu artikotik haragoko espazioak ezagutu zituzten. Live Simply filman jaso dituzte familia hark lau udalditan izan zituen bizipenak. Nicolas Fabbri familiako aitak egin zuen filmeko istorioa, eta umeen ahotsetan ezagutuko dute bisitariek.

Bosgarren jaialdia

2014an jarri zuten martxan Sail In Festival. Belaontzien nabigazioaren iragana, oraina eta etorkizuna hedatzeko eta diziplina horren balioak helarazteko agertokien gabeziari aurre egiteko ezinbesteko proiektu gisa sortu zuten, antolatzaileek eurek azaldu duten bezala. Ibilbide horretan itsasoarekiko gizakiaren harremana ezagutzera eman duten istorio eta jardunaldi mordoa egin dituzte.

Bide horretatik jarraitu dute aurten ere. Eta berritasunak ere gehitu dizkiote topaketari. Sail Inn Pro profesionalentzako jardunaldia egin zuten atzo, jaialdiari hasiera emateko.

Sail In Class atalak ere ez du hutsik egingo. Prestakuntzara bideratutako hainbat proposamen ekarri dituzte jaialdira. Itsasadarra Itsas Museoan egingo dituzte, baina izena eman ez duenak ez du lekurik aurkituko. Izan ere, horren berri eman eta 48 ordura amaitu zituzten leku guztiak.

Zenbaki gordinei erreparatuta, bela nabigazioaren kulturari eskainitako hogei jarduera eta hamabost hizlari baino gehiago elkartuko ditu jaialdiak.

Bestalde, Sail In Tribute saria Loick Peyroni emango diote. Ozeanoko estropadalari ospetsuaren lana eta karisma sarituko dituzte hala.

Abentura txikiak zein handiak eta bakarkako zein taldeko nabigazioak, denek dute lekua Bilbo itsasoaren hiriburu bihurtu duen jaialdiaren barruan. Oihalen indarrek bultzatuta egingo ditu topaketak igandera arteko ibilbidea osatzen duten korapiloak.