Herriaren ezetza, aho batez

Herriaren ezetza, aho batez

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gatika eta Cubnezais (Frantzia) goi tentsioaren bidez lotzeko egitasmoari buruzko hamaika dokumentu eta txosten irakurri ondoren, esaldi bakarrean laburtu du Isusko Alboniga gatikarrak atera duten ondorioa: “Azpiegitura egin nahi dute, baina datuek argi azaltzen dute ez dela behar”. Iazko urriaren 24an izan ziren REE Red Electrica Españolako ordezkariak Gatikan, herritarrei goi tentsioko lineari buruzko informazioa emateko, eta berehalakoa izan zen herritarren kontrakotasuna: auzokideek, bat egin, eta Gatikan Autopista Elektrikorik Ez plataforma sortu dute, egitasmoa bertan behera utz dezatela eskatzeko.

Jarrera irmoa dute plataformako kideek, hasieratik. “Plataforma sortzean argi azaldu genuen egitasmoa gelditu egin behar dela eta ez dugula tarteko aukerarik negoziatuko. Ez dugu eztabaidatuko goi tentsioko lineak lurpetik ala airetik joan behar duen”. Bestelako egoerarik ez dute buruan Gatikan Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideek. Hala azaldu du Albonigak: “Egitasmoa ez da eraikiko. Ez Gatikan, ez inon”.

Herritarrak eta udala, batera

Lau hilabete igaro dira REEko kideak herrian izan zirela, eta gelditu gabe aritu dira ordutik herritarrak. “Gatika, herri gisa, egitasmoaren aurka azaltzea nahi genuen hasieratik”. Baita lortu ere. Etxez etxe egitasmoaren kontrako alegazioak biltzen aritu dira azken hilabeteetan, eta, orotara, 10.000 aurkeztu dizkiote REE enpresari.

Aho batez erantzun diote goi tentsioko lineari herritarrek, eta jarrera bera hartu du udalak ere: interkonexio elektrikoaren aurkako adierazpen instituzionala onartu, eta alegazio propioa aurkeztu dio REE enpresak idatzitako aurreproiektuari. Albonigak azaldu duenez, udal gobernuarekin elkarlanean ari da plataforma.

Europako Batasunak “interes orokorreko egitasmo” gisa izendatu zuen Gatika eta Cubnezais arteko goi tentsioko egitasmoa, eta izendapenak zuzenean eragiten du obraren eraikuntza prozesuan. Izan ere, Europako Batasunaren araudiak jasotzen duenaren arabera, halakoetan derrigorrezkoa da proiektua garatuko den herrietan zein aldamenekoetan herritarren parte hartzea bermatzeko baliabideak jartzea. “Europako legeen arabera, herritarrekin batera adostu behar dute proiektua”.

Besteak beste, neurri horri erantzuten diote Laukizen, Maruri-Jataben, Mungian, Lemoizen, Bakion eta Gatikan egin dituzten aurkezpenek. Baina legea eta tranpa elkarri lotuta ikusi dituzte gatikarrek parte hartze prozesuan. Alboniga: “Adarjotze hutsa da. Espainiako Energia Ministerioak parte hartze prozesuaren kudeaketa prozesua REE enpresaren esku utzi du: goi tentsioko linea eraikitzeko ardura duen enpresa berari eman dio ardura”.

Justifikaziorik gabekoa

REEk kaleratutako txostenaren arabera, energia transformatzeko estazioa egingo dute Gatikan, eta handik hamar kilometroko ibilbidea egingo dute goi tentsioko kableek lurpetik eta airetik, Lemoizko kostaldera iritsi eta bertan itsasoratzeko. “Lemoizko zentral nuklearraren azpiegitura gure herentzia da. Hortik dator hau ere: Lemoiztik Gatikara bitarteko elektrizitate sarea eraiki zuten, eta, erabili ez zen arren, lana errazten die horrek. Gauza bera lur-jabeei dagokien auziarekin: bere garaian desjabetu zituzten lur horiek guztiak eskuratzea errazagoa zaie orain”.

Goi tentsioko linea egiteko arrazoirik ez dagoela nabarmendu du Albonigak. “Energiaren faktura merkatuko dela diote, baina REEko ordezkariek ere aitortu ziguten guri ezinezkoa dela halakorik baieztatzea, erabaki horietan merkatuak agintzen duelako”. Goi tentsioak osasunean eragin ditzazkeen kalteak ere izan ditu hizpide: “OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak egindako azterketek azaltzen dute goi tentsioak osasun arazo larriak sortzen dituela”. Argi dio gatikarrak: ez dago azpiegitura egiteko justifikaziorik. “Frantziak eta Iberiar penintsulak, biek dute energia gaitasuna behar baino handiagoa, eta, azken urteetako datuen arabera, kontsumoa beheranzko joeran ari da. Halako megaproiektuak egiteak ez du zentzurik”.

Egitasmoa bertan behera utzi arte lanean jarraituko dutela azaldu du Albonigak. Norabide horretan, datozen hilabeteetarako egingo dituzten urratsak zehazten ari dira plataformako kideak orain. Oro har, bizkaitarrek ez dute egitasmoaren berririk, eta informazioa zabaltzeari berebiziko garrantzia emango diote horregatik. Bien bitartean, Aragoin eta Katalunian dauden goi tentsioko azpiegituren kontrako taldeekin harreman zuzena dute gatikarrek, baita Gueñestik Itsasora (Gipuzkoa) doan goi tentsioko linea elektrikoaren egitasmoaren aurkako plataformarekin ere. “Egoera larriagoa dago han. Helegite guztiak atzera bota, eta eraikuntza lanak hasteko zorian daude han”.