Erribera “biziberritzeko” asmoz, Vicinay eraikina okupatu dute

Erribera “biziberritzeko” asmoz, Vicinay eraikina okupatu dute

Asier Arrate Iruskieta

Bilboko Udalak Zorrotzaurrerako pentsatua duen hirigintza planaren zain ez egotea erabaki dute Erriberako auzotarrek. Auzoak duen “espazio falta eta zerbitzu gabezia larriak” bultzatuta, Vicinay Cadenas enpresaren bulegoen eraikina okupatu dute. Eraikina “erakundeen utzikeriatik erreskatatu” dute, eta, azaldu dutenez, “erabilera soziala eta kulturala” ematea dute asmo. Erriberak bizi nahi du auzo mugimenduan batu dira, eta eraikina edukiz betetzen hasi. Bizinahi izena eman diote proiektuari.

Erriberan daude Vicinay enpresaren bulegoak, eta otsaileko lehen astetik hutsik daude. Auzokideek jakinarazi dutenez, enpresako ateak itxi bezain pronto, hainbat pertsona sartu ziren eraikinera “baliozko gauzak” hartzera. Salatu dute “lapurreten ondorioz” eraikinaren egoerak okerrerantz egin zuela. Eraikinaren “suntsiketa” ekiditeko asmoz, otsailaren 11n auzotarrek bertara sartzea erabaki zuten.

“Ez genekien ziur noiz hustuko zituzten bulegoak, baina, jendea sartzen ikusi genuenean, ez genuen birritan pentsatu”, azaldu du Nerea Olaziregi auzo mugimenduko kideak. Okupatzea zela euren aukera bakarra dio Olaziregik, bestela “beste hainbatekin gertatutakoa” gerta zitekeela: “Eraikinak erosi ostean, hutsik geratzen dira; horren ondorioz, jendea sartzen da lapurtzera, eta oso egoera txarrean uzten dituzte”. Azaldu duenez, bulegoen eraikinaren “hondamendia” ekiditeko “okupatzea eta bizi berri bat ematea” erabaki zuten.

Atzerapenak eta aldaketak

Vicinayren okupazioarekin auzotarrek salatu nahi dute Erriberako beste hainbat eraikinetan gertatutakoa: “Maiz ikusi dugu eraikin bat erosi ostean udalak hondatzen utzi duela”. Izan ere, Erribera auzoa eraldatzeko proiektuak ibilbide luzea egin du, eta hainbat atzerapen eta aldaketa izan ditu. 2004an aurkeztu zuen Bilboko Udalak lehen proiektua, baina, ordutik, ez da ezer eraiki; aldiz, hainbat eraikin eta pabiloi eraitsi eta hustu dira.

Zorrotzaurreko planak zehazten duenaren arabera, Vicinayren eraikina babestuta dago, eta ez dute eraitsiko, Erriberan dauden beste 19 eraikin bezala. Vicinayren bulegoak zeuden eraikina 1946. urtean eraiki zuten Bilboko artxibategia gordetzeko. Ricardo Bastida arkitekto bilbotar ospetsuak diseinatu zuen. Udalaren plana da eraikinean Lanbide Heziketako zentro bat jartzea. Auzo elkarteko kideek salatu dute proiektua martxan jarri arte eraikina “abandonatuta” geratuko dela.

Elkarteak deitoratu du Zorrotzaurreko hirigintza planeko batzordea osatzen duten erakunde publiko eta pribatuen jokabidea: “Eraikin hondatuak, gutxiengo baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak, gizarte zerbitzurik eza, alokairuen garestitzea eta zenbaitetan segurtasun arazoak ezkutatzen dira Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak, Portuko Agintaritzak, Inmobiliaria Margen Derecha SA-k eta Vicinay Cadenas SA-k Zorrotzaurren martxan duten hirigintza eta marketin operazioaren atzean”.

Auzotarrentzako espazioa

Auzo elkartearen helburua ez da soilik Erriberako eraikinen egoera salatzea. Eraikina okupatu eta atontzearekin batera, erabilera publikoko espazio bilakatu nahi dute. Azaldu dutenez, bi urte daramatzate udalari eskatzen auzo elkartearen ekintzak gauzatzeko espazio bat. “Udalaren asmoa ez da auzoarentzako gauzak egitea”, azaldu du Olaziregik, “euren helburua Zorrotzaurreren plana aurrera eramatea da, eta plan horretan ez dago espaziorik auzoarentzat edo auzotarrentzat”. Auzo elkartekoa ere baden kidearen arabera, udalak “behin baino gehiagotan” aipatu die auzotarrei Zorrotzaurreko planean espazio publiko bat gehitzearen aukera. Hala ere, azaldu du inoiz ez dietela “plan zehatzik” aurkeztu. “Zain egon ostean erabaki genuen geure kabuz egin behar genuela aurrera”.

Otsailaren 11n erabaki zuten jauzia eman eta eraikina okupatzea. Olaziregik kontatu duenez, “adin eta sentsibilitate ezberdineko hainbat auzotar” sartu ziren eraikinean. Panorama zein zen ikusi ostean, eraikina atontzeko asmoz, garbitasuneko eta lanerako tresnekin itzuli ziren. “Eraikina barrutik ondo zegoen, baina aurreko egunetan lapurretara joandakoek hankaz gora utzi zuten”, azaldu du auzo mugimenduko kideak. Ordutik hona, lanean aritu dira, eta dagoeneko eraikina garbitu eta txukundu dute. Bizitako esperientzia goraipatu du Olaziregik: “Polita izan da auzolanean eta modu naturalean egindako lana”. Orain, eraikinaren erabilera zehaztea falta zaie. Lehen batzarra aurreko astean egin zuten, eta 50 lagun bildu ziren.

Astelehenean, espazio berriko lehen ekintza egin zuten: zumba ikastaroa. Hala ere, Olaziregik azpimarratu du prest dituztela hainbat proiektu. “Batzuk okupazio aurretik zeuden martxan, baina, espazio mugak zirela eta, okupatutako eraikinera mugitu ditugu”. Beste proiektu batzuk ere badituzte buruan: “Bizikletak alokatu, gorde eta konpontzeko proiektu bat prestatzen ari gara; liburutegia, ortua, ludoteka…”. Auzo elkarteko kideek nabarmendu dute orain duten erronka “espazioa ekintzez betetzea” dela.

Ekintza agenda oparo bat osatzeko denbora behar badute ere, Olaziregik argi utzi du “ilusioa eta gogoa” ez zaiela falta. Oraingoz, gelditu barik dabiltza lanean auzokideak, eta ez dute epe luzerako plan zehatzik. “Beste aukera bat izan arte, eraikin honi bizitza ematen jarraituko dugu”.