Bihotz hila

Igor Elordui Etxebarria

Bihotz hila, horixe eragin didate aurreko asteko hiru gertakarik, eta nekez topatuko dut berba egokiagorik sorrarazi didaten tristura eta atsekabea adierazteko. Are handiagoa, gainera, hain desberdinki tratatu direnean iritzi publikoa deritzon horren partetik (iritzitik gutxiago eta publikatutik gehiago duen horren partetik).

Iragan asteartean jaso nuen lehen albistea, Spartak futbol-taldeko milaka ultra nazi etorriko zirela-eta zenbait hedabide eta botere publiko hauspotzen ari ziren psikosiaren ingurumarian: Cabacas auziko fiskalak ez du delitu zantzurik ikusten duela (laster) sei urte gertatutakoan. Eta, deliturik ez dagoenez gero, errudunik ere ez ei dago. Hamaika lerroko idazki laburrean adierazi du fiskalak bere ustea, eta dozena erdi lerrokadatan ebatzi dute hedabideek berria. Arrakala berri bat Fina eta Manuren bihotz urratuetan.

Bigarren albistea handik bi egunetara: Inocencio Alonso ertzaina hil zen partida hasi aurretik San Mameseko zabaldegian izan ziren liskarren erdian. Bihotz-barrunbeak astindu zizkidan haren bihotzekoak eta, hain zuzen ere bihotzekoak eman ziola jakitera orduko, nire lehenbiziko bulkada izan zen —neurea eta guztiona, pentsatzen dut—, galdetzea: Nola hil da? Noren erruz? Madarikatzen dut Herri Nortek bota zuen bengala batek hil zuela zabaldu zuen bihotz-beltza. Eta madarikatzen ditut hain asmo makurrez bidalitako mezuari intentzio bertsuaz men egin zioten fake-kazetariak. Ez baita berdina sendi eta lagunen bihotz hautsientzat ere.

Berezko heriotza izan zen Inocencio Alonsorena, eta berezko heriotza izan zuen, hurrengo egunean, Elorrion, haren izenik ere ez dakigun 58 urteko kamioilari bulgariar batek. Hirugarren albistearen berri, titular handietatik landa geratu baitzen, zeharka jaso nuen. Antza, GPSaren erruz, Eroskiren biltegietara zihoan kamioilaria okertu egin zen eta, 17 metro luze zen kamioia, ez atzera ez aurrera geratu zen Elorrioko auzo-bide batean. Gaua kabinan eman zuen, eta hurrengo goizean, ertzainek eta udaltzainek hala aginduta, kamioia atzeraka atera nahian zebilelarik, bihotzekoak eman eta hil egin zen. Noraino bihotzeratuko ote zen kamioilariaren hutsunea!

Badago, azken heriotza horretan, kontatzea merezi duen, eta apenas ezagutzera eman diren, bi gauza: batetik, badirudi kamioi-gidariak presioak jasan zituela enpresaren partetik; bestetik, auzokide batek salatu du psikologikoki jota zegoela, eta ertzainek eta polizia munizipalek sentsibilitate gutxi eduki zutela garraiolari bulgariarrarekiko.

Gauza da, denboran ez ezik, maila sinbolikoan ere bat egin dutela nire barruan Cabacasen heriotzaren fiskalaren ebazpenak, Alonsoren heriotzak eta kamioilari bulgariarraren heriotzak. Kasu bat bestearekin nolabait lotzen dituen elementu andana datorkit, zurrunbiloan, burura. Bihotz hila uzteraino.