Sudur gorrien indar ziztada

Sudur gorrien indar ziztada

Natalia Salazar Orbe

Umeengan pentsatzen duen orok korrika, saltoka eta lagun artean algaraka irudikatzen ditu. Lehen mundu deritzon honetan, bederen, hala bizi direlako ume gehienak; alaitasunaren eta bizipozaren adierazle dira. Kezkarik gabe. Gaixotasunek ez dute bereizten adin konturik, ordea. Eta, sarri asko, etxean senda ezin daitezkeen gaitzek eraso egiten diete txikienen gorputzei. Halakoetan ospitalera joan behar izaten dute. Zortea dutenek egun gutxi eman beharko dituzte han. Baina badira egonaldia luzatu beharra izaten duten asko eta asko ere. Arrotza eta hotza den egoitza horretako egonaldiak alaitasunez janzten dituzte, asteartero, Irriki Clown elkarteko pailazoek, Gurutzetako ospitalean. Irriaren magia eramaten dute ume horiengana guztiengana. Gaur, ongintzazko gala bat egingo dute proiektuarekin aurrera jarraitu ahal izateko baliabideak biltzeko. 18:30ean hasiko da, Bilboko Hika Ateneoan.

Zirkua eta musika uztartuko ditu sudur gorriak jantzita egin dituzten hamar urteei jarraipena eman ahal izateko finantzaketa lortzeko festak. Zirku kabaret galarekin hasiko dute ikuskizuna. Bertan, pailazoak, akrobazia saioak, malabarismoa eta mago baten emanaldia izango dira. Ostean, 20:30ean, kontzertuei emango diete hasiera: HdH eta Puro Luego ariko dira zuzenean.

Sebas Gutteridge taldeko kideak azaldu ditu gaurko jaialdiaren helburuak: “Bertan biltzen den diru guztia Irriki Clownentzat izango da, orain arte egiten duen lanarekin jarraitu ahal izateko”.

Asteartero bisitatzen dituzte pazienteak, ospitaleko oheei itsatsita egunak, asteak eta hilak ere eman behar izaten dituzten pediatria zein haurren onkologia ataletakoak. Binaka zein hirunaka egiten dizkiete bisitok, betiere, irribarre bat ateratzeko asmoz. Sudur gorria jantzi eta fantasiazko munduan murgilarazten dute egoiliarra. Bakoitzaren beharrizanak gidatutako bidaia prestatzen diote. “Gelan sartzeko baimena eskatzen dugu. Ebakuntza batetik atera berri bada edo ez badago ondo, baliteke ezertarako gogorik ez izatea”. Gainera, ume guztiek ez dute era berean bizi gaixotasun jakin bat edo ohe batera itsatsita egon beharra.

Hala ere, gehien-gehienetan irribarrea aurkitzen dute ohe gainean. Eta orduan hasten da ikuskizuna. “Behin, gela batean sartu nintzen, eta ezkutatu beharra neukala esan. Umearen senide baten atzealdean ezkutatu nintzen. Handik gutxira bi pailazo sartu ziren. Nire bila hasi ziren. Ni erraz ikus nintzaketen, noski, baina ezezko itxurak egiten nituen, eta umeari esan ‘ez iezaiezu esan hemen nagoenik!’. Haren konplizitatearekin jolastu nintzen”. Hainbat eta hainbat saiotako adibide bat besterik ez da.

Baliteke ikuskizun zehatz bat egiteko asmoz sartzea gelan eta ez asmatzea. “Pentsatutako ideiak umearekin zelan funtzionatzen duen ikusi behar dugu, gustuko duen ala ez. Eta aztertu zuk harekin jokatzeko elementuren bat eskaintzen dizun”.

Umeen unibertsoan ez ezik, familienarenean eta mediku eta erizainenean ere eragiten dute irriaren ordezkariok. Ordu luzeetako asperraldiari hamar minutuko bizipoza jartzen dioten boluntarioak dira. Eta hori eskertzen dute batzuek eta besteek.

Saio horiek ospitaleko gela bateko atea zabaldu baino askoz lehenago hasten dira, ordea. “Ospitalera joango garenok elkartu egiten gara lehenago”. Izan ere, bakoitza elkartasunezko eginbehar horietatik kanpo beste lan batzuetan ari da. “Garrantzitsua da ikuskizunaren aurretik bata bestea zer moduz dagoen ikustea eta elkarrekin lan egitea”.

Astero errepikatzen den errituala da. Asteartero joaten dira bi emakume pailazo hiru orduz haurron egunerokoa alaitzera. Asteburu batzuetan ere egiten dute bisitaren bat boluntarioek. “Gaitza eta egonaldia ahazten lagunduko dioten aisialdiko hamar minutu eskaintzen badizkiogu, bikain”.

Erantzun ona izaten dute. “Ospitaleak ez dira umeek dibertitzeko aukera izan dezaketen lekuak. Ondo etorriak izan ohi gara, eta eskertu egiten dute gure bisita”. Onkologia atalean bereziki: “Aurpegia aldatzen dute, argiz betetzen zaie. Hilabeteak egiten dituzte askok han. Eta gaixotasun larria dute. Baina, azken batean, umeak dira, eta jolasteko beharra daukate. Nahiz eta boluntarioak eta ospitaleko zerbitzuak egon, nabari zaie alaitasun apur bat behar dutela”.

Hamar urteko ibilbidea

Duela hamar urte hasi zuen ibilbidea elkarteak. Hilean behin egiten zituzten bisitak hasiera hartan. Umeengan zuten eraginaz jabetuta, hiru urte daramatzate sudur gorria astean behin jartzen. Bisita horiek ostegunetara hedatzea dute helburu, baina horretarako baliabideak behar dituzte. “Ezer baino gehiago, proiektu osoaren iraupena bermatu nahi dugu. Astean beste egun batez aritzeko diru gehiago beharko genuke”. Erakundeekin hitz egiten ari dira diru ekarpenen zain egon behar ez izateko.

2008az geroztik Bizkaiko ospitaleetan lanean diharduen pailazo talde batek osatzen du Irriki Clown. Clown munduari ikuspegi soziala eman nahi zioten pertsonek jarri zuten proiektuaren hazia. Ospitaleko pailazoen ideia sortu zitzaien. Horretan ari ziren beste esperientzia batzuen berri izan zuten. Horiekin harremanetan jarri, eta teknika bereizietan trebatzen hasi ziren. Boluntario gisa hasi zuten lana profesionalizatu eta arautzeko beharra sumatu zuten. “Oso garrantzitsu deritzogu ospitalera goazenok trebatzeari. Zoritxarrez ospitalean egon behar duten umeak gustura egotea nahi dugu”.

Artista gisa oinak lurrean jartzen dizkiete bisita horiek clown-ei. “Egoa baretzen dizu. Pailazo gisa ikuskizuna eskaintzen duzunean, ikus-entzuleek zure saioa gustuko izatea nahi duzu; alegia, jendeak barre egin dezan pailazo ona zarelako. Hemen ikuspuntua erabat desberdina da: umeak gustura egon daitezen goaz ospitalera, umeek momentu berezi hori izan dezaten”. Lan horri ekarpena egin nahi diotenek badute aukera. 0 zenbakidun ilara ere egongo da galan.