Marta eta Manuel

Nerea Ibarzabal

Jakin nahi nuke zer den Marta Sanchez izatea. Zer den zilegitasuna sentitzea norbere herrialdeko ereserkiaren letra idazteko, eta gainera jakiteko herritar asko ados egongo direla idazten duzun horrekin.

Nahi nuke argi izan zein kolore aipatu nire herrialdeko ereserkian. Oholtzara igo foku zuri-berde-gorri-more-hori-beltzen… azpira, eta txalo artean aurkeztu nire sorkuntza mediokrea, burua tente. Nahi nuke gai izan aberri bat hain azaletik definitzeko, itzultzeko gogoa den sentsazio abstraktua baliatuz soilik denek sentitu izan balute bezala-, eta ez bertan bizi direnen hitzak. Eta gainera esatea “lasai hilko” zarela, letra hori behin betikoa bihurtuko balitz.

Nahi nuke jakin zer den, norbere estatu propioa izanda, norbere hizkuntza guztiz babestua egonda, norbere ereserkiaren doinua ofiziala izanda, oraindik sentitzea bandera astindu beharra munduari musturren aurrean. Jakin nahi nuke non ahalduntzen den Marta Sanchezen moduko jendea, inork ukatzen ez dien identitate bat azpimarratzen ibiltzeko gorriz eta horiz. Y no pido perdón.

Jakin nahi nuke zer den Manuel Sarrion arbitroa izatea. Zer ote da leku guztietan bertako sentitzea norbera egokituz baino, besteak egokituaraziz-. Zelai ertzetik agintzea baina jakitun zentroa zeu zarela, jakin nahi nuke zer den lurra hainbesteko segurtasunarekin zapaltzea. Jakin nahi nuke noiz sentitzen duen norbaitek beste bati hizkuntza bat erabiltzea debekatzeko zilegitasuna ordu eta erdiz, zer ote den hizkuntza bati beldurra izatea dialekto anekdotiko bat baino gehiago izan daitekeela ohartzerakoan. Komunikatzeko balio duela ohartzerakoan, non eta futbol zelai batean gainera. Eta izan duen oihartzuna ikusita, ez dut jakin nahi zenbat gehiago gorrotatuko ote dituen euskara eta bere hiztunak orain.

Jakin nahi nuke zer esango ote luketen Martak eta Manuelek nire lagun kurdua, Faruk, turkiarrei buruz hizketan entzun izan balute. “Niri turkiar batek nazionalista deitzen didanean, beti erantzuten diot nik ez dudala izan nahi, berak behartzen nauela”, zioen, “ni behartuta nago nazionalista izatera estatu propiorik ez dudan bitartean, nire hizkuntza babesten ez den bitartean, nire jendea zapaltzen duten bitartean kurdua izateagatik. Behin hori guztia lortuta, ez naiz nazionalista izango. Baina esan dezatela turkoek zergatik behar dituzten beraiek hainbeste bandera bistan, aurpegietan, bizkarretan, leihoetan, zergatik uste duten beraien hizkuntza baliotsuagoa dela besteona baino, zergatik diguten beldurra hori guztia zalantzan jartzen dugunoi. Besteen nazionalismoa gaizki iruditzen zaie, eta ez dira beraiena ikusteko gai”.

Ziur asko ereserkiaren bolumena igoko lukete, eta ezer esan ez.