“Iraultza lasai, seguru eta sendoa egiten ari gara emakume ijitoak”

“Iraultza lasai, seguru eta sendoa egiten ari gara emakume ijitoak”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Emakume eta gazte den arren, erreferente da ijitoen artean Tamara Claveria (Bilbo, 1984). Berdintasunaren aldeko borrokan buru-belarri ari da, hori ijito komunitate osoaren onurarako izango dela sinetsita. Formazioaren aldeko apustu argia egiten du; horixe du emakume ijitoen ahalduntzerako giltzarri. Eta bere bidea eredu da askorentzat: Euskal Herrian Gizarte Integraziorako titulua eskuratu zuen lehen emakume ijitoa da.

Duela hamabost urte sortu zenuten Amuge emakume ijitoen elkartea. Zein helbururekin?

Ijito komunitatearen alde borrokatzeko jaio zen duela hamabost urte, Euskadiko emakume ijitoen sustapenean eta ahalduntzean indar berezia jarrita. Amuge izan zen gure lehen emakume elkartea, uste genuelako emakume ijitoen gaia emakume ijitoekin landu behar genuela. Erronka nagusiak ziren emakumeak formakuntza akademikora sartzea, gureak ere badiren espazioetan egotea, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lantzea.

Aldatu da egoera urteotan?

Bai, noski. Formakuntzari dagokionez, ijitoen %97 eskoletan daude; ez dago eskola absentismorik, eta hori arrakasta da. Bigarren hezkuntzan ez dugu horrenbesteko arrakastarik, eta hori lantzen jarraitu behar dugu. Erronka handia da emakume ijitoek formatzen jarraitzea gero lan mundura sartu ahal izateko. Batzuk iristen dira goi mailako tituluak izatera, baina gutxi oraindik.

Egongo dira landu beharreko gabezia gehiago ere…

Beste erronka asko ditugu lortzeko: genero indarkeria amaitzea, gure kulturari balioa ematea, emakume ijitoen benetako irudia ikusaraztea. Zeren, emakume ijitoak pertsona folkloriko moduan aurkezten dira, edo, bestela, lapurretekin lotuta. Badira garrantzitsuak izan diren ijito feministak, eta inportantea da historia hori ere erakustea. Emakume ijito eta ez-ijitoen arteko elkarrizketa sustatzea da beste erronka bat, eta ardura politikoetan egotea.

Ijitoen irudia estigmatizatuta dagoela diozu. Nola definituko zenuke komunitate hori?

Gizartean lapurretekin eta pobreziarekin lotutako irudia du historikoki. Eta emakume ijitoek lan handia egin dugu gure balioen alde, oso garrantzitsuak diren eta gizartean galduz joan diren balioak manten daitezen: nagusiekiko errespetua, emakumeen arteko elkartasuna, eta kanpotik datorren edonori ere laguntzeko joera. Orain, emakume ijitoa oso gaur egungoa da. Formatzen ari den emakumea da, gizarte honen zati izan nahi duena, egiteko asko duela badakiena baina pausoak ematen ari dena. Urratsak gehiago izatea nahi nuke, baina iraultza lasai, seguru eta sendoa egiten ari gara emakume ijitoak: gaur egun, ijitoak gara, euskal herritarrak, feministak. Astearteko jardunaldietan ikusi zen hori, eta izena bera ere adierazgarria da: Empoderío. Gitanas feministas en movimiento.

Aldaketaren motorra emakumeak direla diozu. Zergatik?

Emakumeak gara, eta are gehiago emakume ijitoak, kultur transmisioa egiten dugunak. Hori berdintasun ikuspegitik egin dadin nahi dugu, eta horregatik da garrantzitsua guk geuk hori uler dezagun, ahaldundu gaitezen eta ditugun desberdintasunen jakitun izan gaitezen, gure seme-alabek ez ditzaten horiek errepika. Eta emakumeak formatu daitezela nahi dugu, gure herriaren alde borrokatzeko baliabideak izan ditzaten. Baliabide horiek izateko modua formazioa da. Ijito kulturan garrantzitsuena askatasuna da. Askatasuna ematen duena aukeratu ahal izatea da, eta hori formazioak ematen du. Zer izan nahi duzun aukeratzeko formatuta egon behar duzu. Bestela, lan prekarioak eta ekonomia beltza besterik ez zaigu geratuko.

Barneratzen ari da hori emakume ijitoen artean?

Nik, benetan, hitza ematen dizut baietz uste dudala. Nire amaren diskurtsoa bat zen, ahizpena beste bat da, eta nirea beste bat. Baina ilobena erabat desberdina da. Nire ilobek ez dute planteatu ere egiten eskolara ez joatea. Bat batxilergoa egiten ari da, eta emagina izan nahi du. Beste batek alkate izan nahi du.

Zailtasunak ere badaude.

Bai, noski. Uneotan, hiru familiatik bik ez ditu aseak bere oinarrizko beharrak. Arazoak dituzte hil amaierara iristeko. Eta lehentasunak jartzen dituzte, beste edonork bezala. Oinarrizko beharrak ezin badituzu bete, egiten duzun lehen gauza lanean hastea da. Hortik dator ikasketak uztea… Baina gu beste mezu bat ematen ari gara: ijito gazte bikainak nahi ditugu; abokatu, mediku izango direnak, urdaitegi edo harategian lanean ariko direnak. Medikuarengana joan eta ijito batek artatzea itzela litzateke; ulertuko gintuzke, jakingo bailuke nola bizi ditugun gaixoaldiak, heriotza…

Emakumeen artean aldaketa ematen ari dela diozu. Eta gizonen artean?

Hori da beste erronka bat, baina ez ijitoena soilik. Ijitoen feminismoak ez ditu gizonak baztertzen. Ahalduntzerako ikastaroa hasi genuenean, ikastaroan ziren zenbait emakumek zera jarri zuten mahai gainean: “Ni gaitasun batzuk ikasten ari naiz, baina etxean gizon bat dut, eta beti bezala jarraitzen du”. Gizonekin ere lan egin behar genuela ikusi genuen. Eurek ere sarri etortzen ziren gure lokalera zer egiten ari ginen galdetzera. “Ahalduntze ikastaroa egiten ari gara” erantzutean, adibidez, ea zer den galdetzen zuten, emakumeek azaltzen zieten… Maskulinitate alternatiboen gaia lantzea proposatu genien, eta, gaur egun, 30 gizon ijito ari dira gizon izatea zer den hausnartzen, zer den gizon ijito izatea… hezteari buruz hitz egiten ari dira, ardura partekatuei buruz, genero indarkeriari buruz… Pentsa! Oso erronka garrantzitsua da, funtzionatzen ari dena. Hamar gizonen talde bat hasi zen duela hiru urte froga gisa, eta orain egonkortzen ari da 30 gizonekin.

Hala ere, zailtasunak nabarmenak dira oraindik.

Noski, baina gizartean orokorrean ere bai. Egia da emakume ijitoen bizitza ez dela erraza, diskriminazio hirukoitza jasaten baitugu: ijito izateagatik, emakume izateagatik eta ikasketarik ez izateagatik. Lehen diskriminazioa da gogorrena: bazterkeria instituzionala dugu, eta kalekoa. Inork ez die etxea ijitoei alokatzen, ezta lanpostua ematen ere. Emakume ijito asko daude bere identitatea ezkutatzen dutenak lan egin ahal izateko. Gauza asko aldatu behar dira, baina gizarteak ere lagundu behar digu pixka bat.

Ijito kultura gorde beharra ere aldarrikatzen duzu. Zer da aldatu behar dena, eta zer ez da aldatu behar?

Ijito komunitateak ondo gorde behar duena askatasuna da. Aukeratu ahal izateko askatasuna. Norberak aukera dezala zer nahi duen, noiz eta nola: ezkondu nahi duen edo ez, umeak izan nahi dituen… baina inolako inposizio kultural edo sozialik gabe. Presiorik gabe; ez ijito komunitatearena, ez ijito ez direnena.

Alde horretatik, baikor zara?

Bai, baina ijitoekin dagoen muturreko arrazakeria gainditu behar da. Sarri esaten da ijitoak ez direla integratzen. Baina zer da integratzea? Garena izateari uztea beste batzuek nahi duten modukoak izateko? Frankismora itzultzea da hori! Inklusioari buruz hitz egin behar da. Guztiok barne hartzeari buruz. Hori guztion kontua da, baina horretarako aurreiritzi asko ezabatu behar dira. Eta guztiok izango bagenitu bizitzeko oinarrizko baliabideak, ez lirateke horrenbeste arazo izango.