Inoiz ikusi gabeko parke berritzaileak

Inoiz ikusi gabeko parke berritzaileak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilbon parke berriak sortu eta badaudenak “dinamizatu” egin nahi ditu udalak. Baina ez nolanahi. Proposamen berritzaileak aurkeztu ditu, herritarrak horietara erakarri nahian. Eta bitxiak dira horietako batzuk, Bizkaian inoiz ikusi gabeak: pedalei eraginez funtzionatuko duten eta musika entzuteko egingo diren etxola modernoak; armiarma sareen itxura izango duten hamakak, zuhaizpean egotearen lasaitasunaz gozatzeko; oztopoak gainditzea oinarri izango duen Bizkaiko parkour eremurik zabalena; txakurren aisialdirako guneak; eta patinatzaileentzako roller berria. Horiek dira, besteak beste, hiri parkeetan datozen hilabeteetan egingo dituen azpiegiturak.

PARKE NAGUSIAK

Hiriaren “birika berde estrategikoa” osatzen duten parke handietako batzuk hobetuko ditu udalak, hiru irizpide nagusi hartuta: berdeguneak nagusi izatea, belaunaldi guztietarako erabilerak sustatzea, eta bertako jarduerengatik bilbotar guztientzako erreferente bilakatzea. 1.270.000 euro inbertituko ditu hartarako.

Hamakak, parkour eremua eta txakurrentzakoa, Sarrikon. Unibertsitatea ondoan izanik, arreta berezia jarri dute ikasle eta gazteengan, Sarrikoko parkea nola antolatu erabakitzeko. Arbola artean astia emateko eremuak sortuko dituzte, esate baterako. Armiarma-sare itxura hartuko duen hamaka sorta bat jarriko dute.

Munduko hiri askotan modan jarri den diziplina bat praktikatzeko eremu bat ere prestatuko dute: Bizkaiko parkour eremurik zabalena, 420 metro kuadrokoa. Gorputzaren laguntza hutsarekin alde batetik bestera jauzi egin eta oztopoak lasterka gainditzean datza kirol hori. Eremu horri, aire zabaleko gimnasioa gehituko diote. 15 jarduera mota egiteko aukera izango da, lau modulutan.

Txakurrentzako kirolgunea ere izango du Sarrikoko parkeak. Bost aparailuko agility eremuak 270 metro kuadro hartuko ditu.

Musika entzuteko aterpe berritzaileak Europa parkean. Argia eta musika izango duten bi etxola moderno izango dira ikastetxez inguratutako 114.000 metro kuadroko parkearen berrikuntza nagusia. Diseinu berritzailea izango dute, eta teknologia izango da nagusi. Wifi bidez musika entzun eta Interneten nabigatu ahalko da bertan. Hartarako, ordea, pedalei eragin beharko diete gazteek, argindarra dinamo bati lotuta egongo den manibelekin lortuko baita.

Aisialdia kirolarekin uztartzeko azpiegiturak ere egingo dituzte Txurdinagako parkean: umeentzat, 600 metro kuadroko jolasgunea eta baloiarekin jolasteko eremu biribila; areto futbolean eta saskibaloian aritzeko gunea ere jarriko dute, eta 770 metro kuadroko roller berria irristailuekin ibiltzeko. Frontoia eraberrituko dute.

Umeentzako jolasgune estalia Etxebarrian. Batez ere haurrak dituzten familiek erabiltzen dute Etxebarria parkea, eta horri begirako lanak egingo dituzte bertan: 500 metro kuadro izango dituen umeentzako jolasgune estalia euria denean ere parkea haurrentzat erabilgarri izan dadin, eta joko bio-osasungarrietarako eremua.

Eskurtze parkerako ideia bila. 67.000 metro kuadroko berdegunea du Errekalde eta Irala arteko Eskurtze parkeak. Eremua erabilgarriago egin nahi du udalak, baina oraindik ez du proposamenik aurkeztu. Aste Santuaren ondoren helduko dio lanketari.

PARKE ZABAL BERRIAK

Berdegune berriak sortzeko ahaleginean ari dela adierazi du Bilboko Udalak, eta horren adibide gisa jarri du Sabino Arana etorbidea. Aurrera begira, beste bi proiektu ditu:

Zorrotzako Muturreko berdegunea. Ingurua eraikitzen dutenean 15.000 metro kuadroko berdegune eta aisigunea egingo dituztela adierazi du udalak. Gimnasiarako eremuekin, kirol ibilbideekin, umeentzako jolasekin, adinekoentzako joko bio-osasungarriekin eta txakurrak ibiltzeko eremuekin uztartuko dira berdeguneak.

Arangoitiko malda. Atondu egingo dute Arangoitiko malda. 8.000 metro kuadroko berdegunea txukunduko dute, eta oinezkoentzako pasealekuak, astia emateko eremuak eta behatokiak egingo dituztela iragarri dute.

AUZOETAKO PARKEAK

San Adrian, Abusu eta Arabella. Posible den auzoetan berdeguneak nahi dituela dio udalak, eta lan horri begira jarriko dela. Abusu, San Adrian, Sarrikue, Remar eta Arabella auzuneetan herritarrek parte hartzeko prozesuak egingo dituela esan du. San Adriango Floresta parkea erabat zaharberritzeko asmoa plazaratu du, eta Abusuko parkean hobekuntzak egitekoa. Bestalde, Sarrikue, Remar eta Arabella artean parkea sortuko duela iragarri du. Lan horiek datorren urtean amaituko dituela aurreikusi du.