Garunean kaltea hartutakoen elkartea, desagertzeko arriskuan

Garunean kaltea hartutakoen elkartea, desagertzeko arriskuan

Natalia Salazar Orbe

Egun batean, egunerokoa goitik behera aldatu zitzaien egunero jaiki, lanera joan, etxeko lanak egin edota aisialdiaz gozatzen zuten bizkaitar askori. Eguneroko jarduerak normaltasunez eta arazorik gabe egiteari utzi, eta bat-batean ezinezko bilakatu zitzaizkien. Iktus baten edo beste gaitzen baten ondorioz, edo buruko kolpe baten eraginez, garuna kaltetu zitzaien. Bizkaiko ATECE elkarteak arreta eskaintzen die bizitza errotik aldatu zaien pertsona horiei. Garunean kaltea hartutakoen elkartea da: errehabilitazioa ez ezik, lan handia ere egiten dute pazienteen eta haien senideen gabeziak ase eta eskubideak defendatzeko. Baliabiderik gabe geratzen ari dira, ordea, eta administrazio publikoaren laguntza eskatu dute. Aurrera segitu nahi dute, baita egiten duten lana bermatuko duen hitzarmen bat egitea ere.

Elkarteak gogora ekarri du garuneko kalteari XXI. mendeko izurrite deritzotela. Hala, gero eta baliabide gehiago eta arreta handiagoa beharko lituzketen arren, Bizkaiko ATECEk ohartarazi du oso egoera kaskarrean daudela, eta, administrazioak premiazko laguntza eman ezean, bertan behera utzi beharko dutela egiten duten lana.

Jose Luis Esteban elkarteko presidenteak egoera zein larria den azaldu du: “Inoiz baino jarduera handiagoa daukagu, inoiz baino nabarmenagoa da gure lana, eta inoiz baino jende gehiagok eskatzen digu laguntza; baina ezin diogu ekonomiari eutsi. Gure elkartea hain txikia izanik, aurrekontuaren zatirik handiena geure funtsekin ordaintzeak higatze izugarria dakar. Babes handiagoa lortzen ez badugu, elkartea berehala itxi beharko dugu”.

Horri aurre egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiari hitzarmen bat eskatu diote. “Hitzarmen horrek egonkortasuna emango dio gure egiturari, oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua bermatuko du eta elkarteari aukera emango dio bizirik euste hutsetik haragoko helburuak lortzeko lanetan arreta jartzeko”. Orain arte aldundiaren laguntza jaso badute ere, “unean unekoa” izan da. Orain “konpromiso handiagoa” eskatu dute. Esaterako, Gipuzkoako eta Arabako elkarteek badute akordio bat bertako aldundiekin.

Kaltearen ondorioak

Duela hogei urte jarri zuten martxan Bizkaiko ATECE; elkarte hori pazienteen eta senideen beharrizanek bultzatuta sortu zuten. Jaiotzean inongo garuneko kalterik ez izanik, iktus batek, tumore batek, kolpe batek eta bestelako osasun arazoek kaltea sorrarazten dute garunean. Batzuetan, pazienteek ez dute inolako ondoriorik izaten. Beste batzuetan, berriz, arrastoak gera dakizkieke: besteak beste, mugitzeko zailtasunak, oroimenaren nahasmenduak, komunikatzeko arazoak, portaeraren aldaketak edo koma egoera luzeak.

Gogora ekarri dute edonoiz edonori gerta dakiokeen kaltea dela. Elkarteak laguntza handia eskaintzen du gaitza sufritu eta egonkortuta ospitaletik atera ondoren sortzen diren gabeziei irtenbidea emateko. “Garunean kaltea hartu dutenei errehabilitaziorako arreta ematen zaie; familiei aholkuak ematen dizkiegu hainbat zerbitzutatik. Baina, bereziki, elkargune bat eskaintzen dugu, denok ditugun kezka eta arazoei buruz hitz egiteko”.

Hala, arreta publikoa iristen ez den eremuari heltzen diote. Horixe adierazi du Estebanek: “Dauden baliabideak ez dira nahikoak”. Kontuan hartuta urtez urte garuneko kaltea hartzen dutenen kopuruak gora egiten duela, eta gero eta gazte gehiago direla, “laguntza eta gizarte erronka konplexu bat” dela ohartarazi du.