Barakaldoren birika den Gorostiza suntsituko duten beldur dira herritarrak

Barakaldoren birika den Gorostiza suntsituko duten beldur dira herritarrak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Hegoaldeko Tren Saihesbidearen aurkako mobilizazioak areagotzen ari dira Barakaldon. Proiektuaren inguruko informazio zehatzik ez dute herritarrek, baina haien etxeen ondoan ikusten ari direnek susmoak piztu dizkiete: “Ez dakigu zer izango den ibilbide zehatza, baina etxeen ondoan egiten ari dira neurketak. Okerrenaren beldur gara”. Hala diote Birika Berdea Gorostiza elkarteko kideek. Auzokideek abenduan sortu zuten elkartea, etxeak eta inguruak suntsituta irudikatzen hasi zirenean.

Merkantzien garraiorako trenbidea da Hegoaldeko Tren Saihesbidearen proiektua; proiektu erraldoia, ingurua erabat aldatuko duena. Zantzu guztien arabera, Barakaldotik igaroko da tren hori, eta, gainera, herritarrak beldur dira justu hiriaren “birika berdea” izango dela obra handiak jango duen eremua: Gorostiza eta Errekatxo. Nahiz eta ezagutzen ez duenak ez duen halakorik badenik imajinatuko Barakaldo bezalako hiri grisean, baserri eta mendialde zabala osatzen dute Gorostiza eta Zubileta-Kastrexana auzoek eta Errekatxo bailarak. Justu eremu horretan egin nahi dute proiektu erraldoia, herritarren susmoen arabera.

Proiektua ez dute esku artean; ez dute egitasmoaren inguruko informaziorik jaso. Baina langileak ikusi dituzte neurketak eta lan geoteknikoak egiten. “Herritarrei bizkar emanda ari dira, eta hori akatsa da”, salatu zuen larunbatean Barakaldo Naturalako Begoña Rodriguezek, Birika Berdea Gorostiza plataformarekin batera egindako manifestazioan.

3.500 sinadura hil batean

Agerikoa da herritarren ezinegona. Asteburuan Errekatxo eta Bagatza auzoetan sinadurak biltzen aritu ziren, eta ehunka jaso zituzten. 3.500 baino gehiago batu dituzte hilabetean, proiektua ez abiarazteko eskatuz.

Barakaldo Naturala azterketa bat ere egiten ari da: eremu askotako lantalde bat proiektuaren benetako beharrari buruzko ikerketa sakona egiten ari da. Eta plataformak jada badauden azpiegiturak hobetzearen alde egiten du; horiek eraginkorrago bihurtu, eta ibilbide berria baztertu. “Proiektu honetan tematzeko arrazoi bakarra Seranteseko tunela aprobetxatzea da, 50 milioi euro xahutu baitziren hori egiteko, eta hamar urte darama itxita”, salatu du Rodriguezek.

Bestalde, aurreko astean bertan, Tontxu Rodriguez senatariak gaiari buruzko galdera egin zuen Espainiako Senatuko Sustapen Batzordean. Rodriguez Barakaldoko alkate izana da, eta proiektuak eragina izango duen herrietako udalekin zein auzo elkarteekin biltzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari. Egitasmoak eskatu zuen arreta berezia jar dadila Barakaldoko ingurumenean, hirigintzan eta gizartean izango dituen eraginean, proiektuak aurrera jarraitzen duen erakusle: “Muskiz-Bilbo linea erabiltzea baztertu egin zen, Ortuella eta Trapagaranen izugarrizko eraginak izango zituelako; baina, ematen ari diren informazioaren arabera, Gorostizatik hegoaldera mugi daiteke, eta horrek eragin zuzena izango luke etxebizitzetan, lurren espropiazioetan, kiroldegian eta Castaños errekan”. Informazio zehatzik ez dute bertako auzokideek, baina haien bizitzak aldatuko dituen proiektua aurrera doan zalantzarik ere ez.