“Pentsiodunen erdiek 700 eurotik behera jasotzen dute”

“Pentsiodunen erdiek 700 eurotik behera jasotzen dute”

Natalia Salazar Orbe

Azken asteetan ezohiko irudi bat errepikatu da Bilbon, eta beste zenbait herritan: milaka pentsiodun elkartu dira pentsio duinak aldarrikatzeko. Zeintzuk eskaera egiten dituzten azaldu du Mikel Arginarenak (Larraun, Nafarroa, 1943), Pentsionistak Martxan taldeko kidak.

Zeintzuk dira zuen aldarrikapen nagusiak?

Behin eta berriro aldarrikatu dugu pentsioen urteroko igoera ez dadila %0,25era mugatu; KPIren arabera egin dadila baizik. Fatima Bañezek [Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroa] esan du azken urteetan pentsiodunok irabazten atera garela, KPI negatiboa egon denean ere %0,25eko igoera izan dugulako. Hala ere, KPI ofiziala ez da oso erreala pentsiodunen gastuei erreparatuta. Izan ere, pentsiodunok oinarrizko gastuak ditugu —batez ere, janaria, argindarra, ura eta bestelako oinarrizko beharrak—. KPI ofiziala kalkulatzeko, ordea, gure gastuaren saskian ez dauden milaka gauza hartzen dira kontuan. Urte hauetan guztietan gure oinarrizko saski hori askoz gehiago igo da KPI ofizialak esaten duena baino. KPI ofizialaren igoera onartuta ere, erosahalmena pixkanaka galduz joango ginateke. Horrez gain, KPIa urte batzuetan negatiboa izan bada ere, aurten %1,2 igo da —guri pentsioa igo digutena baino bost aldiz gehiago— eta hurrengo urteetan are gehiago igoko da. Gure pentsioak, aldiz, %0,25 soilik.

Gutxieneko zenbateko bat ere eskatu duzue.

Bai, pentsioak, gutxienez, 1.080 eurorenak izan daitezela. Europak eman duen bidearen arabera egin den kalkulua da. Asko dela irudituko zaio jende askori, baina hau da gure gastu normalaren aurrean gutxiengo duintasunarekin eta bermeekin bizi ahal izateko beharrezko kopurua.

Astelehenero protesta egiteko elkartzeari ekin diozue milaka pentsiodunek. Zeren adierazle dira protesta horiek?

Jasaten ditugun irainen aurrean gure haserrea adierazteko modua da. %0,25eko igoerak suposatzen duen iraina salatzen dugu. Ekarpenak eginda dauzkagu guk gure bizitzan. Eta horiez baliatzeko eskubidea onartu digute. Ulertzen dut une zailak direla guretzako ez ezik, beste herritar batzuentzat ere. Baina guk gurea aldarrikatu behar dugu. Pentsiodunok daukagun eskubide hori, besterik gabe, kendu digute. Gainera, guk sortu ez dugun zor erraldoi baten ondorioz. Gure pentsioak murriztu dituzte estatuak bere erreskatearen ondorioz jaso dituen diru laguntzei erantzun ahal izateko. Arrazoi handiak ditugu haserre egoteko. Astelehenetako protestak balio handikoak dira, milaka herritar kalera atera baikara oinarrizko eskubide hori aldarrikatzeko. Besteak beste, Barakaldon eta Sestaon ere atera dira. Bistan da badagoela lehengaia haserre hori kaleratzeko. Indar handia behar da, ez da borondate kontua soilik. Bideratu egin behar da indar hori.

Eguneroko errealitateetara joanda, zer-nolakoa da pentsiodun askoren egoera?

Hainbat kasu ditugu. Esaterako, pertsona bat geratu da 50 urte ingururekin langabezian hogeitik gora urte kotizatu eta gero. Jasotzen duen pentsioa 450 euro ingurukoa da. Oinarrizko errenta orokorra dauka pentsio hori osatzeko. Denera, beraz, 700 euro jasotzen ditu. Baina horrekin aurre egin behar dio egunerokoari. Neguan, hotz denean, ezin izango du berogailua jarri. Asko daude hala. Pentsiodun asko ondo bizi dira, baina, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen erdiek 700 eurotik behera kobratzen dituzte.

Emakumeen kasuan are larriagoa da egoera.

Bai. Bi atal bereizi behar dira. Batean, erretiroa hartu dutenena dago; alegia, lan bat izan dutenak eta erretiroa hartuta, pentsio propioa jasotzen dutenak. Betiere, besteak baino hobea izaten da. Beste alde batean, badaude beste pentsiodun batzuk erretiratuak ez direnak. Esaterako, alargun asko. Sarri asko ez dute ordainpeko lanik egin. Beraz, senarrak jasotzen zuen erretiroaren erdia geratzen zaie. 1.500 kobratzen bazuen senarrak, alarguna 700ekin geratuko da. Beste pentsiodun mota batzuk ere badaude. Esaterako, ezintasunen bat dutenak gaztetatik, istripuengatik… Emakumearen bizi itxaropena gizonezkoena baino bospasei urte luzeagoa da. Horrek esan nahi du bost urte inguruz pentsioaren erdia kobratzen duten emakumeak daudela.

Badirudi oraindik justifikatu egin behar dela zergatik ordaintzen diren pentsioak.

Pentsioak dira langile batek hilero jartzen duen diru kopuru bat egunen batean berak ere pentsio baterako eskubidea izateko. Berak egiten duen diru ekarpena une horretako pentsiodunek pentsioa jaso dezaten erabiltzen da. Nik 40 urte egin ditut lanean. Denbora horretan guztian jarri dudan dirua momentu hartako pentsiodunen pentsioa ordaintzeko erabili da. Guk orain ez dugu jarritako diru hura eskatzen, gaur egungo langileek egiten dituzten ekarpenekin gure pentsioak ordaintzea baizik. Hor norbaitek esan dezake gaur egun ez dagoela dirurik. Sistema batek huts egin badu ez da gure errua, ordea. Estatuaren aurrekontuetan sartu beharko da diru partida bat pentsio horiek ordaindu ahal izateko. Irtenbidea ez da egiten ari direna, alegia, dirurik ez dagoela eta gure pentsioak jaistea. Konponbidea bilatu beharko dute. Pentsioen kutxak 2011n 68.000 milioiko superabita zeukan. Eta egun hustuta dago. Ez dakigu zer gertatu den hor. Gobernuak sistematikoki lanpostu berriak suspertzeko, enpresei abantaila eman die pentsioen kutxarako ekarpenik egiteko betebeharrik ez ezarrita. Milioika pertsona jartzen badituzu pentsioen kutxarako ekarpenik egingo ez dutenak, hustu egingo da. Hori nork erabaki du? Zergatik? Orain esaten digute ez dagoela dirurik.

Egia da, halaber, bizi itxaropena luzeagoa dela eta pentsiodun kopurua handia dela. Beraz, gastu gehiago dago. Gobernu batek jakin behar du une oro sortzen diren desoreka horiek konpontzen. Gainerakoan ez dugu behar gobernurik. Horrez gain, esaten dute lantxo batzuk egin behar ditugula gure pentsioak osatzeko. 70 urterekin joan behar dugu lanera? Hobe eliza aurrean limosna eskatzea.

Pentsio pribatuak egiteko gomendioa ere egiten dute.

Norentzat ari dira hizketan? %80k ezin du egin hori. Honek sistema publikoa behar du. Ez dago beste aukerarik. Ez gaude Ipar Amerikan.

Zeintzuk mobilizazio gehiago aurreikusi dituzue?

Hilaren 22rako estatu mailan antolatu dute protesta handi bat. Bilbon ere egingo da, 12:00etan. Pentsionistak Martxan taldeak 19rako Euskal Herri mailan beste protesta batera deitu du. Euskal Herrian badauzkagu estatu mailan ez dauzkaten eskari batzuk. Bat, zehazki: behingoz Euskal Herriak izan dezala bere pentsio sistema propioa. Herri eta borroka kontzientzia handiagoa daukagula ikusten dugu. Eskumenez harago, pentsio sistema propioa eskatzen dugu. Hala, guk geuk baloratu ahalko dugu nola egingo den diru bilketa pentsioei aurre egiteko edota zein baldintzatan banatuko diren, besteak beste.