“Euskaraldia ahalduntze kolektibo bat izango da”

“Euskaraldia ahalduntze kolektibo bat izango da”

E. Goenaga Lizaso

Euskaraldia herriz herri aurkezten ari dira, eta lanketa horretan ibiliko dira apirilaren 8ra arte, hau da, Euskaraldian parte hartuko duten herrien zerrenda itxi arte. Arrate Illaro (Getxo, 1989) Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaileak orain arte egindakoaren eta hemendik aurrerako asmoen berri eman du.

Herriz herri ari zarete Euskaraldia aurkezten. Zein da helburua?

Azarora bitartean aritu ginen egitasmoari forma ematen eta euskalgintzako eragileei aurkezten. Orain, apirilaren 8ra arte, herriek izena emateko epea izango dute. Helburu horrekin ari gara aurkezpenak egiten.

Herrietan Euskaraldia aurrera eramango duen batzordeak sortzea da xedea?

Gure proposamena da herriko euskalgintza soziala eta udaleko euskara saila bateratzea. Duela gutxi, esaterako, Karkarak eta Orioko Udalak aurkeztu zuten egitasmoa, eta orain batzorde bat osatuko da, ikusten baitzen bazegoela horretarako indarra. Horixe da gure proposamena: Euskaraldia aurkezteaz gain, batzorde bat osatzea herriko euskaltzaleekin, eta horiek izatea Euskaraldia herrira egokituko dutenak.

Herrietatik bertatik garatu beharko dute, beraz, egitasmoa.

Euskaraldia martxan jartzen duten herrietan egingo da; guk ez dugu martxan jarriko herriko euskaltzaleek egiten ez badute. Orduan, herri batzuetan aurkezpenak egiten ari dira, eta batzordeak osatzen; beste batzuetan, udazkenetik dute osatua taldea edo batzordea… Eta egitasmoa herriko ezaugarrietara egokitzea da haien lehenengo lanetako bat.

Herriak martxa onean ari al dira izena ematen?

Ari dira, baina oraindik ez dugu emango kopururik. Orain, Euskaraldia martxan jartzeko aktibazio hori egitea da garrantzitsuena, eta bakoitzak nola egingo duen lantzea. Beraz, barneko lana egiteko garaia da orain, eta gero etorriko da kanpora begirakoa. Orain arte egin duten herrietan, ikusi dugu denbora behar dela hau ondo prestatzeko, eta herriei denbora eman behar zaie.

Denboraz gain, herritarren partaidetza ere ezinbestekoa izango da. Apiriletik aurrera izango da horiengana iristeko fasea?

Bai, gero herritarrak aktibatu beharko dira, ahobiziak eta belarriprestak behar baitira. Izan ere, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, helburua herritarren egunerokoan eragitea da, eta horretarako herritarren partaidetza behar da, ezinbestean. Azaroaren 23ra arte, herritarren prestaketari eskainiko dizkiogu hilabeteak, gomendioak emanez eta tailerrak eskainiz, egingo duten hori ahalik eta eroso eta eraginkorrena izan dadin.

Gaztelerara jotzen den gune edo esparru horietan bilatzen da aldaketa?

Bai, eta horretarako nahikoa da ondoan duzun kideak ulertzeko gaitasuna izatea. Ulermenaren balio askatzailea deitzen dio Pello Jauregik [EHUko irakaslea eta Lasarte-Oriako Baietz 40 egun euskaraz! egitasmoaren emaitzak aztertu zituena], eta oso ideia interesgarria da. Azken finean, esaten duena da Euskal Herrian ulermenaren tasa oso altua dela, eta horrek urrats handi bat egiteko aukera ematen duela.

Alegia, belarriprestak direla gakoa euskararen erabileran jauzi bat egiteko.

Joera orokorrabeti izan da ahobiziek, hau da, pertsona aktibo horiek, euskaraz hitz egitea bakarrik ahobiziekin. Norbaitek gazteleraz erantzute badigu, inertziaz gaztelerara jotzen dugu. Baina hemen txip aldaketa bat dago; hau da, nik euskaraz egin eta besteak ulertu badu, euskaraz hitz egiten jarrai dezaket eta jarraitu behar dut, parean dudana badelako gai ni ulertzeko. Eta belarriprestak ere aktibo izatea da helburua, haiek ere esan dezaketelako “nik ulertzen zaitut, beraz hitz egidazu euskaraz, nahiz eta nik gazteleraz erantzun”. Ahalduntze kolektibo bat izango da, denok batera egingo dugun ariketa praktiko bat.

Ekintza edo ekitaldi berezirik aurreikusten duzue herrietan, Euskaraldiak iraungo duen egunetarako?

Guk, berez, ez dugu euskaraz aritzeko ekintza berezirik antolatzea nahi: beti esaten dugu ez dugula euskaraz aritzeko pilates talde bat sortu nahi, baizik eta gaur egungo pilates talde horretan euskaraz egin ahal izatea. Beraz, herri batzuetan antolatuko dira ekintza bereziak, aktibazioari edo bisibilizazioari begira, baina helburu orokorra da herritarren eguneroko eta ohiko esparruetan eragitea, eta aldaketa sortzea.