Aniztasunaren apologia

Aniztasunaren apologia

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gizartean nagusi diren estereotipoetatik kanpokoak ala bazterrekoak pantailaren erdigunera eramango ditu Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiak. Astelehenean hasiko da 15. jaialdia, eta norbanako bakoitza ezberdina izateak dakarren aberastasuna aldarrikatuko du martxoaren 4ra bitarte egingo duten jarduera bakoitzean. Programazioaren alderik indartsuena lehen astean izango da, egun horietan emango baitira sail ofizialean lehian arituko diren pelikulak. Bigarren astean emanaldiak egingo dituzte berriz, eta baita bestelako jarduerak ere: orotara, 135 ekitaldi eta proiekzio baino gehiago antolatu dituzte. Golem, Bilborock eta Bilbo Arte aretoetan izango dira emanaldi gehienak.

Ezberdin izatea naturala dela zabaldu nahi dute aurtengo aldian, Pau Gillen Zinegoak jaialdiaren zuzendariaren hitzetan. “Arautik kanpo bizi diren pertsonei emango die aurtengo jaialdiak protagonismoa: bere sentimendu, sexu eta nortasun ezaugarriei dagokienez jendarteak ezartzen dituen estereotipoetatik kanpo bizi diren pertsonak ekarriko ditugu erdigunera. Maitatzeko modu ezberdinak daude, gorputzaz gozatzeko modu ezberdinak, nork bere eran azaltzen du bere nortasuna. Ezberdintasun horiek guztiek norbanako berezi egiten gaituzte. Gure ideia nagusia hori da, ezberdintasunek norbanako egiten gaituztela eta maitatzeko erak, gure identitatea adierazteko moduak eta gure sexualitateaz gozatzeko moduak ezin direla mugatu arau sozial edo estetikoengatik”.

Ildo horri tiraka, Emilie Jouvet zinemagile frantziarrak jasoko du aurtengo Ohorezko Saria. Intimitatea eta gorputza borroka eta militantziarako tresna bilakatzen ditu Jouvetek bere filmetan, eta, besteak beste, lan hori aitortuko diote. Asteartean, Bilboko Arriaga antzokian egingo den inaugurazio ekitaldian jasoko du garaikurra, eta aurrez haren bi film proiektatuko dituzte jaialdi-aurrean: 2016ko Aria, eta iaz estreinatutako My Body My Rules lanak.

Gero eta lan gehiago

Orain arte Hegoak elkarteak antolatu du jaialdia, baina hura desegin, eta Zinegoak elkarteak hartu du ekitaldia antolatzeko ardura. Iaz eman zuten jauziaren berri, eta aurten garatu dute: bazkide berriak egin eta LGTBI+ kolektiboekin harremanak saretzea izango du lehen urte honetan xede nagusia; betiere, kultura eta zinema tresna gisa hartuz.

Norabide horretan ari dira egunotan 3,2,1… Zinegoak! jaialdi-aurrea egiten. Astelehenera bitarte, sexu, nortasun eta genero aniztasunaren aldeko aldarria ahalik eta gehien hedatzeko ekitaldi sorta bat antolatu dute Bizkaiko hiriburuko hainbat elkarte eta erakunderekin batera. Gaur Bilborock aretoan La rara de la familia izeneko solasaldia egingo dute Pikara Magazinek eta Sare Lesbianistak elkarteak, eta zenbait DJ arituko dira ondoren, antolatu duten Pintxada bolleran. Bihar, berriz, Aluros Parade ikuskizuna izango da Santiago plazan.

Urtez urte hazi egin da Zinegoak, eta gero eta zuzendari gehiagok aukeratzen dute Bilboko topaketa beren lana estreinakoz erakusteko: Lazaro Louzao galiziarrak lehen aldiz eramango du jendaurrera Nove de Novembro film luzea, eta Alba Barbe i Serra zuzendari katalanak, berriz, Effeme, crossdressing-ari buruzko lana. Horiez gain, Soldatii. Poveste din Ferentari pelikula hungariarra, Saturday Church film estatubatuarra eta As Boas Maneiras brasildarra izango dira, askoren artean, lehian.

Pantailaratuko dituzten filmen egileekin aurrez aurre egoteko aukera izango da, hainbat kasutan. Ikusleen eta sortzaileen arteko hartu-emanak indartzeko saiakera berezia egin dute aurten Zinegoak elkartekoek, eta nazioarteko hogei sortzaile baino gehiago izango dira datozen egunetan Bizkaiko hiriburuan. Harreman horretan sakontzeko solasaldi bana ere egingo dute Lazaro Louzao film zuzendariarekin eta Ohorezko Saria jasoko duen Emilie Jouvet zuzendariarekin.

Ohi bezala, Euskal Begirada izeneko zikloan bildu dituzte Euskal Herriko film laburrak: sei izango dira guztira, eta horien artean daude Izaro Gorostidi eta Arantza Santestebanek ekoitzitako Euritan filma, Ageda Kopla Taldeak sortutako Beti bezperako koplak eta Ainhoa Artetxeren Homoamak lanak. Bilgune zikloan, berriz, bi gai nagusi landuko dituzte: memoria historikoa eta pinkwashing-a (garbiketa arrosa). Erakundeek, enpresek edota alderdi politikoek LGTBI+ kolektiboa politikoki erabiltzeari egiten dio erreferentzia pinkwashing terminoak, eta martxoaren 2an landuko dute gaia, Hika Ateneoa aretoan.

Zinegoak herriz herri

Euskal Herriko hamaika txokotara eraman nahi du Zinegoak elkarteak zinema jaialdiaren mezua; eta, horretarako, hainbat herritan eskainiko ditu lehian aritu diren lanetako batzuk, Bilboko proiekzio ofizialak bukatu ondoren. Martxoan egingo dituzte emanaldiak Bizkaian: Abadiñon, Bakion, Balmasedan, Barakaldon, Berrizen, Durangon, Galdakaon, Getxon, Igorren, Leioan, Mungian, Ondarroan, Portugaleten, Sestaon, Sopelan, Ugaon eta Urduñan izango dira.