Zientziari eta zinemari buruzko topaketak egingo dituzte Bilbon

Zientziari eta zinemari buruzko topaketak egingo dituzte Bilbon

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Kip Thorne astrofisikari estatubatuarrak eta 2017ko Fisikako Nobel saridunak aholkulari lanak egin zituen Interstellar filmean. Pelikularen gidoigile eta ekoizleekin elkarlanean arituta helburu bakarra zuela aitortu zuen gerora: pantaila handiaren bitartez gazteei zientziarekiko interesa piztea. Arrakasta nabarmena izan zuen filmak, eta, horregatik, Interstellar-en emanaldiarekin abiatuko da Hor Kanpoan, zientzia eta zinema elkartzen dituen zikloa, datorren asteazkenean. Bilboko Azkuna zentroak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroak antolatu dute programa, elkarlanean, eta Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Azkuna zentroan egingo dituzte emanaldiak eta solasaldiak.

Esplorazio espaziala eta estralurtarren bizitza izango dituzte hizpide Hor Kanpoan jardunaldietan, eta 1950eko hamarkadatik aurrera sortutako filmez baliatuko dira horretarako: asteazkenero pelikula bat emango dute Azkuna zentroan, eta filmaren gako zientifikoei buruzko solasaldia egingo dute hainbat zientzialarik hitzordu bakoitzean.

Pedro Miguel Etxenike fisikari nafarrak interpretatuko ditu Interestellar filmaren gakoak, hurrengo asteazkenean. Agustin Sanchez-Lavega fisikako katedraduna, Itziar Laka EHUko hizkuntzalari eta katedraduna, Ruth Lazkoz EHUko fisikari teorikoko aditua eta Txomin Romero DIPC ikerketa zentroko Kalkulo saileko zuzendaria ere izango dira martxoaren 21era bitarte egingo diren saioetan.

XX. mendearen erdialdeko zinemagintzak sarritan pantailaratu zuen bizitza estralurtarraren gaia, eta are gehiago landu ziren gerora, efektu bereziek izandako garapenari esker. Alien eta E.T. izan ziren prozesu horretan mugarri, eta bi-biak eskainiko dituzte Azkuna zentroan. Pixkanaka, gai konplexuagoak landu zituzten zineman, goi mailako galdera zientifikoak ere aurkezteraino. Zulo beltzei buruzkoa da Interstellar, eta Marterako espedizio bat egitearen aukerak landu zituzten The Martian filmean. Azken urteetan ere hainbat pelikula ekoitzi dituzte antzeko gaiekin: estralurtarrekin topo eginez gero horiek inkomunikatzeko metodoak landu zituzten, adibidez, Arrival filmean.

Gazteentzako emanaldiak

Asteazken arratsaldero elkartuko dituzte zientzialariak eta filmak. Baina goizetan ere emanaldi bereziak egingo dituzte Bilboko DBHko ikasleentzat. The Martian pelikula landuko dute gazteekin, eta EHUko Zientzia Planetarioen taldeko hainbat zientzialarirekin batera planeta gorriari buruz egiten ari diren ikerketak ezagutuko dituzte.