Droga errotuenen arrisku isilak

Droga errotuenen arrisku isilak

Natalia Salazar Orbe

Diseinuzko droga berrien agerpena protagonista izan ohi da albistegi eta egunkari ugaritan. Substantzia berri bat antzeman dutela, edo Poliziak laborategi bat desegin duela, halako berriek titulu handiak hartu ohi dituzte. Droga sintetiko horiek sortzen duten besteko alarma eta oihartzunik ez eragin arren, alkohola da gehien kontsumitzen dena. Hala ondorioztatu du Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak. Azken ikerketa argitara eman dute berriki. 2016an, 2.244 inkesta egin zituzten hainbat ikastetxetako 9 eta 20 urte arteko gazteen artean. Durangaldean ez ezik, Bizkaia osoan ere alkohola da gehien kontsumitzen den droga. Hala azaldu du Deustuko Unibertsitateko Droga Mendekotasunen Institutuko zuzendari Juan Manuel Gonzalez de Audikana de la Herak.

Komunikabideetako mezuek zein kaleko iritziek bestelako errealitatea irudikatzen duten arren, ikerketek agerian utzi dute bestelako drogak askoz gutxiago kontsumitzen direla. Gonzalez de Audikanak uste du kaleko pertzepzioa oso subjektiboa dela. “Datuen arabera, kontsumoa txikiagoa da, eta arreta eskaintzen duten zentroetatik ateratako emaitzek ere gauza bera ondorioztatu dute: gora egin dute alkohol, kalamu eta anfetaminen kontsumoagatik egindako laguntza eskaerek. Beste substantziengatik egindakoek, aldiz, behera egin dute. Bereziki, kokaina eta heroinari dagozkienak”.

Maia Alberdi Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuko teknikariak aletu ditu eskualdeko emaitzak. Droga erabiliena izan arren, “ia adin tarte guztietan jaitsi egin da alkohol kontsumoa. Ohiturazko kontsumoa %54,4 zen duela zortzi urte eta %40,3 da orain”. Hala ere, igo egin da alkohola ohituraz kontsumitzen dutenen kopurua 19 eta 20 urte dituztenen artean. Horretarako arrazoi argia zein den ez dakiten arren, hipotesi bat planteatu du: “Gure gizartean edozein esparrutan erabilia izan da alkohola, eta gaur egun ere oraindik erabiltzen da; batzuek lotsa kentzeko eta besteekin harremanak izateko darabilte”.

2008an eta 2012an ere ikerketa bera egin zuten. Aurreko bi urte horietan tabakoa alkohola baino lehenago probatzen zuten. 2016koan alderantziz gertatu da.

Alkoholaren atzetik tabakoa da ohituraz gehien kontsumitzen den droga. Haren atzetik datoz marihuana eta haxixa. Askoz kopuru txikiagoetan jarraitzen diete kokainak, speedak, haluzinogenoek, arnasgarriek eta estasiak. Haluzinogenoen kontsumoa izan ezik, beste guztien ohiturazko kontsumoak behera egin du.

Tabakoaren ohiturazko kontsumoak ia 11 puntu egin du behera, 2008ko datuekin alderatuta. Marihuanak, ia bederatzi puntu, eta, haxixak, ia hamar. Gainerako drogen presentzia grafiko horretan oso txikia da. Alberdik ez du argi jaitsiera horien arrazoia zein den: “Baliteke aisialdiko ohitura aldaketak, hezkuntza eredua aldatzen joateak zein gai hauei garrantzia emateak eragin izana”.

Drogok probatzeko adinari dagokionez, atzeratu egin da azken urteetan. Alkoholaren kasuan, 13 urte eta hiru hilabetekoa da, Durangaldeko ikerketaren arabera. Gonzalez de Audikanak ere 13 eta 14 urte arteko garaian ezarri du. Tabakoa probatzeko batez besteko adina 14 eta lau hilabetekoa da, aurreko ikerketan baino urte erdi geroago.

Droga moten kontsumoari buruzko zenbaki zehatzik eman ez duen arren, Bizkaian datuak antzekoak dira. Alkoholaren atzetik, tabakoa eta kalamua kontsumitzen dira gehien; hirugarren tokian daude psikofarmakoak. Laugarren tokian kokatu ditu speeda eta anfetaminak, kokaina eta estasia. Horren atzetik daude LSD-haluzinogenoak, arnasgarriak eta, azkenik, heroina eta ketamina. “Badira droga berriak, baina, orokorrean, eragin txikia dute. Oso minoritarioak dira, eta ia soilik erabiltzen dituzte droga esploratzaileak izendatu ditugunek eta mendekotasun arrisku handia dutenek eta kontsumo ingurune zehatzetan sartuta daudenek”.

Droga gogorragotzat jotakoen kontsumoa besteak baino baxuagoa izateak ez du lasaitasunerako tarte zabalik irekitzen. Hezkuntzan doktoretza du Gonzalez de Audikanak, soziologoa eta zientzia politikoetan lizentziaduna da, eta uste du zehaztu behar dela kontsumoak sor ditzakeen arazoak zeintzuk diren. Sarri asko mendekotasuna hartzen baita kontsumoak sortzen duen ondorio kaltegarrien gisa. Hala ere, ez da bakarra. “Esaterako, tabakoarekiko mendekotasuna ez litzateke izango oso problematikoa buruko osasunaren ikuspegitik. Hala ere, mendekotasunaren eraginez tabako asko kontsumitzen da. Jakina da horrek kalte egiten diola osasunari, eta hainbat gaitzi lotuta dagoela”.

Alkoholarekin konparatu du orduan. “Askok kontsumitzen dugu alkohola, baina mendekotasuna garatzen dutenen kopurua txikia da. Hala ere, droga hori behar bezala ez kontsumitzeak trafiko, laneko zein etxeko istripu ugari sorrarazi ditu; baita borroka eta eraso asko zein babesik gabeko sexu harremanak ere. Arazook ez litzaizkioke gertatuko alkoholik edaten ez duen erretzaile bati”.

Azalpenak borobiltzeko heroinari buruz mintzatu da. Mendekotasun handia sor dezake, eta, horrez gain, berau kontsumitzen duten askok osasunerako arrisku handia sortzen duen bizimodua darabilte. “Hala ere, substantziak berak ez omen ditu arazo fisiologiko larriak sortzen. Hori dela eta, askok uste dute baldintza onetan kontsumitzeko aukera balego ez lukeela horrenbesteko osasun arazorik eragingo”.

Alkohola gizartean erabat errotuta dagoen droga izan arren, arrisku ugari dituela gogorarazi du Gonzalez de Audikanak. “Ez da beharrezkoa norbaitek egunerokoan zailtasunak edo arazoak izatea alkoholaz abusatzera eramango duten ohituretan murgiltzeko. Esaterako, familiarekiko konpromisorik ez dutenak kuadrillarentzako libre egon daitezke goizean ardo batzuk hartzeko, ardoarekin bazkaltzeko, arratsaldean trago batzuk hartzeko, asteburuan txokoan edateko, edota partidaren aurretik kopa batzuk hartzeko. Erabat integratuta egon arren, kontsumo handia darabilten pertsonoi alkoholaren mendekotasuna sor dakieke”.

Prebentzioa non ezarri

Gazteentzako prebentzio kanpainak gero eta ugariagoak dira. Durangaldean hainbat darabiltzate: besteak beste, balioen programa, emozioak, heziketa afektibo-sexuala, droga desberdinen prebentzioa eta arrisku murrizketa, guraso eskola eta hitzaldiak, tabakorik gabeko eguna, alkoholemia tasa jakiteko erakuslekua edota tabakoa eta antsiolitikoak uzteko ikastaroak.

Gonzalez de Audikanak helburu aldaketa proposatu du. Gaztetako kontsumoei garrantzi handia ematen zaiela dio, eta besteei —alegia, arazoak dituzten neska-mutilek darabiltzaten arrisku kontsumoei—, apenas ezer. “Esplorazio kontsumo horiek kontsumo sozial agerikoenak dira, eta alarma sozial handiena sortzen dutenak; baita eragozpen gehien sortzen dutenak ere: kaleko edana, diskotekak, adingabeak alkohola edaten…”. Hala, esku hartzerik gehienak sektore horretara bideratzen dira. Bitartean, baina, arrisku handiagoak dituzten neska-mutilak abandonatuta gera daitezke.