“Beti esaten zidaten gorputz itsusia geratuko zitzaidala arraunagatik”

“Beti esaten zidaten gorputz itsusia geratuko zitzaidala arraunagatik”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Duela bi urte hasi zen emakumeen arrauna urrats sendoak egiten Bizkaian, Judith Llaneraren esanetan (Portugalete, 1999). Deustuk emakumezkoen trainerua ateratzeko hartu zuen erabakia mugarri izan zen. Kaikuk, klub mitikoak, aurten atera du lehen aldiz emakumezkoen trainerua, eta, horrekin, Bizkaiko hiru talde arituko dira denboraldi honetan: Kaiku, Deustu eta Lea-Artibai. Urratsak egiten ari direla eta, ilusioz gainezka dago Llanera.

Kaikuk emakumezkoen trainerua du, lehen aldiz. Horrenbesteko historia duen klubak nolatan ez du izan orain arte?

Emakumeen arraunak garrantzia izan du, baina Gipuzkoan. Bizkaian, duela bi urte inguru Deustuk atera zuen lehen trainerua. Ordura arte ez zegoen emakumezkoen trainerua zuen klubik.

Beraz, duela bi urtera arte Bizkaian ez zegoen emakumeen trainerurik?

Tira, klub batek ateratakorik ez. Deustu baino lehenago egon zen Bizkaitarra. Bizkaiko hainbat klubetakoak bildu ziren han: Kaikuko hainbat neska zeuden, Arkotekoak, Santurtzikoak… Baina elkarte baten modukoa zen, eta Deustuk trainera atera zuen arte ez zen eman pauso argirik.

Zuen kasuan, kostatu da Kaikuk pausoa ematea?

Egia esan, ez dakit, gu berriak gara eta. Guk iaz Portugaleten egin genuen arraun, eta aurten etorri gara Kaikura. Badakigu iaz zaila izan zela Portugaletekoa ateratzea, baina aurtengoari buruz ez dakigu gauza askorik. Hala ere, zaila izaten da taldea izatea. Eta Kaikun lortu dugu osatzea.

23 neska zarete taldean. Asko.

Bai, 23 izatea asko da, are gehiago kontuan izanda adin bat behar dela taldean egoteko.

Zein adin tartetakoak zarete?

Gazteen mailatik aurrerakoak: 16-17 urtetik gorakoak.

Nola izendatuko zenuke taldea?

Nire ustez, taldea oso ona da. Familia bat gara. Nire ustez, ez dauka beste izenik: familia. Oso lagun onak gara, arazoren bat badaukagu ez daukagu zertan gorde; berdin kirol alorreko zerbait bada, edo bizitza pertsonalari lotutakoa. Gure artean lasai hitz egin ahal dugu, eta oso ondo gaude, oso pozik.

Nola lortzen da hori horren denbora gutxian? Sortu berria da taldea…

Bai. Tira, taldearen zati handi bat Portugaleten hasi ginen arraun egiten, eta hainbat urte daramagu elkarrekin; hori nabaritzen da. Hala ere, badaude beste talde batzuetako arraunlariak ere, eta oso ondo egin dugu bat; taldean barneratzeko erraztasun handia dugu edo…

Beraz, Kaikun batu zarete, baina inguruko zenbait herritako arraunlariak elkartu zarete trainerua ateratzeko?

Gehienbat Sestaokoak eta Portugaletekoak gara.

Zeintzuk dira, gaur egun, zailtasun handienak emakumezkoen traineru bat ateratzeko?

Lehenik, arraunlariak izatea ezinbestekoa da, zeren, jenderik ez badago, ezin da trainerurik atera. Bigarrenik, prestatzaile on bat izatea garrantzitsua da; proiektua eta kluba aurrera atera nahi dituen prestatzaile bat, gogoa duena. Materiala izatea ere bai, zeren materialik gabe ezin da atera. Eta horretarako, dirua behar da. Dirurik ez badago, ezin da.

Horretan gakoa izango da klubek emakumeak babesteko apustua egiten duten…

Bai, ea klubek eta sustatzaileek dirua jartzen duten hartarako.

Hobetzen ari da jarrera?

Sustatzaileek emakumezkoak babesteko prestasun handiagoa dute lehen baino.

Zuen lehen denboraldia izango da aurtengoa. Zein erronka nagusi dituzue?

Printzipioz, uretara ateratzea eta dakiguna ahalik eta hobekien egitea. Ez daukagu postu jakin bat lortzeko nahia edo… Nahi duguna da taldeak aurrera egitea, hobetzea pertsonalki eta talde moduan, eta urte batzuk barru ikusiko dugu postu oso on bat lortu dezakegun edo zer egin ahal dugun.

Zer ekarpen egingo dio traineru berri hau ateratzeak kirolari, Bizkaiari eta berdintasunari?

Duela bi urte, Deustuk atera zuen trainerua lehen aldiz; iaz, Deustuk, Portugaletek eta Lea-Artibaik… Bi urte hauetan ikusi dudana da eman ditugula aurrerapauso batzuk, eta uste dut dagoeneko ez gaudela duela lau urte bezala. Orain, Bizkaiko emakumezkoen arraunak garrantzi handiagoa du, eta ez dakit bi urte barru izango den edo hamar barru, baina handiagoa izango du, seguru.

Beraz, harrobia badago?

Bai, eta orain ikusten da emakumeok ere egiten dugula arrauna eta ez dela gizonezkoen kirol bat. Jendea badago aurrerapausoak ematen, eta badaude neskak saiatu nahi dutenak; lehen ez nituen asko ezagutzen. Beraz, pozik.

Portugaleten aritu zinen iaz, baina trainerua bertan behera geratu zen. Zergatik?

Klubean arazoak izan zirelako.

Kaikuri ikusten diozu apustuari luzaro eusteko asmoa?

Bai. Nik gogotsu ikusten dut, eta, gainera, jarraitzaileak oso pozik daude; harrera oso beroa izan dugu. Igandean izan genuen gure lehenengo estropada, eta oso polita izan zen. Jende asko etorri zen guregana esatera oso pozik zeudela… Oso polita.

Zergatik kostatzen zaie emakumeei arraunean sartzea?

Nire ustez, betidanik pentsatu dutelako gizonezkoen kirola dela eta oso gogorra dela. Bai, bada gogorra, baina… Eta, adibidez, niri beti esaten zidaten gorputz oso itsusia geratuko zitzaidala arraunagatik, gizonezkoen kirola zelako… Halakoek gogoa kentzen dute, guztiz.

Baduzu betetzea gustatuko litzaizukeen ilusio bereziren bat?

Arraun egitea bakarrik. Udan arraun egitea, pozik egotea, taldea mantentzea, taldearekin dugun harremanari eustea. Oso ondo gaude elkarrekin, eta hori oso zaila da. Ikusi ditugu batzuk ez zeudenak pozik euren klubean… Niri hori arrotza egiten zait.