1936ko gerran eraikitako Burdin Hesiaren aztarnak babesten hasi dira

1936ko gerran eraikitako Burdin Hesiaren aztarnak babesten hasi dira

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Sastrakek estalita, hautsita eta ahaztuta. Hala egon dira urte luzez Jaurlaritzak 1936ko gerran Bilbo defenditzeko eraiki zuen defentsa lerroaren aztarnak. Burdin Hesia esaten zaio azpiegitura horri, eta Bizkaiko 31 udalerri zeharkatu zituen; azken urteetan gero eta gehiago izan dira defentsarako eraikitako aztarna horiek aurkitu eta garbitzen aritu diren herritarrak. Bizkaiko hainbat elkartek asmoa dute 1936ko gerrako agertoki izan ziren aztarna horiek oroimenerako toki bihurtzeko, herritarrei inoiz inork kontatu ez dien historiaren pasarteak kontatzeko ahaleginetan. Bada, erakundeen babesa iritsi da orain: Gogora Institutuak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek eta bi herrialdeotako 33 udalerrik Burdin Hesiaren aztarnak gordetzeko eta ezagutzera emateko lankidetza protokoloa hitzartuko dute. Memoriaren ibilbideak antolatu nahi ditu Gogorak herri horietan, eta Galdakaon izan da lehena: hamar informazio panel eta 21 seinale jarriko dituzte otsailean herrian dauden gerra azpiegituretan zehar. Gerora, gainontzeko herrietara zabaldu nahi dute.

Erakundeek hiru neurri adostu dituzte Burdin Hesiaren aztarnak “balioesteko”: batetik, herriz herri dauden defentsa lerroaren aztarnak babestea; bestetik, aztarna horiek zaintzea; eta azkenik, ezagutzera ematea. Erakundeek konpromiso zehatzak ere hartu dituzte, norabide horretan aurrera egiteko: Eusko Jaurlaritzak Burdin Hesiaren aztarna guztiak kultur ondare izendatzeko proposamena egin zuen iazko urrian.

Hortaz, datozen hilabeteetan, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak babestuta egongo dira 1936ko gerran Bilbo defenditzeko eraiki zituzten eta gaur egun kontserbatzen diren azpiegitura guztiak. Arau horren bidez, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek eta tokian tokiko udalek aztarna horiek guztiak zaintzeko eta “ongi” edukitzeko ardura izango dute. Hau da, Jaurlaritzak kaleratutako legearen ondorioz, erakunde publikoak arduratuko dira gaur egun eremu pribatuetan dauden aztarnen kudeaketaz.

Baina Gogorak Burdin Hesiko aztarnak mantentzeaz haragoko urratsak egin nahi ditu: Memoriaren ibilbideak egin nahi dituZierbenatik Plentziara zihoan defentsa sisteman zehar, eta egitasmo bakarrean bildu nahi dituzte. Ibilbide guztietarako irudi eta seinale komuna diseinatuko dute horretarako, eta, Gogora elkarteko kideek iragarri dutenez, panelak jarriko dituzte tokian tokiko udalekin elkarlanean, 1936an zer gertatu zen azaltzeko eta “Euskadiko memoria demokratikoa berreskuratzen laguntzeko”. Galdakaon jarri dituzte lehenak, eta gero eta herri gehiagotara zabaldu nahi dute egitasmoa.

“Ikerketa hasi genuenean, sasiz beteak zeuden Burdin Hesiaren hondakin gehienak, eta baita galdakoztarren ahanzturaren zuloan ere”. Nagore Ferreira Galdakao Gogora elkarteko kidearen hitzetan, ibilbidea ahanztura horri aurre egiteko bide bat da. “Defentsa lerroaren aztarna ugari daude gurean, eta gure udalerriko hainbat lagunek parte hartu zuten eraikuntza lanetan. Lanetan edota trintxeretan borrokatu zuten gizon eta emakume guztiak gogoratu nahi ditugu”.

Hiru ibilbide ezarri dituzte Galdakaon, eta, azaldu dutenez, hiruretan lubakiak, metrailadore habiak, gotorlekuak eta alanbre arantzadunak izango dira ikusgai. Distantziaren arabera banatu dituzte hiru bideak: luzeenak 9 kilometro ditu, bigarrenak 3,6 eta laburrenak 1,5.

Udaletxearen aurreko plazatik abiatzen dira hirurak, eta bertan kokatu dute Burdin Hesiaren ibilbideen berri ematen duen lehen informazio panela. Ibon Uribe Galdakaoko alkateak azaldu duenez, hilabete honetan jarriko dituzte gainontzeko hamar panelak eta ibilbideen berri ematen duten seinaleak. “Gure udalerrian, Galdakao Gogora elkartearen eta udalaren artean egindako elkarlanari esker, panel hau memoria historikoa berreskuratzearen aldeko lankidetza markoaren emaitza da”.

Oroimenerako lerroa

80 urte baino gehiago igaro dira Burdin Hesia deritzona eraikitzen hasi zirenetik, 1936ko gerra betean. Francoren aldeko tropek Gipuzkoa azkar hartu zutela ikusita, Jaurlaritzak Bilbo Handian jarri zituen faxisten oldarrari aurre egiteko itxaropenak, eta 80 kilometroko U itxurako defentsa lerroa diseinatu zuen, Zierbenatik Plentziako kostarainokoa, etsaiaren tropak Bizkaiko mugetan zirenean.

Orotara, Burdin Hesiaren egitasmoak 59 milioi pezetako aurrekontua izan zuen, eta 8.500 gizon eta emakume aritu ziren jo eta ke lanean —hasieran 13.000 behargin ere izan zituen—. Ahaleginak alferrik izan ziren, ordea. 1937ko ekainean faxistak defentsa lerrora iritsi zirenean, defentsa lerroak behar zituen 80 kilometroetatik %40 baino ez zeuden bukatuta, eta lubakien %28 besterik ez zeuden eginda.

Lurraldeko aldearen arabera, bost ataletan banatu zuten Bilboren defentsa sistema. Bat: Zierbenako Luzuero lurmuturretik Galdamesera bitarteko tartea. Bi: Galdamesen hasi eta Ganekogorta mendi ingurura. Hiru: Ganekogortatik Galdakaoko Arteganera. Zollo, Ugao eta Upo mendia ere hartzen zituen Burdin Hesiaren hirugarren alde horrek. Lau: Galdakaoko Arteganetik Larrabetzuko Gaztelumendi mendiguneraino. Eta bost: Gaztelumendiko tontorretik itsasora doan tartea. Larrabetzuko mendatea Fikako Urrusti mendigunearekin eta Artebakarrarekin lotzen zen —Derio eta Mungiaren arteko mendatea—.

Getxo, Sopela eta Barrika ere zeharkatzen zituen defentsa lerro horrek. Guztira 33 herri zeharkatu zituen gerra azpiegiturak, eta, Gogora Institutuaren arabera, 25 udalerritan iraun dute aztarnek gaur egunera arte. 300 elementu baino gehiago babestuko dituzte erakundeek.

Bilboren defentsa lerroa da eraikuntzaren jatorrizko izena. Baina, bitxia bada ere, faxistek eraikuntzari deitzeko erabilitako izendapena da gaur egunera arte iritsi dena: Burdin Hesia, alegia. Logika bikoitza zuen errepublikanoek eraikitako defentsa lerroari hala deitzeak: irabazten baldin bazuten, garaipena are gehiago gogoratzeko; eta suntsitzea lortzen ez bazuten, berriz, porrota justifikatu ahal izateko. Propagandarako erabili zuten, hortaz, Burdin Hesiaren adiera.

Aipatutako lerro hori guztia “balioestea” da Gogoraren xedea. Baina harago egin du: Burdin Hesiaz gain, Bizkaian dauden bestelako defentsa lerro batzuk ere babestuko dituzte: Jata mendian dagoen Ingeles lerroa eta Artxandako defentsa lerroa kasu. Erresuma Batuko gobernuak ikusi zuen Burdin Hesia ipar-ekialdetik indartu beharra zegoela, eta erabaki zuten Jata mendiaren inguruan defentsa azpiegitura bat eraikitzea: hortik datorkio Ingeles lerroa izena. Artxandako babes lerroa, aldiz, Bizkaiko hiriburua gordetzeko eraiki zuten azken lerroa izan zen.

Memoria elkarteen hazia

Memoria elkarteak 1936ko gertakariak ikertzen eta defentsa lerroak garbitzen eta lehengoratzen dabiltza hainbat tokitan. Ugaon, Etxebarrin, Berangon, Lemoan eta Larrabetzun, herritarrek hainbat urrats egin dituzte norabide horretan. Azken urteetako lan horri erakundeen babesa iritsi zaio orain. Gogora Institutuak 1936ko gertakarien transmisioa bermatu nahi du Memoriaren Ibilbideak egitasmoarekin. Galdakaon eman dute lehen pausoa, eta iragarri dute datozen hilabeteetan herri gehiagotara zabalduko dela.

Ekitaldia gaur Kolunbarioan

Duela urtebete, iazko urtarrilaren 30ean inauguratu zuen Jaurlaritzak Duintasunaren Kolunbarioa deiturikoa Elgoibarren. Identifikatu ezin izan diren 36ko gerrako gorpuzkiak sartzeko atondu zuten gunea, Olaso hilerriaren aldamenean, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak  lurpetik ateratako 27 gorpuzki gorde zituzten inaugurazio ekitaldian bertan.

Azken urteetan berreskuratutako gorpuzkiak gordeko dituzte gaur Gogorak antolatutako ekitaldian: besteak beste, Larrabetzun aurkitutako hiru borrokalarienak, Zeanurin lurpetik atertako bost gudarienak eta Etxebarrin aurkitutako hiruenak. Memoria elkarteen babesa izango du gaurko ekitaldiak.