Ur edangarriaren bila

Ur edangarriaren bila

Peru Azpillaga

Duela hamabost urte, Angola gerra zibilean murgilduta zegoen oraindik. Iragan gatazkatsua du herrialdeak, eta urteetako liskarrek eta mundu mailako interes politikoek desoreka ekonomiko eta sozial itzela ekarri dute Afrika hegoaldeko herrialde horretara. Hamaika eremutan du eragina desoreka horrek, baina bada bat gehienetan isilpean igaro eta praktikan funtsezko garrantzia duena: osasuna.

Horregatik, 2014. urtean, Walale proiektua osatzen duten lagunak harri eta zur geratu ziren Angolako Vougako ospitalea ezagutu zutenean. Argi azaldu du bertan lanean egon zirenean izandako sentsazioa Patricia Perez de Villareal Walaleko kideak: “Ez dago ia sendagairik, ezta osasun materialik ere. Gauza mordoa falta zaizkie: bai ebakuntza gelak, bai analisiak, erradiografiak eta diagnostikoak egiteko baliabideak…”. Eta are gauza funtsezkoagoa: ur edangarria.

Bediako farmaziaren eskutik izan zuten Angolako sendagileekin lankidetzan aritzeko aukera. Bie probintziako Vouga ospitalean aritu ziren bi astez, eta, harrezkero, urtero itzuli dira. Bost medikuk osatzen dute elkartea, denak ere galdakoztarrak. Lehenengo bidaia egin ostean, ezin izan diote itzultzeari utzi. Haien helburua: ikusitako osasun arazoei aurre egiteko, euren esku dagoen guztia egitea.

Lurralde horretan desoreka ekonomikoa itzela dela dio Perez de Villarealek: “Luanda hiriburua, adibidez, munduko garestiena da, eta guk bisitatutako probintzia, irauteko ekonomian oinarritutako landa gunea”. Lehenengo urtea oso gogorra izan zela aitortu du Walalako kideak, lan egiteko baliabide faltaz gain, hizkuntzaren oztopoari aurre egin behar izan ziotelako. “Angolako hizkuntza ofiziala portugesa den arren, han umbunduz mintzatzen dira”. Hain zuzen ere, hizkuntza horretatik dator Walale taldearen izena: goizetan agurtzeko erabiltzen duten hitza da walale.

Hizkuntza ez ezagutzeak nabarmen zaildu zuen, hasieran, hango langile eta herritarrekin konfiantzazko erlazio bat sortzea. Baina behin eta berriz itzultzearen poderioz konfiantza hori lortu dutela eta, gustura dira taldeko kideak.

Esperientziak asko erakutsi diela dio Perez de Villarealek. “Gu ohituta gaude denetarik edukitzera. Halako tokietara joatean, ezer eduki ez arren egiten duten lan guztia ikustea ikaragarria da”. Eta, jasotzen duten bizi esperientziaz gain, hango jendea lagun bilakatu dela azaldu du. Horregatik, bidaia bakoitzaren ondoren Galdakaora itzultzea oso gogorra egiten zaie, “abandonatu” egiten dituztela sentitzen dutelako. “Hamabost egun ematen ditugu han, baina, itzultzean, betiko egoerara bueltatzen dira”. Hortik sortu zen ur araztegia sortzeko ideia.

Urari buruzko formakuntza eza

Gaixotasun asko edaten duten uraren ondorio direla ikusi dute. Besteak beste, gaixotasun gastrointestinal mordoa edangarria ez den ura edateak sortzen duela; adibidez, malaria. “Han ez ditugu bi aste baino egiten, eta, laguntza iraunkorragoa emateko, ur araztegi bat instalatzea pentsatu genuen: ur edangarriaren bidez, gaixotasunak gutxitzeko”, kontatu du Perez de Villarealek. Haren esanetan, hango lurretan ez dute higiene neurriei buruzko kontzientziarik, eta ur zikina erabiltzen dute denerako; baita edateko ere. “Jende andana izan dugu ospitalean horregatik, eta araztegiak asko lagundu dezake”.

Premia betetzeko beharraren inguruan jirabiraka hasi, eta 2017ko urtarrilean abiatu zuten Walale proiektua. Eta emaitza ederra jaso dute: aurrekontu osoaren %85 lortua dute. “Oso pozik gaude. Jende askok hartu du parte egitasmoan, eta dirua leku askotatik jaso dugu”. Bai araztegia jarri ahal izateko dirua lortzeko eta bai egoeraren berri emateko, hainbat ekitaldi egin dituzte azken urtean. Besteak beste, hitzaldiak eta argazki salmentak.

Aurten Angolara itzultzen direnerako ur araztegia izatea espero dute. Hala ere, nabarmendu du proiektuaren helburua ez dela soilik araztegia jartzea. “Formakuntza tailerrak ere eman nahi ditugu; oro har, makinaren mantentze lanetarako”. Perez de Villarealek argudiatu duenez, askotan eramaten dira halako tresna eta baliabideak. Sarri apurtu egiten dira, ez direlako ondo erabiltzen, eta han geratzen dira monumentuak balira bezala, inork ez dakielako nola konpondu. Hori eragozteko, formakuntza sustatu nahi dute Walala elkartekoek.

Emakumeak ardatz

Angolan genero alorrean dauden desberdintasunak gainditzen ere lagundu nahi du Walala proiektuak. “Orain dela hamabost urte gerran murgilduta zegoen herrialdea, eta kaltetuenak emakumeak izan dira: asko hil ziren, beste asko bortxatuak izan dira eta zenbatezinak dira seme-alabak galdu dituzten amak”. Gainera, Perez de Villarealek dio tradizio patriarkala oso handia dela bai gizartean eta bai legeei dagokienez. Emakumea da familia mantentzen duena, landan lan egiten duena eta baita umeak zaintzen dituena ere. Landa gunea oso pobrea da, eta ez dago elektrizitaterik ere: “Landan ateratzen dutenetik bizi dira, irauteko ekonomian oinarrituta”. Alta, gizonen presentzia oso txikia dela azaldu du taldeko kideak, egunean zehar gehienek herritik kanpo egiten dutelako lan, hiriko obretan, batik bat. Alkoholismoarekin arazo larriak dituzte.

“Angolak genero desberdintasun handia dauka, eta emakumeak dira borroka horretan galtzaileak. Gure bidaietan lurra lantzen, merkatuetan elikagaiak saltzen, umeak hezten… ikusi ditugu; hots, dena egiten dute”. Herriko antolaketan bada argi izpi bat, halere: ospitale inguruko auzo bakoitzak arduradun bat du, auzoan sortzen diren arazoei irtenbideak topatzen saiatzen dena. “Ikusi dugu, zorionez, figura horiek emakumeak direla. Nolabait badaude euren lekua eta posizioa aldarrikatzen”.

Walale proiektuarekin ere emakumearen garrantzia indartu nahi dute, emakume arduradun haiek proiektuaren partaide bihurtuz. Hartarako, akordio bat sinatu zuten azken bidaian. Ondorioz, bertako emakume arduradunek herrixketako edo auzoetako pertsonak informatuko dituzte ur araztegiaren inguruan, eta, bitartean, higiene eta osasun neurriei buruzko formakuntza sakona jasoko dute, adibidez, edan aurretik ura irakiteko beharra azalduz, edota eskuak garbitzearen garrantzia aipatuz.