Udaberria esnarazteko deia

Udaberria esnarazteko deia

N. S. O.

Neguak dakarren garai ilunari agur esan eta udaberriari jaiki eta iritsi behar duela gogorarazteko beste erritu batek ere astinduko ditu Bizkaiko hainbat herritako kaleak. Etzi, Santa Ageda egunaren bezperan, santa eskean aterako dira ume, heldu zein adinekoak, batean eta bestean antolatu dituzten ekitaldietan.

Kristautasunaren indarrez ospakizuna Santa Ageda santuari lotu bazaio ere, horrek ere bestelako errituetan ditu hastapenak. Makilaz lagunduta atera ohi dira kalera kantuan. Lurrari astinduak eman, abestu, eta, eup! indartsu batez, kantaldiari hasiera eta bukaera ematen diote. Zarata eta kantu horiek guztiek helburu bat dute: udaberria esnaraztea.

Plentzian, 17:30ean aterako da guraso elkarteak eta herritarrek deituta elkartutako taldea. Astillerotik abiatuko dira. Gatzamiñe eta Eleiz plaza izango dituzte hurrengo geralekuak.

Lemoan goizago ibiliko dira. 10:00etan hasiko du ibilbidea Arratiako Koruak. Udaletxetik abiatuta, besteak beste, San Ignazio, Bikandi Alkatea zein Plaza Gorria igaroko ditu. Atxeta plazan egingo dute azken saioa kantuan. 11:35ean, salda eta txorizo egosia emango diete parte hartzaileei.

Ez da izango Arratian izango den kantaldi bakarra. Bedian, 17:00etan jarri dute ordua, plazan. Auzorik auzo ibiliko dira. Igorren, 12:00etan aterako da Ebatzi elkarteak antolatuta kantuan ariko den taldea. Beheko plazatik abiatuko dira. Zeanurin, bertako abesbatzaren esku utzi dute udaberriari deitzeko betebeharra. 11:00etan hasiko dute kantu saioa. Bestalde, Arantzazun bi ordu jarri dituzte. Auzoz auzo kantuan aritzeko, 10:00etan elkartuko dira plazan. Herrian zehar ibiliko den beste taldea, berriz, 11:00etan aterako da leku beretik.

Herriko kale eta auzoak kantuz beteko dituzte Orozkon ere. Agate Deuna abesbatzak astinduko ditu hango lurrak. Ondarroan, gazte talde batek berreskuratu du galtzear zegoen ohitura. Haiek ere santa eskean aterako dira, eta gero bazkaria egingo dute elkarrekin. Hori ere ohitura izan da urte luzez hainbat lekutan.

Barakaldon biharkoa dute egun handia, Santa Ageda eguna bera. Erromeria egingo dute Arroletza mendian. 30 erakuslekutan artisauen produktuak aurkituko dituzte bisitariek.

Eliza katolikoaren santutegiak Santa Agedaren omenezko egun gisa finkatu zuen otsailaren 5a, eta hala ospatzen da egun, urtero. Dena den, kantuan bezperan ateratzen dira talde eta elkarteak. Ikastetxe askotan ere antolatzen dituzte irteerok.

Nor zen Santa Ageda

Erlijio katolikoak Siziliako (Italia) Catania herriko emakume bati lotuta jaso du Santa Agedaren eguna. 203. urtean jaio zen Ageda. Quinciano Siziliako gobernadorea hartaz maitemindu zen. Agedak, ordea, ez zion kasurik egiten. Mendekuz, Quincianok espetxera bidali zuen gaztea. Han tratu txar ugari eman zizkioten. Besteak beste, bularrak moztu zizkioten. Gero, santu izendatu zuten. Hala, tradizio kristauan zabaldutako gertakari haiek gogoan bereganatu zuten jatorriz neguko solstizioaren ondoren lurra esnatzeko helburua zuen erritua. Etxerik etxe oles eginez ospatuko dute hainbat herritan.