Lurrari eman, gero jasotzeko

Natalia Salazar Orbe

Zaila zen bizirik irautea neguaren gordintasunak Bizkaiko lurretako bizilagunen egunerokoa gogorren astintzen zuenean. Abereak elikatzeko bazka urria elurrak estaltzen zuen, edota ihintzak erre. Eta etxe barruan nekez elika zitezkeen jada otsail edo martxo alderako. Luze jotzen zuen urteko sasoirik hotzen eta ilunenak. Munduko beste hainbat tokitan bezala, Euskal Herrian ere negu gorrian ama lurrari opariak edo sakrifizioak eskaini izan dizkiote mendeetan. Basora joan, eta hura berriz esnarazi eta gizakiek behar zuten adina elikagai sortzeko gaitasuna itzultze aldera, sua piztu eta txerri baten sakrifizio sinbolikoa gauzatzen zuten. Horra hor Kanporamartxoren hastapenak —gaur egun, jai giroan eta historian izan duen esanahiari apenas lotu gabe egiten da leku asko eta askotan—.

Sasikoipetxu, Kanpomartxo, Txitxiburduntzi zein Basaratuste. Modu asko dira egun eta jarduera bera izendatzeko. Gaur egun, ordea, galdua dute, batean eta bestean, ospakizuna edo ekitaldia sortu zenean zuen zentzua. Aratuste edo inauteri igandearen aurreko astean egin ohi dute leku gehienetan. Jai giroan antolatzen dute, herritarrak elkartzeko beste aitzakia baten gisara.

Mendeetan ere hala elkartzen ziren bateko eta besteko bizilagunak. Hainbat herritan ohitura galdu duten arren, beste batzuetan eutsi egin diote. Arrigorriaga da horietako bat. Igandean elkartuko dira Mendikosolobarrena eta Mintegia parkean. Aitzina negu bukaeran egiten zen ohiturari jarraituta prestatu dute. Toki ezagunetan elkartu, eta eguna txorizoak erretzen, dantzan eta jai giroan igarotzen zuten. 11:00etan emango diote hasiera ospakizunari. Norberak etxetik eramandako txorizoak erretzeko txingarrak 15:00etara arte edukiko dituzte piztuta. Trikitiaren doinua lagun, jai giroan pasatuko dute goiza. Umeentzako jolasak antolatu dituzte, eta euskal dantzen emanaldia ere izango da. Baserritar jantziarekin joateko deia egin dute antolatzaileek.

Durangon, mendi ibilbidea prestatu du Alpino Tabira mendi klubak. Hala, mendira eta basora joango dira parte hartzaileak, euren arbasoek urteetan egin zuten bezala. 09:00etan aterako dira Andra Maritik, eta 8,2 kilometroko bidea egingo dute. Txorizoa eta ogia norberak eraman behar ditu etxetik.

Busturian, Paresi auzoan egin dute zita, 13:00etan. Ohi legez, aterpetxean prestatuko dute mokadua auzo hartako bizilagunek.

Artean ere eguerdian elkartzeko deia egin dute. 13:00etan ospatuko dute Kanporamartxo, Elixabeti auzoan.

Mungian astebete geroago ospatuko dute Basatoste, hilaren 11n. Matxin plazan elkartuko dira, 09:30ean. Zazpi kilometroko ibilbidea egin ostean, Andra Marin elkartuta hamaiketakoa jango dute. Umeentzako ibilbidea laburragoa izango da, lau kilometrokoa.

Kristautasunetik harago

Hainbat herritan errepikatuko den ospakizunaren adibide batzuk besterik ez dira horiek. Gaur egun, kristautasunaren ospakizunak oinarri dituen egutegiaren arabera ospatzen dira inauteriak. Hain zuzen, hausterre egunaren aurreko hiru egunetan finkatu dira: garizumari ateak zabaltzen dizkioten egunetan, alegia. Hala ere, inauteriak hori baino gehiago dira. Lurrari eta naturari lotuago egon diren ospakizunak dira.

Ospakizunoi hasiera ematen zien festa ostegun gizena izan ohi zen leku batzuetan; beste batzuetan, berriz, Basaratuste. Erritu paganoa dute oinarri denek. Hainbat mende atzera eginda aurki daiteke horien hastapena. Basora ateratzen ziren euskal herritarrak; batetik, neguko sasoi latzean sabela betetzera, eta, bestetik, otordu oparo baten lekuko izango zen ama lurrari eskaintza egitera.

Su txiki bat piztuta hasten zuten erritua. Egunean bertan jasotzen zituzten txerriak erretzeko adarrak. Bi azalpen ditu horrek. Bata, sinbolikoa da: naturak egunean bertan ematen zien zerbait baliatuta egiten zuten otordua. Bestea praktikoa da: adarrak berdeak, alegia, jaso berriak izan ezean, erre egingo lirateke sutan jartzean.

Festa egun handia zen baserritarrentzat. Gaur egun, adineko askori begiak dir-dir jartzen zaizkie garai hura gogora ekartzean. Gazte gutxik dakite zergatik ospatzen den topaketa bitxi hori, ordea. Leku askotan galdu ere egin da. Eta egiten duten lekuetan, parte hartzaile askok jakin ere ez dakite horren zergatia.

Lurrarekiko lotura handia eta estua zen garaietan sortutakoa da Kanporamartxo. Batetik, etxean elikatu ezin zitekeen aberea hilda, hilabete batzuetarako elikagaia lortzen zuten. Bestetik, ama lurrari eskaintza egiten zioten. Gose handia zegoen, eta apurka, iraun ahal izateko, baliabideak neurtuta agortu behar zituzten, udaberri eta uda sasoiko eguraldi ona iritsi bitartean.