Pantaila atzean hazten ari den zaletasuna

Pantaila atzean hazten ari den zaletasuna

Peru Azpillaga

Gaurtik igandera izango dira Global Game Jam bideo jokoen nazioarteko topaketak Bilbon. Bertan, parte hartzaileek joko digital edo analogiko bat sortu beharko dute 48 orduan. Aurtengo gaia isilpean gordeko dute antolatzaileek, ekitaldia hasi arte.

Asteburuan, beraz, diseinatzaile, garatzaile, programatzaile, 3D modelatzaile, artista eta era askotako jendearen topaleku bihurtuko da Azkuna zentroa, topaketen hamargarren urteurrenean. Bilbon, hasieratik, hau da, 2009tik antolatu dira topaketak. Aurten Azplay programaren barruan kokatu dituzte, eta Azkuna zentroak eta Delirium Studiosek antolatu dituzte. Global Game Jam mundu osoko hainbat herrialdetan egiten da aldi berean, urtarrileko azken asteburuan. Halako topaketen artean, horrek du sonarik handiena munduan. Joan den urtean 700 tokitan egin zen, eta aurtengo egitasmoa 113 herrialdetako 805 lekutan garatuko da.

Topaketaren ideia musikarien artean bat-batean inprobisatutako jam session saioetan oinarrituta dago. Antolatzaileei aproposa iruditu zitzaien topaketak aldi berean mundu osoko hainbat txokotan egitea, bideo jokoen bidez pertsona ororen sormena sustatu, esperientziak konpartitu eta bakoitzak bere burua adierazteko helburuarekin.

Topaketa horietan, bideo jokoak eta mahai jolasak sortzeko interesa duen edonork hartu dezake parte, aurretik Internet bidez izena emanez gero. Gaur hasiko da jaialdia, Azkuna zentroko jarduera osagarrien aretoan, 18:00etan, eta zabalik egongo da 23:00ak arte. Bihar eta igandean, berriz, ordutegia 08:00etatik 23:00etara bitartekoa izango da.

Espazio publikoa irabazten

Azken urteetan indar handia hartzen ari dira bideo jokoekin eta teknologia berriekin lotutako ekintza eta topaketak; pantailen atzean geroz eta jende gehiago mugitzen den seinale. Gizartearentzat oharkabean igaro izan dira zaletasun horiek, orain arte espazio pribatura mugatuta egon direlako. Hala ere, Global Game Jamen modukoen bidez, gero eta ikusgarriago dira halako zaletasunak. Antolatzen den egitasmo bakoitzean argi ikus daiteke teknologiak gazte andana biltzen dituela gaur egun.

Euskal Herrian ezohikoak dira horrelako ekinaldiak, baina nazioartean sekulako arrakasta eta sona izaten dute; gero eta handiagoa. Hala, pixkanaka-pixkanaka, hemen ere zabaltzen hasiak dira, eta horrek agerian uzten du pertsona asko daudela egunero etxeko pantailen atzean beren zaletasunaz gozatzen. Udako Euskal Encouter jaialdia, adibidez, aitzindaria izan zen bere garaian, eta, urtero handituz joan ostean, iaz BEC pabiloia mukuru bete zen. Euskal Herrian ere mugimendu hori indartzen eta ugaltzen ari den seinale. Etxeko pantailen atzetik espazio publikora jauzi egiteko prest.