“Guretzat festa egun bat da; elkartzeko eta gozatzeko eguna”

“Guretzat festa egun bat da; elkartzeko eta gozatzeko eguna”

Peru Azpillaga

Hainbat aldaketa izan ditu Bertso Egunak sortu zenetik, baina bertsolarien bilkura nagusia izan da beti, eta, horregatik, oso egun berezia da haientzat. Urteak joan, urteak etorri, pertsona askok egin dute salto agertokitik egunaren prestakuntzara. Horietako bat da, hain zuzen ere, Jone Uria (Algorta, 1990), aurtengo Bertso Eguna antolatzen buru-belarri dabilen bertsolaria.

Nola bizi du bertsolari batek Bertso Eguna?

Guretzat festa egun bat da; elkartzeko eta bertsoez gozatzeko egun bat. Bai guk eta baita gure entzule finenek ere, urtero plazaz plaza jarraitzen gaituzten horiek, disfrutatzeko eguna. Lehen, bertsolari bati egiten zitzaion omenaldi egun bat izaten zen, eta gero pasatu zen denon festa izatera.

Zerk desberdintzen du herriko plaza batetik?

Oso garrantzitsua da guk geure buruari egun bat eskaini ahal izatea, momentuan ditugun beharrizan eta gogoetetarako. Garai batean, adibidez, esperimentazioarako erabili izan zen; Kursaalean egindako saio askok, orduan geneuzkan kezkak edo bestela egiten ausartuko ez ginatekeen gauzak erakusteko balio izan dute. Hots, guk nahi dugunaz eta nahi dugunarekin hausnartu eta gozatzeko egun bat da.

Aurtengo gaia kantagintza eta bertso idatziak izango da.

Azkenean, musikari askok erabiltzen dituzte bertsolariek egindako hitzak. Bertso paperek ere antzina garrantzi handia zuten. Denborarekin galtzen jon da, baina ezinbestekoak izan ziren bertsogintzarako, eta horri ere ikusgarritasuna eman nahi genion. Oso interesgarria iruditzen zitzaigun gaia, eta, landu gabe geneukanez, aitzakia modura erabili dugu, lekua eman ahal izateko.

Nolakoa da egunaren antolakuntzan ibiltzea?

Ardura handia da; hainbat urte daramatzat eguna antolatzen lantalde eta eginbehar desberdinetan: sustapen taldean, arduradun modura, arratsaldeko ekitaldian gaiak pentsatzen eta aukeratzen, eta, noski, bertsotan ere aritu naiz. Bakoitzak bere alde onak eta txarrak dauzka, politak eta ez hain politak, baina gogo beterik ibiltzen gara beti.

Zelan ikusten dituzu aurtengo aldaketak?

Hiritik herrira joateaz gain, formatuak ere baditu aldaketa dezente. Lehen, arratsaldeko saioa izaten zen egunaren muina, batik bat, eta, aurten, goizeko saioa eta bertso bazkaria ere baditugu. Gainera, aldi berean hiru izateak xarma ematen dio; denean ezin egoteak grazia berezi bat eskaintzen du.

Tiketak ia amaituta daude…

Ematen du jendea animatzen ari dela; nik uste jendea agertuko dela bai egun osoko planera baina baita momentu solteetan ere. Lekuz aldatu izanak, gainera, inoiz izan ez den jendea erakartzea ekarriko du.