Dozenaka ikuskizun, haurrak euskarara gustura murgiltzeko

Dozenaka ikuskizun, haurrak euskarara gustura murgiltzeko

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ipuin kontalariak, magia, antzerkia, ikuskizun interaktiboak eta kontzertu didaktikoak. Musikaterapia eta barreterapia tailerrak. Eta gozoki naturalak egitekoa, eta buztina lantzekoa, eta erritmoa gorputz adierazpenarekin uztartzekoa. Bi eta zortzi urte bitarteko umeentzat guztiak, eta euskaraz. 60 ekitalditik gora, Bilboko auzoetan. Martxan da 14. Ikusi eta Ikasi programa, Euskara Elkarteen Topaguneak eta Bilboko Udalak antolaturik.

Programaren helburua da ondo pasatuz ume bilbotarren artean euskararen erabilera bultzatzea; euskarara, modu dibertigarrian eta kulturaren bidez hurbiltzea. Eta gero eta arrakasta handiagoa du. Iaz, esaterako 6.200 parte hartzaile baino gehiago izan zituen.

Berrikuntzekin dator aurtengoa. Umeen parte hartzea zuzenagoa izan dadin, ikuskizun interaktiboak egingo dira aurten, aurrenekoz. Horietan, ikuskizunek aurrera egin dezaten, beharrezkoa izango da haurren parte hartzea. Kontzertu didaktikoak izango dira beste berrikuntza bat. Euskal musika tresnak ezagutzeko “bidaia interaktibo” gisa aurkeztu dute atal hori. Zuzeneko musika, parte hartze bidezko jolasak eta azalpen arinak izango dira ezagutzarako bidea.

Sukaldaritzari dagokionez, gozoki naturalen tailerrak txertatu dituzte aurten. Etxean, etxekoekin gozoki naturalak egiten ikasiko dute umeek, ondo elikatzearen garrantziaz ahaztu gabe. Buztingorri polimerikoz sormen lanak ere landuko dituzte tailerretan.

Txiki erritmoa atal berrian, erritmoa eta gorputz adierazpena uztartuko dituzte. Sormena garatzea, harremanak lantzea eta adierazteko zein mugitzeko gaitasunak hobetzeko tresnak eskuratzea da ekitaldiaren helburua.

Hitzaldi tailer berri bat ere bai: Familia giroan, euskaraz koloreztatu. Euskaraz ez dakiten gurasoei laguntzeko tailerra da. Helduak eta txikiak batera arituko dira, haurrek irakasle rola jokatuko dute, eta helduei euskaraz moldatzen lagunduko diete.

Lekuei dagokienez, bi egoitza berri izango ditu Ikusi eta Ikasi programak aurten: Olabeaga eta Azkuna zentroa. Azkuna zentroak hartuko du Abandoko barruti udaltegiak betetzen zuen lekua. Hartara, Bilboko ia auzo guztietan zabalduko da programa: Begoñako, Basurtuko, Errekaldeko, Castañoseko, Deustuko, Santutxuko, Zorrotzako eta Olabeagako udaltegietan, Azkuna zentroan, Indautxuko Karmen aretoan, Ibaialdeko liburutegian, San Inazioko Euskararen etxean, eta Zamakola, Iruarteta eta Epaltzaren Alarguna eskoletan.

66 ekitaldi antolatu dituzte sustatzaileek, guztira: 35 ikuskizun, 29 tailer, eta gurasoentzako bi hitzaldi. Martxan da programazioa, eta apirilaren 20ra arte luzatuko da eskaintza. Egun horretan, Go!azen ikuskizunarekin emango zaio amaiera egitasmoari, Karmen aretoan.