“Arazoa baliatuta, indartu eta zabaldu egin dugu proiektua”

“Arazoa baliatuta, indartu eta zabaldu egin dugu proiektua”

Peru Azpillaga

Desagerrarazi egingo zela zabalduz abiarazi zuen urtea Biba Bilboko herri kultur proiektuak. Urteko jardunera ozta-ozta helduta, desagertzeko asmo irmoak ustekabean harrapatu zuen bat baino gehiago, eta zalantzaz bete zituen sare sozialak. Proiektu xumea zen Biba, herritarra eta agenda murritzarekin. Alta, berezia zen, eta baita erreferentea ere hainbat bilbotarrentzat. Horregatik, berriak hautsak harrotu zituen.

Kanpaina amaitu egin da, eta, desagertzetik urrun, egoerari bira eman eta bizi baino biziago dago egun proiektua. Izena aldatu beharra zuten, eta, arazoa aukera bihurtuz, haien jarduna hedatzeko eta proiektua indartzeko erabili dute aldaketa. Bira deitzen da orain, eta berrinaugurazio festa ospatu zuten aurreko asteburuan. Oihana Bartra (Bilbo, 1984) da proiektuko kideetako bat, eta haren nondik norakoei eta etorkizunari buruz aritu da hizketan.

Biba desagertzera zihoan, baina egoerari bira ematea lortu duzuela dirudi, ezta?

Arazo batzuk izan genituen izenarekin, eta ez zaigu aldatzea beste aukerarik geratu. Orduan, jada izena aldatu behar genuenez, kanpora begirako kanpaina bat abiatzea erabaki genuen, oro har arazoari alderdi positiboak bilatuz eta gure jarduna sustatzeko baliatuz. Hortik etorri zen Bira; fonetikoki antzekoa da, eta aukera eman digu proiektuari indarra txertatzeko eta jende gehiago biltzeko gure inguruan.

Aldaketa handiak ekarriko ditu horrek?

Komunikazio kanpaina bat izan da batik bat, eta, beraz, ez da egongo sekulako aldaketarik; hots, ildo beretik jarraituko dugu lanean. Hala ere, programazioa indartu nahi dugu; adibidez, hor daude Hamburgo Platz literatur proiektua eta hilabetero egingo den swing ikastaroa. Horretaz gain, proiektutxoekin gabiltza, eta baditugu hainbat gauza buruan, baina oraindik ez ditugu aurkeztu. Dena dela, proiektuaren helburua berbera da: euskal kulturaren alde eragitea, era herritar batean.

Nolakoa izan da gaur egunera arte egindako ibilbidea?

2016ko urritik gaude martxan; hots, ez gara urtebete eta erdiko jardunera heltzen, baina oso pozik gaude egindako ibilbidearekin: bai eduki duen harreragatik, bai jendearen parte hartze handia dela eta. Bi norabideko proiektua izatea nahi genuen: guk eskaintza bat izatea, baina baita jendeak guri proposamenak egitea ere; haien espazio modura ere ulertzea Bira. Pixkanaka bada ere, lortzen ari garela uste dut; gero eta jende gehiago etortzen zaigu ideiekin eta proposamenekin, eta proiektuarekiko interesa azaltzen du.

Oztopoak ere topatuko zenituzten bidean…

Oztopo nagusia ekonomikoa izaten ari da; azkenean, irabazi asmo gabeko elkarte bat garen heinean, mugatuta gaude batzuetan nahi ditugun ekintzak aurrera eramateko orduan. Azken finean, aurrekontua ez da oso handia, eta, beraz, ez dugu nahi genukeen bezain libre jokatzeko aukera. Hala ere, pozik gaude momentuz dagoenarekin, eta, gutxinaka bada ere, aurrera egiten ari gara.

Zer eskaintza egiten dio Birak Bilbo bezalako hiri bati?

Hasteko, espazio bat eskaintzen dio, jendeak era aktiboan zein pasiboan erabil dezan. Sortzaileek, adibidez, bertan egin ditzakete haien emanaldiak, erakusketak… hau da, sormen lanak eskaintzeko eta ikusarazteko aukera ematen die Birak. Bestetik, kultura kontsumitzen dugunontzat ere, Bilbon, orain arte oso murritza izan den beste eskaintza mota bat egiten digu. Igual formatu txikian eta ez oso maiztasun handiarekin, baina askotarikoa eta desberdina, kulturaz gozatzeko aukera ematen duena.

Zergatik behar dira zuena bezalako proiektuak Bilbon?

Nire ustez, ezinbestekoa da Bilbon gurea bezalako proiektuak egotea. Alde batetik, guk garrantzi handia ematen diogulako batetik, kultura herritarrari, eta, bestetik, euskara sustatzeari. Horregatik saiatzen gara euskarak presentzia handia izan dezan gure emanaldietan. Egia da, filosofikoki, ez ditugula euskarazko gauzak soilik antolatzen, baina, praktikan, egin ditugun ekimen eta ekintza gehienak euskaraz izan dira, eta horrek garrantzi berezia ematen dio: Bilbon kultura eskaintza murritza bada euskal kulturaren eskaintza are murritzagoa delako.

Zer-nolako balorazioa egiten duzue egindako jardunaz?

Azkenean, martxan jarri gara; egia da oraindik asko daukagula ikasteko eta egiteko, azken finean, oso denbora gutxi daramagulako. Hasierak beti dira zailak, baina horri eutsi diogu, proiektuak bizirik jarraitzen du; hazten eta indartsu dago. Momentu polit asko ere izan ditugu, eta lortu egin dugu, hein batean gutxienez, erreferentzia bat garatzea eta hedatzea. Jendeak ezagutzen du, eta badaki Bira (edo Biba) izeneko espazio bat existitzen dela Bilbon, gainera, euskararen arnasgune dena, eta hori garrantzitsua da oso guretzat.

Nolakoa da horrelako proiektu baten atzean dagoen lana?

Lana sailkatzen eta lantaldetan banatzen saiatzen gara, baina egia da lan asko dagoela atzetik. Programazioari lotuz, agenda osatu behar da: ekimenak pentsatu, jendearekin harremanetan jarri, eta gero emanaldietan bertan egon. Komunikatiboki ere lan asko eskatzen du, kartelak egitea, sare sozialetan ibiltzea… eta tabernariena ere ez da lan makala. Hala ere, guk gustura egiten dugu, proiektuaren parte delako eta egiten ari garen horretan sinisten dugulako.