Urruneko gerren erantzukizun hurbila

Urruneko gerren erantzukizun hurbila

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Joan den urteko martxoan piztu ziren alarmak: Bilboko portuan, suhiltzaile batek uko egin zion Saudi Arabiara lehergaiak garraiatu behar zituen ontzi baten itsasoratzean parte hartzeari. Bahri Jedah zen zamaontzia, eta Exprai Systems SA enpresak Burgosen (Espainia) duen fabrikan egindako artilleria munizioa zeraman barruan. Berri horren eraginez zabaldu zen Bizkaiak armak esportatzen zituela, eta, hainbat eragile saiatu diren arren, ezinezkoa dirudi esportazio kopuru horri zenbaki zehatza jartzea. “Trafikoa legezkoa baldin bada, guk hori egiten uzten dugu; ez dut uste armen legez kanpoko trafikoa inori interesatzen zaionik”. Gaiari buruz galdetzean, hala erantzun zuen Asier Atutxa Bilboko Portu Agintaritzako presidenteak urtearen bukaeran.

Bien bitartean, kontrakoa azaltzen zuten beste hainbat datuk. Atutxak adierazpenak egin baino hilabete lehenago, SER irrati kateak azaldu zuen 2016ko urritik 2017ko uztailera bitarte Bilboko portutik lehergailuak identifikatzen dituzten zigilua zeramaten 312 edukiontzi atera zirela. “Zein neurri hartuko du sailburuak, hau da, gobernuak, Bilboko Portutik ateratzen diren merkantziek gerra krimenak ahalbidetuko ez dituztela bermatzeko?”, hala zuzendu zitzaion Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuari. Behin baino gehiagotan azpimarratu du ordezkari jeltzaleak Madrilek duela Bilboko portuaren gaineko eskumena; eta, hortaz, bertako jarduera ere Espainiako agintaritzak hartzen duela bere gain.

Arazoaren muinera jotzea beharrezkoa dela zioen Oterok: “Portuko konpetentzien transferentziak zerbait konpondu lezakeela esaten duzue. Transferituta ere erabakigunea Madrilen legoke, eta horrek, beste behin, autonomismoaren mugak erakusten ditu. Estatu baten konpetentzia gabe ez dago erabakitzerik armak nori saldu eta nori ez”.

Armak esportatu eta sortu

Armagintzari dagokionez, ordea, esportazioa ez da Bizkaiak duen arazo bakarra. Izan ere, armen ekoizpenean ekarpena egiten duten 33 enpresa daude lurraldean, Gasteizkoak kolektibo antimilitaristak salatu duenez. Sener eta Senerrek berak sortutako ITP enpresak dira, guztien artean, enpresarik handienak, eta, azken hamarkadan, Euskal Herrian irabazi gehien metatu dutenen artean daude bi-biak. Zamudion dago ITP, eta Getxon, berriz, Sener.

Gasteizkoak kolektiboaren arabera, eraldaketa sakona izan du armagintza sektoreak. Pistolen edo lehergailuen ekoizpena desagertuz joan da, eta aeronautikan eta ingeniaritzan sartu dira enpresa gehienak, baita ITP eta Sener ere. Ez dira soilik proiektu militarretan aritzen, eta, horregatik, ez da erraza bereiztea ekoizten dituzten piezen artean zer den armagintzan erabiltzeko eta zer bestelako erabileretarako. Eurofigter Typhoon eta A400 hegazkin militarrak eta Tiger helikopteroaren motorrak egiten dituzte, besteak beste, ITPn.

Politikaren eta armagintza industriaren arteko lotura ondo aztertu dute Gasteizkoak taldekoek. ITPren kasua izan liteke harreman horren erakuslerik garbiena: Marti Fluxa aukeratu zuten enpresa zuzendari, Espainiako Errege Etxeko protokoloburu eta PP alderdiaren agintaldian Segurtasun Estatu idazkaria izandakoa.

Sakon aztertu du armagintzaren auzia kolektibo antimilitaristak, eta egin dituzten lan guztiak sarean dituzte, ahalik eta gehien hedatu daitezen.