“Txikitasunari esker, lana libreki egiteko aukera izan dugu”

“Txikitasunari esker, lana libreki egiteko aukera izan dugu”

Asier Arrate Iruskieta

Hogei urteren ostean, Berton aldizkariak agur esan du. Bere txikitasunetik, Begoña, Bolueta, Otxarkoaga, Santutxu, Txurdinaga eta Uribarri auzoetako milaka herritarren errealitatea ezagutarazteko tresna bilakatu da, baina, azken urteotako aldaketen ondorioz, ezinezkoa egin zaie aurrera jarraitzea. Lur Mallea zuzendariaren berbetan, “pena handiz” hartutako erabakia izan da. Egindako bidea ospatzeko eta “berri tristeari buelta emateko” jaialdi bat egingo dute, bihar, Santutxuko Karmelan.

Zergatik bukatu hogei urteko ibilbidea?

Azkenengo urteotan Berton-en osasuna ez delako ona izan. Komunikabide oso txikia gara; azken urteotan lantaldea murriztu egin da, eta horrek nekea sortu du. Giza baliabideak izanez gero, hedabide txiki bat gai da aurrera egiteko, baina, talde sendo bat gabe, ezinezkoa da. Lantaldea txikitzearekin batera, ingurua ere ahuldu da. Euskara elkartea desagertu egin da, eta auzo elkarteak gutxitu egin dira. Horri gehitu behar zaio diru laguntzen jaitsiera eta publizitatearen beherakada.

Komunikazio eredu aldaketak izan du eraginik?

Berton paperezko hilabetekari txiki bat da. Azken urteotako egoera ekonomiko txarrak eta krisialdiaren iraupenak zaildu egin du eredu horri eustea. Ohartu gara egungo zurrunbilo informatiboan asko zaindu behar direla hilabetekarietako edukiak, sasoiz kanpo ez geratzeko. Berton-eko lantaldea ahulduta zegoenez, ezin izan dugu hori lortu. Saiatu gara horri aurre egiten sarera salto eginez, Tokikom eta Hekimenen parte hartuz eta Uriolaren ataria sortuz. Moldaketa etengabean aritu gara egoerak horrela eskatzen zuelako, eta horregatik ikusi dugu zaila, nekeza eta zentzugabea dela paperean jarraitzea.

Uriola eta Tokikom aipatu dituzu. Tokiko hedabideen joera elkartzea izango da?

Krisiak gogor jo zuen garaietan erabaki zen saretzea zela jarraitu beharreko estrategia. Orain hogei urte, hedabide asko sortu ziren Euskal Herrian. Batzuek ondo eutsi diote, eta beste batzuek, ez. Egoera kaxkarragoan gaudenontzat, elkartzea da aukera bakarra. Ez soilik handiagoak izateko: baita esparru komunak behar ditugulako ere. Bilboren moduko hiri batean, hainbat auzotan barreiatuta daude hedabideak, eta, horregatik, estrategikotzat jo genuen informazio guztia bildu eta herritarren eskura jarriko zuen Uriolaren moduko atari bat sortzea.

Zaila izan da Bilboren zurrunbiloan euskarazko tokiko hedabide bat egitea?

Bilbok historia zaila du euskararekin. Euskara elkarteak eta hedabideak auzokoak izan dira, eta modu apal batean funtzionatu dute. Ez dira zabaldu, eta orain arte ez da egon Bilbo osorako elkarte edo hedabiderik. Horregatik erabaki dugu Uriolaren moduko atari baten bitartez auzoetan egiten den lana zabaltzea, ikusgarriagoa egitea eta indartzea.

Zein beharrizani erantzuteko sortu zen Berton aldizkaria?

Komunikabide tradizionalek tokiko informazioa gertakari ilunekin edo kritikoekin lotzen dute. Jorratzen duten ikuspuntua sarritan baztertzailea da. Horregatik, Berton sortu zenean, erabaki genuen beste toki batzuetan tarterik ez zuen errealitatearen berri emango genuela. Bertoko kontuak, istorioak, historia… Otxarkoagaren kasuan, esaterako, estigma handi bat sortu da, eta auzotarrek bizi osoa daramate horren aurka borrokan. Hedabideetatik ere badago horri aurre egiterik, adibidez, sortu duten elkarte baten berri emanez.

Bete dituzue helburuak?

Uste dut baietz. Jakin dugu hurbiltzen auzotarren errealitatera. Auzotarrak eta haien egitasmoak dira Berton-eko protagonista. Horregatik, hogei urteren ostean, jakinarazi genuenean aldizkaria argitaratzeari utziko diogula, hainbat pertsona hurbildu zitzaizkigun beren nahigabea adieraztera. Aldizkaria oso hurbileko sentitzen dute.

Aldizkari bat baino gehiago da Berton?

Mahatserriko azken bi hamarkaden historiaren gordailua bihurtu da Berton. Hogei urtean, auzoetako errealitatea asko aldatu da, eta eraldaketa hori guztia aldizkarian aurki daiteke. Alde horretatik, hogei urte horietako aldaketak ulertzeko tresna ere bada. Hori dela eta, interesatuta dagoen ororentzat, Berton-eko ale guztiak digitalizatzen ari gara une honetan, eta ale fisikoak eskuragarri daude Bilboko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegietan.

Zein da tokiko hedabideen arrakastarako gakoa?

Tokiko informazioak badu indar bat, eta hori albisteetan nor agertzen den jakiteko grina da. Norberaren inguruan gertatzen den horren berri izateko nahiak dakar tokiko hedabideak publiko euskalduna baino harago heltzea. Berton-ek, esaterako, zenbakiek erakusten duten baino kontsumitzaile kopuru handiagoa du.

Gertuko albisteak lantzeak ez du esan nahi ezin dela kalitatezko kazetaritza egin.

Ez, eta gehiago esango nuke. Askatasun handia izan dugu gaiak lantzeko orduan. Babesle handirik eta presio politikorik gabe, oso libre egin dugu lan. Aukera izan dugu gai askori heltzeko inolako mugarik gabe. Hori gaur egungo hedabideetan nekez lortu daiteke. Ildo editorialak oso zurrunak dira hedabide handietan. Txikitasunari esker, lana libreki egiteko aukera izan dugu.

Loturarik ez izateak ere badu bere alde txarra.

Aparte egon gara, eta horregatik ahaztu dira gutaz. Batzuetan, babesleak galtzeak askatasuna galtzea ere badakar, hedabidea aurrera eramateko ezinbesteko oinarri bat galtzen baituzu.

Zein izango litzateke egonkortasunerako formula?

Ekuazioa ez da erraza. Hedabideek aurrera egiteko hiru oinarri daude: diru laguntzak, publizitatea eta irakurleak. Orekari eustea, ordea, gaitza da. Bat galduz gero, besteen beharra handiagoa da. Arazoa da egun diru laguntzek eta publizitateak nabarmen egin dutela behera eta irakurle asko ez daudela prest informazioagatik ordaintzeko. Euskarazko tokiko hedabideak izateko, denen parte hartzea eta aktibazioa behar da.

Egoera horretan, zein da etorkizunerako apustua?

Gure apustua tokiko informazioa digitalean eta elkarlanean ematea da. Horregatik, Berton-en hasitakoak Uriola atarian jarraituko du. Ez gaude ziur zein izango den emaitza, arrakasta izango duen edo nora eramango gaituen. Aldaketa handia da, eta lubaki digitala hor dago, baina paperetik digitalerako pausoa eman beharrekoa zen. Inork ez daki zer gertatuko den etorkizunean. Agian, gauzek ondo segitzen badute, paperera itzuliko gara; agian, beste formatu berri bati helduko diogu. Abiatuko dugun bide berri horretan irakurleek gurekin bat egitea da garrantzitsua.