Segurtasunaren izenean

Igor Elordui Etxebarria

Gabonak ez dira izan aurten, preseski, Bilbon, telebistako iragarkiek, merkataritza-gune eta eguberrietako parafernalia horrek guztiak erakutsi gura izaten diguten ontasunaren eta alaitasunaren alegoria: gazte batek begia galdu zuen beste gazte-talde batek, hari lapurtu guran, eraso egin eta gero. Ibon Urrengoetxea hil zuten adin txikiko bik. Autodun batek bi oinezko harrapatu zituen, eta larriki zauritu. Gazte bati lau labankada eman zizkioten gazte-talde biren arteko borroka batean. Botila batez (botila-lepoa moztuta), beste gazte batek taberna batean sartu eta hiru pertsona zauritu zituen. Bilbon ez baina Barakaldon, adin txikiko neska bat bortxatu zuten adin txikiko lau mutikok.

Batere larritasunik kendu barik horiei gertakizun guztiei, nork uka: Bat: dramak drama, eta alarmismoak alarmismo (interesatuak, gehienetan), gertakari lazgarri bertsuak jazotzen direla, eta latzagoak ere bai, Bilbon ez ezen Europako zein mundu osoko herri eta hiririk populatuenetan; izan Mexikon, izan New Yorken, izan Dublinen edo izan Burgosen. Bi: latzenak, duda barik, adin txikikoak protagonista diren horiek direla; batetik, jazoeren euren garrantziagatik eta eragindako ondorioengatik (hilketa bat eta bortxaketa bat); eta bestetik, adin txikikoek, hain zuzen ere, parte hartzeagatik.

Bada, hori guztia dela-eta eman den eztabaida, eman da, batez ere, bi gairen gainean: adinez txikiak direlarik ezarri ahal zaien (edota ezin zaien) zigorrari buruz, eta Bilbo hiri segurua den ala ez den. Ostia! Egon badago, bada, zer hausnartu gehiago, ezta? Zerk edo nork bultzatzen ditu 13, 14, 15… urteko haurrak, haurrak baitira, halakoak egitera? Normala al da, ez egitea bera, baizik eta adin horrekin egitea? Erreza litzateke batzuentzat erantzuna, eta sobera entzungo genukeen hedabideetan, egileak izan balira, esaterako, marokoarrak. Izan zitezkeen, baina ez dira. Bilbo ez da Rioko Rocinha favela, argi dago; baina nago segurtasunaren izenean kasu isolatuak balira bezala tratatzeak mesede gutxi egiten diola egin beharko genukeen hausnarketa sakonagoari. Orokortzea arriskutsua izanik ere, ausartuko naiz galderak egitera: Zein egoeratan bizi dira ume eta gaztetxo asko? Zeintzuk dira, etxean zein kalean, beraien ereduak? Zer estimulu jasotzen dute telebistan, bideo-jokoetan, sare sozialetan…?

Eta zehar-begiratua politikakeriari; segurtasuna beste kezkarik erakutsi ez dutenei eta hiriaren irudiaz eta itxuraz hain kezkaturik azaltzen den Bilboko alkateari, zeinaren mezua horrela laburbildu daitekeen (eta gura duenak hemerotekara jotzea dauka): Bilbon egiten duenak ordaindu egiten du (Iñigo Cabacasekin ahaztuta, antza), ez da komeni ordu batzuetan kalean bakarrik ibiltzea, eta kontuz Bilbori ez dagokion irudia zabaltzearekin.

Mundu osoa Bilbao handiago bat dela esan zuen Unamunok, eta, entzundakoak entzunda, egia izango da, Bilbon Trump txikiago asko daude eta.