Oraina etorkizunaren oinarri

Peru Azpillaga

Gizakion kontsumo zein bizi ereduak mota askotako ondorioak eragiten ditu. Horien artean, ingurumenari egindako kalteak berebiziko garrantzia hartu du azken urteotan. Hori dela eta, klima aldaketak mamu izateari utzi eta errealitate bilakatu den garai hauetan, gero eta gehiagok egiten dute beste bizimodu eta kontsumo eredu batzuen alde. Horren adierazpide garbia da VI. Berdeago azoka; ingurumenari buruzko kezkak bultzada handia eman die ekologiari lotutako bestelako ereduei, eta ereduok, gutxinaka bada ere, geroz eta espazio handiagoa dute ekonomian.

Berdeago azokan, beraz, ingurumenaren iraunkortasunari lotuta, ekologia ardatz duten enpresa eta eragileak bilduko dira Durangoko Landako gunean, bi asteburutan: gaur, bihar eta etzi, eta urtarrilaren 27an eta 28an. Bertan, gaur egun kontsumo arduratsuaren eta eraginkortasun energetikoaren esparruetan lanean diharduten enpresa, eragile eta kooperatibek haien erakusleihoak ezarriko dituzte, eta, horretaz gain, hitzaldi eta jarduera andana eskainiko dituzte. Etorkizuna oinarri duen sektore baten adierazpide garbia da azoka, mundu mailan gero eta indar handiagoa irabazten ari dena.

Horregatik, harro eta pozik agertu dira bai Aitziber Idigoras Durangoko alkatea, eta baita Juan Zubiaur azokaren antolatzaileetako bat ere. Idigorasek Durangok duen “zortea” azpimarratu du lehenik, azoka horren bidez udalerria “iraunkortasunaren arloko ideia eta berrikuntzen epizentro” bilakatu delako. “Gure biztanleen bizitza kalitatea hobetu nahi dugu, eta, horretarako, argi dugu zein den gure helburua: informatu, formatu eta kontzientziatu”, adierazi du alkateak.

Zubiaur ere gustura agertu da sei urte hauetan izandako ibilbidearekin. Nabarmendu duenez, lehen azokatik, guztira 60.000 bisitari baino gehiago jaso dituzte, 330 enpresa, 80 hizlari eta 85 jarduera. “Seigarren edizio honetan ere, hasierako bi asmo berberekin jarraitzen dugu lanean: gizartea kontzientziatzea eta kontsumo iraunkorrago bat posible dela erakustea, eta efizientzia eta iraunkortasunaren ardatzak sustatzea sektore desberdinetan”, azpimarratu du Zubiaurrek. Horren harira, azoka bitan banatzea erabaki dute, bisitarien profil bakoitzari egokitu nahian.

Energy eta Nature

Lehenengoz, gaurtik igandera bitartean, eraginkortasun energetikoa hartuko dute oinarri, eta, bestak beste, passive house edo eraikuntza pasiboa deituriko kontzeptuaren inguruan arituko dira. Zubiaurrek adierazi duenez, Alemaniatik datorren kontzeptua da. “Orain dela 25 urte sortu zen ideia, eta efizientzia energetikoa du helburu; hori lortzeko, besteak beste, eraikuntzari eta isolamenduari lotutako neurri pasiboei buruz eztabaidatuko da”. Asteburuko azoka horri Berdeago Energy deitu diote, eta, orokorrean, sektore profesionaleko bisitariak biltzea espero dute. Eraikuntza pasiboaz gain, energia berriztagarriei buruz eta mugikortasun iraunkorraren inguruan ere arituko dira.

Bestalde, bigarren asteburuan, hots, urtarrilaren 27 eta 28an, eguneroko bizitzan erabiltzen diren produktuak izango dituzte ardatz. Berdeago Nature izendatu dute bigarren asteburuko azoka, eta mota guztietako pertsonak biltzea espero dute. Antolatzaileen esanetan, “produktu ekologiko eta produktu naturalen inguruko alternatiba berdeak ezagutzeko espazio aproposa” izango da. Bertan 74 erakusleiho egongo direla aurreikusten dute, eta hainbat motatako produktuak izango dituzte; besteak beste, hurrengo gaiekin lotutakoak: osasuna eta ongizatea, kosmetika ekologikoa eta naturala, elikadura ekologikoa eta 0 kilometroko elikadura, moda, artisau eta jolas iraunkorrak, ingurumena eta natura, eta ekonomia soziala.

Azkenik, “espazio entretenigarri zein didaktikoak eskaintzeko helburuarekin”, adin guztietarako “ahalik eta programarik zabalena” osatzen saiatu dira antolatzaileak. Ildo horri jarraituz, Berdeago azoka lau gunetan banatuko dute, bisitari guztiek berdin gozatzeko aukera izan dezaten, haien adina eta gaien inguruko ezagutza dena delakoa izanda ere. Guneak hurrengoak izango dira: Hitz Berdea, Zirkulu Berdea, Film Berdea eta Aukera Berdea.

Hitz Berdea gunean, ingurumenari lotutako hitzaldi eta solasaldi teorikoak eskainiko dituzte. Besteak beste, eraikuntza eraginkorrarekin, energia berriztagarriekin eta ekonomia sozialarekin lotuta. Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, sei urteotan 80 hizlarik baino gehiagok azaldu dituzte haien teoriak, esperientziak eta ezagutzak gune horretan.

Zirkulu Berdea gunean jarduera praktikoek izango dute garrantzi berezia. Antolatzaileen hitzetan, “esperimentatzeko eta ikasteko espazioa” izango da; hain zuzen, “energiarekin, berrerabilerarekin eta zientziarekin lotura duten ekintza ludikoen bitartez ezagutzak garatzeko espazioa”.

Bestalde, Film Berdea gunean, Asier Altuna zinemagilearen Amama erakutsiko dute azken igandean, eta, emanaldiaren ostean, zuzendariarekin berarekin solasaldia izango da. Horrekin batera, azken asteburuan, ludoteka zerbitzua egongo da azokan, eta baita bizikleta irteerak egiteko aukera ere, 18 urtetik gorakoentzat.