Galdera berriak auzi zahar bati

Galdera berriak auzi zahar bati

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Kontraesana da euskal gizartearen gehiengoa gerren aurka egotea, eta, aldi berean, salbuespenak salbu, armagintzaren sektorea ozenki ez salatzea”. Yolanda Jubeto EHUko ekonomia irakasle eta Rosa Luxemburgen Lagunak elkarteko kideak zuzenean jo du mamira. “Armagintzaren sektoreak etekin ekonomiko izugarriak lortzen ditu, eta, irabaziak areagotzeko, enpresentzat ezinbestekoa da gerrak gehiagotzea”. Hor erantzukizuna du Euskal Herriak, Jubetoren hitzetan. “Hemen armak ekoizten ari dira”. Armagintzaz, gerraz eta feminismoak gaiari buruz egiten duen analisiaz jardungo dira gaur Bilboko San Frantzisko auzo etxean egingo den Rosa Luxemburg IV. Konferentzian, 17:30etik 20:30era. Mahai ingurua eskainiko dute Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak eta Irantzu Mendia EHUko irakasleak. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak hartuko du solasaldia gidatzeko lana.

Rosa Luxemburgen Lagunek eta Ipes eta Baskale elkarteek antolatu dute gaurko ekitaldia. 1919ko urtarrilaren 15ean erail zuten Rosa Luxemburg ekintzaile eta pentsalari sozialista (Polonia, 1870-Berlin, 1919), Berlinen, Karl Liebknechtekin batera. “Luxemburgek gerra inperialisten aurka eta munduko langileen alde egin zituen gogoeta kritikoak oinarri gisa hartuz, konferentzia antolatzen dute Berlinen urtero, haren heriotzaren urtemugan. Oro har, neoliberalismoa gainditzeko aukeraz eta estrategiez eztabaidatzen dute han.

Azken hamarkadetan, Alemanian ez ezik, Europako beste hainbat hiriburutan ere egin dira Luxemburgen omenezko ekitaldiak, eta duela lau urte gehitu zen Bilbo zerrenda horretara. “Ikuspegi zabal eta eraldatzaile batetik, unean uneko erronkei buruz hausnartzea da topaketen helburua. Ikuspegi feminista erdigunean egongo zela argi izan genuen hastapenetatik, eta horrela izango da aurtengoan ere”. Guda eta armagintza aztertuko dituzte gaurko saioan; betiere, ikuspegi feminista batetik.

Nazioarteko gatazken erroa

Gaia ez dute ausaz aukeratu. Aurten ehun urte beteko ditu Lehen Mundu Gerraren amaiera datak —2018ko azaroaren 11n sinatu zuen Alemaniak Compiegneko Armistizioa—. Amaierarik izan ez duen gatazkaren hasiera izan zen ordukoa, ordea, ondorengo mendeetako gerren oinarri izan baitzen. “Azken hamarkadetako gerrak gero eta bortitzagoak dira. 2001ean AEBek Afganistan inbaditzea erabaki zutenetik Ekialde Hurbileko eskualdeetan bolbora bezala hedatu da guda zelaia”.

Gatazkak urrunekoak diruditen arren, gerra horien guztien erantzukizuna uste baino hurbilago dagoela dio Jubetok. “Gerra egoerak eta erasoak eguneroko berriak direnez, badirudi immunizatuta gaudela eta ez digutela eragiten; ez behintzat Europan edo gure inguru hurbilean gertatzen ez badira”. Baina badira gerra horien eraginez gertuago bizi diren egoerak ere: errefuxiatuen auzia, kasurako.

Milaka eta milaka herritarrek hartzen dute Europarako bidea, babes bila eta gerratik ihesi. “Kontsumoa oinarri duen gizarte batean bizi gara, eta munduan zehar dauden baliabideak behar ditu, hala nola petrolioa eta koltan minerala. Horiek eskuratzeko, herri horietako komunitateen aurkako erasoak etengabekoak dira, lurralde horietako herritarrak bizitzeko lurrik gabe uzteraino”.

Isilpeko erantzukizunak

Populazioaren mugimendua da gerra ororen ondorioa, eta gaur egun nazioartean dagoen auzi garrantzitsuenetakoa da; milioika herritar desplazatu da, babes bila, Europara. Eta, adituen arabera, II. Mundu Gerratik izan den errefuxiatu krisirik handiena da gaur egungoa. Prozesu horretan emakumeek jasaten dituzte ondorio larrienak, EHUko irakaslearen arabera. Mugimendu feministak behin baino gehiagotan salatu du gerretan andreen gorputzak bataila eremu bihurtzen direla, eta gatazka militarren eremuetan etengabekoak direla bortxaketak eta emakumeen trafikoa. Hain zuzen, 2017ko abenduaren 26an, martxa antimilitarista bat egin zuen mugimendu feministak Santurtziko portura, handik armak esportatzen direla salatzeko.

Jubetok azaldu du errefuxiatuen egoerari buruzko alarmak pizten dituzten herrialdeek finantzatzen dituztela errefuxiatuak errefuxiatu bihurtzen dituzten gerrak, eta horregatik uste du ezinbestekoa dela errora jotzea. Galdera zirikatzailea erabili dute gaiari heltzeko. “Euskal Herria gerraren aurka eta armagintzaren alde dago?”.

Gutxi ezagutzen den arren, Bizkaian ere badira armagintzarako piezak sortzen dituzten enpresak. “Halako jardueretan parte hartzen dutenek beti esaten dute jarduera zibilean egiten dutela lan. Izan ere, publikoki armagintzan kolaboratzen duzula esatea ez da salgarria. Horregatik, gaia aztertu eta sozializatu behar da. Hemen armak ekoizten ari dira Saudi Arabiaren alde, eta, horrez gain, jendea etekina ateratzen ari da jarduera horrekin. Armak ekoizten dituzten enpresak ditugu etxean”. Gerretan dauden “irabazle ezkutuak” dira enpresa horiek guztiak, Jubetoren arabera: gerrek armak behar dituzten bezala, armagintzan diharduten enpresek ere gerrak behar dituztela azalduko dute, besteak beste.

Klaus Armbruster Baskale elkarteko kideak Enrike Sendagorta Petronor eta Sener ingeniaritza enpresen sortzailea ekarri du ahotara. Hilaren 5ean zendu zen enpresari bizkaitarra, 93 urte zituela, eta, Armbrusterren hitzetan, Sendagortari buruz idatzi diren artikuluetan ez da armagintza hitza aipatu ere egin. “Teknologian egin dituen ekarpenak eta halakoak azaldu dituzte denek, bai. Baina armagintza sektoreari buruzko ezer ez da idatzi. Horrek esan nahi du ezkutatu egiten dutela produkzioa; alegia, ez dutela nahi publikoki halakorik azaltzea”. Aski ezaguna da Sener enpresa getxoztarra armagintzan diharduela.

Argi dio Armbrusterrek: enpleguaren eta ongizatearen aldeko banderak ez du enpresa batek ekoizten duena justifikatzen. Bat dator Jubeto ere. “Armagintzaren sektorea sostengatzeko funtsezkoa da erakunde publikoen lana, baita hezkuntza sistemarena ere. Gure herrian armagintza enpresak daude, eta baliabide publikoak jasotzen dituzte”. Harago ere jo du EHUko irakasleak: “Armak ekoizten dituzten enpresetako langileen eta jendartearen gehiengoaren axolagabekeria ere kontuan hartzekoa da auzi honetan”.

Armagintza produkzioaren eta garraioaren kontrako neurriak hartzea posiblea dela azpimarratu du Jubetok, eta Norvegiako adibidea jarri du berehala. Norvegiako Gobernuak hilaren 3an jakinarazi zuen Arabiar Emirerri Batuei armak saltzeari utziko diola, “Yemengo gatazkan izan dezaketen inplikazioa saihesteko”. 2016an, armak eta munizioa saldu zizkion Norvegiak herrialde arabiarrari, 10,6 milioi euroren truke. Baina arrazoi humanitarioak jarri dituzte etekin ekonomikoez gaindi oraingoan. “Hemen ere har daitezke halako erabakiak, eta horri buruz eztabaidatuko dugu jardunaldietan”.

Espainiako Merkataritza Estatu Idazkaritzak aitortu zuen 2016ko urritik 2017ko uztailera bitarte lehergaiak zeramatzaten 312 edukiontzi atera zirela Bilboko portutik Saudi Arabiara. Gaurko jardunaldien antolatzaileek uste dute egoera ezagutzera emateaz gain ezinbestekoa dela gizarteak kontzientzia hartzea. Eta hor kontraesanaren muina: gaiari buruz galdetzen zaion edozein herritarrek erantzungo du gerraren aurka dagoela, baina, bien bitartean, ondoan duen portutik armak garraiatzen dira; auzoko enpresek ekoizten dituzten armak.

Bandera

Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak hala idatzi zion Luxemburgi Mujeres (Emakumeak) liburuan (1995), Zapatak izeneko ipuinean: “1919an Rosa Luxemburg erail zuten Berlinen. Haren hiltzaileek kolpeka apurtu zuten, eta kanalera jaurti zuten gero. Bidean, zapata bat galdu zuen berak. Esku batek lokatzean zegoen zapata hura jaso zuen. Rosak mundu bat nahi zuen, zeinetan askatasunaren izenean ez litzatekeen justizia sakrifikatuko, ez eta justiziaren izenean askatasuna sakrifikatuko ere. Egunero, eskuren batek jasotzen du bandera hura. Lokatzean dagoena, zapata hura bezala”. Ekintzaile sozialistaren bandera hartzen saiatuko dira gaur, Bilboko jardunaldietan.