Deustuko gazte lokalaren ondare balioa aldarrikatu dute herritarrek

Deustuko gazte lokalaren ondare balioa aldarrikatu dute herritarrek

Aitziber Laskibar Laskibar

Bilboko Udalak Deustuko merkatu zaharraren eraikina eraitsi eta etxebizitzak egiteko asmoa duela jakin dutenean, auzokideak mugitzen hasi dira. Azken 26 urteetan gazte lokala izan da eraikin hori, eta, kudeatzaileak udalarekin akordioa egiten saiatu diren arren, etxebizitzak egiteko nahiari eutsi dio udalak. Lokaleko kideek, kide izandakoek eta lokal ondoko etxebizitzetako auzokide batzuek protestari ekin zioten albistea jakin bezain laster. Gazte lokalak 26 urtean auzoari eman dion bizitza nabarmendu dute, eta proiektua defendatzeko bideari ekin diote. Gero, beste talde bat hasi da mugitzen: auzokide multzo batek Deustuko Gazte Lokalaren Aldeko Plataforma sortu berri du.

Lokalaren izaera defendatu du plataformak, eta babesa adierazi die gazte asanbladako kideei. Baina urrunago ere joan da: eraikinaren ondare balioa aldarrikatu, eta Bilboko Udalaren Ondare Batzordera jotzeko asmoa azaldu du. Auzokideen babesa batzen ari da, sinadurak bilduz, udalera indartsu joateko.

Deustu udalerrian sortua

Horretarako, plataformak merkatu zaharra zenaren balio sinboliko eta historikoa ekarri du mahai gainera: Deustuko elizbarrutiko hilerriaren gainean eraiki zuten merkatu zaharra, 1886. urtean, eta garai hartatik auzoan zutik dagoen eraikin bakanetakoa da. Zentzu sinbolikoa ere baduela ohartarazi dute plataformako kideek, Deustu udalerri independentea zela gogorarazten duen aztarna gutxietakoa baita. Udala, eliza eta merkatua zituen udalerri bat zen Deustu, eta bertakoek ozen aldarrikatzen dute hori.

Baina, zaharra izanagatik, txukun dago eraikina; plataformako kideen esanetan, “urte hauetan izan duen erabilera eta zaintzaren ondorioz”. Merkatu zaharra izan zena auzokideek berek zaindu, mantendu eta konpondu dutela gogoratu dute auzokideek.

Hori dela eta, eraikina “mantendu beharra” dagoela iruditzen zaie plataformako kideei, eta balio historiko eta sinboliko horren berri emango diote Bilboko Udalaren Ondare Batzordeari. Bildutako sinadurekin batzordera igorriko duten idazkian, auzoko hainbat elkartek urteotan lokalari eman dioten erabilera eta kudeaketa goretsi, eta “erabilera kolektiborako” manten dadila eskatuko dute, auzoak horren beharra duela sinetsita daudelako.

Baita beste zerbaitegatik ere: udalak eraikina etxe berriak eraikitzeko eraitsi nahi duen arren, “2.000 etxe huts daude Deustuko 20.000 etxebizitzen artean”. Gainera, udalak berak Deustuko Erriberan beste 4.500 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du.

Bestetik, merkatu zaharraren eraikina hilerria zenaren gainean eraiki zenez, etxebizitzak eraikitzeko azpiko lurrak mugitzeak “deustuarron arbasoen hezurrak profanatuko” lituzkeela ohartarazi dute.

Kanpainarekin bat egin duten Deustuko 21 denda eta ostatutan jarri dituzte oinarri horiek jasotzen dituzten idazkiak, auzokideek sina ditzaten. Bilboko Udalaren Ondare Batzordera bideratuko dituzte eskaerak ondoren, plataformaren argudioak aintzat hartu, eta merkatu zaharra berritzear dagoen Hirigintza Plan Orokorraren eraikinen katalogoan txerta dezaten. Hala, eraistea eragotziko lukete.

Erandioko Kalezulo hustear

Bizkaiko beste gaztetxe bat ere hustear da: Erandioko Kalezuloko kideek salatu dutenez, une batetik bestera hutsaraz dezakete azken sei urteetan gazteek okupatuta duten lokala. Udalaren jarrera gaitzetsi dute. Izan ere, haren esanetan, hasieratik aritu da udala gazteak bertatik kaleratzeko ahaleginean. Duela bi urte, bi gazte epaiketara eraman zituztela ere salatu dute. Absolbitu egin zituzten biak.

Hala ere, auzitegietatik etorri da orain husteko agindua. Gazteek azaldu dutenez, lokalaren jabe zenak ez zuen sekula arazorik izan gazteekin, eta ez zuen inoiz haien aurka egin. Baina zorrak zituen Eusko Jaurlaritzarekin, eta eraikina Jaurlaritzaren esku geratu zen, hartzekodunen lehiaketa bidez eraikina saldu eta, hala, zorra gutxitzeko. Horren ondotik dator gaztetxea husteko agindua, eta bertako erabiltzaileek une batetik bestera espero dute kaleratzea.

Azkenaldian hainbat protesta egin dituzte Erandion erabakiaren aurka, baina zail dago egoera aldatzea. Hala ere, lanean jarraituko dutela adierazi dute gaztetxeko kideek.