“Aro berrian”, euskal eskaintzan sakonduko du Campos antzokiak

“Aro berrian”, euskal eskaintzan sakonduko du Campos antzokiak

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Aro berria” dator Bilboko Campos Eliseos antzokira. Hori iragarri dute kudeatzaile berriek. Azken urteetan SGAEk kudeatu du antzokia, baina emaitza onik gabe. “Noraezari” egotzi diote aurrera egin ezina, eta egoera iraultzeko helburuz dator kudeatzaile berria, batez ere Madrilen eskarmentu handia duena: Klemark sozietatea. Alejandro Colubi presidenteak aurkeztu du erronka: “Askotariko publikoa” bildu nahi du antzoki zaharrean, eta ikus-entzule hori “fidelizatu”. Hartarako, askotariko eskaintzaren aldeko apustua egin du: etxeko produktuak eta atzerrikoak eskainiko dituela azaldu du, eta lan klasikoak zein berritzaileak uztartuko dituela. Etxera begira jarrita, euskal produktuak areagotzeko asmoa plazaratu du aurrera begirako programazioaren norabidea zehazteko orduan. Esan duenez, eskaintza osoaren %25 izango da bertokoa, eta horien heren bat, gutxienez, euskarazkoa.

Publiko berriarengana iritsi nahian, Camposek askotariko ikuskizunak jasoko dituela ziurtatu du kudeatzaileak; datozen sei hilabeteetarako, adibidez, “mota guztietako” 60 lan programatu dituztela. Hori bai, jakinarazi du indargunea testu antzerkia izatea nahi duela, “saltzen gehien kostatzen ari den generoa” den arren. Baina Colubik uste du Bilbok betidanik izan duela lotura kulturarekin eta antzerkiarekin, eta gordea duen afizio hori berpiztu nahi dute kudeatzaile berriek.

116 urteko antzoki xarmanta

Gainera, sinetsita daude Campos Eliseos antzokia hartarako egokia dela. 1902an inauguratu zuten, eta antzoki handi eta berritzaile zena antzoki ertaina da egun. Halere, kudeatzaileek diote bere garaiko xarma bera duela gaur egun. Hain zuzen, handiegi ez izate horrek izaera berezia ematen diola: “Gertutasunak dantzarien oinak ere ikustea ahalbidetzen du”. Gainera, barrualdearen egituraketak soinu ederra ahalbidetzen duela nabarmendu dute, eta artistak gustura aritzen direla Camposen agertokian: “Biltzen duen soinua sortzen da, publikoaren eraginarekin itzuli egiten dena, eta aktorea handitu egiten duena”. Horri guztiari “zukua” atera nahi dio Klemarkek.

Datozen sei hilabeteetarako iragarritako antzezlanen artean, Juan Diegoren Una gata sobre un tejado de zinc caliente, eskola jazarpenari buruzko El pequeño poni, Malena Alterioren Los universos paralelos, T de Teatreren E.V.A?, Shakespeare on Tour klasikoa, eta Imanol Ariasen La vida a palos lanak nabarmendu dituzte programatzaileek.

Musikalak ere izango dira: Mayumanaren Rumba!, eta Miguel Molina al desnudo. Maskara antzerkia ere bai: Kulunka euskal taldearen Solitudes.

Umorea Faemino y Cansadok jarriko dute, Quien tuvo retuvo lanarekin, eta Moncho Borrajok, Madre mía, ¡como está España! emanaldiarekin. Dantzan, Monterreyko Balletaren Beltxargen aintzira nabarmendu dute. Magia Anthony Blake ilusionistak egingo die ikusleei, Praktikoki gertagaitza azken lanarekin.

Musikari dagokionez, bi taldek urteurrenak ospatuko dituzte Campos antzokian: Mabu talde bilbotarrak zuzenean aurkeztuko du hamargarren urteurrena ospatzeko disko berria. Revolver taldeak 25. urteurrena ospatuko du. Básico izan zen haren lehen diskoa, eta hara itzuliko da kontzertu berezian. Bere ibilbideko lanik arrakastatsuenak joko dituela iragarri du.

Haurrentzat eta familientzat

Publiko berriengana iritsi nahian, haur eta familientzako eskaintza bereziak iragarri ditu Camposek. Programazio berezi batekin saiatuko da, adibidez, rock talde mitikoen musika txikiei erakusten. The Beatles, Iron Maiden, Bon Jovi eta Guns N’Roses taldeen musika familia girora egokituko du. Haurrentzako opera bat ere programatu du, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Borobilean ikuskizuna.

Madrilen sustraitua dagoen sozietatea izanik, joan-etorriko bideak egiten saiatu nahi du Klemarkek. Colubik adierazi du Espainiako hiriburura iristen diren ikuskizun batzuk Bilbora ere ekartzen saiatuko dela, eta euskal taldeak Madrilen aurkezteko asmoa duela. Adibidez, jakinarazi du Kukai dantza taldeari Escorialeko San Lorenzo jaialdian parte hartzeko eskaintza egin diola. “Urtea amaitu aurretik nabarituko da euskal konpainia gehiagoren presentzia Madrilen”, esan du Jorge Culla programazio aholkulariak.