Modaren estutasuna militantziaren habian

Asier Arrate Iruskieta

Bilbo erdiguneko eraikinek historia eta istorio asko gordetzen dituzte. Horietako batzuk aski ezagunak dira; 1936ko gerran Euskal Gobernua Carlton hotelean ezarri zutela, esaterako. Beste eraikin askotan jasotakoa, ordea, misterioa da egunero horien aurretik pasatzen direnentzat. Horren adibide da Astarloa kalearen eta Bilboko Kale Nagusiaren elkargunean dagoen eraikina. Askok gogoratuko dute Kutxabanken egoitza izan zela orain Zara arropa etxearen denda erraldoi berria izango dena, baina gutxik jakingo dute duela 81 urte Euskal Emakume Antifaxisten Elkartearen egoitza izan zela.

XX. mende hasieran eraiki zuen Legizamon familiak Bizkaiko Foru Aldundiaren alboan dagoen eraikin hori. 1937ko urtarrilaren 10ean, gerraren erdian, erakunde, elkarte eta alderdi politikoen esku geratu ziren Bilbo erdiguneko beste hainbat eraikin bezala, Astarloa kaleko eraikina Euskal Emakume Antifaxisten Elkartearen egoitza bihurtu zen. Eraikin hura aukeratzea ez zen ausazkoa izan. Emakumeen eskubideen alde lan egiten zuen Emakume Garaikidearen Etxeak ere egoitza zuen bertan.

Borroka feministaren ikur

Euskal Emakume Antifaxisten Elkartea PCE eta EAE-ANV alderdietako eta UGT eta CNT sindikatuetako emakumeek sortu zuten. Bi helburu nagusi zituen: mehatxu frankistari eta matxismoari aurre egitea. Astarloa kaleko eraikina bihurtu zen borroka horren erdigune. Florentina Tasende izan zen presidentea, Faustina BalaƱo idazkaria, eta Astrea Barrios Mujeres aldizkariko erredaktorea.

1937ko urtarrilean abiatu zuten bideak ez zuen luze iraun. Ekainean, tropa frankistak Bilbon sartu ziren, eta Euskal Emakume Antifaxisten Elkarteko kideek erbestera ihes egin behar izan zuten. Atzean utzi zuten beraien lehen eta azken egoitza izango zena. 1944an, Bilboko Udal Aurrezki Kutxak erosi zuen eraikina. Berriztu, eta 1949an inauguratu zuten gerora BBKren eta Kutxabanken egoitza izango zena.

Kutxabankek 2014an saldu zion eraikina Mango arropa etxeari, 40 milioi euroren truke, eta horrek Inditexi alokatu zion 2017ko abenduan. Amancio Ortegaren arropa etxe erraldoiak Bizkaiko Zara denda handiena ireki nahi du bertan.

Memoria historiko falta

Emakumeen eskubideen aldeko borrokaren ikur izandako toki batean emakumeak estereotipoetan estutzen dituen Zara bezalako multinazional batek denda irekitzeak “kontraesana” sortzen duela ohartarazi du Eduardo Gonzalez Lau Haizetara Gogoan-eko kide eta Sare Antifaxistako bozeramaileak. Memoria historiko faltari leporatzen dio Zarak denda irekitzeko baimena lortu izana: “Udalak ez zuen inolako ikerketarik egin denda irekitzeko baimen eskaera jaso zuenean”.

Eraikin historikoetan edozein lan abiatzeko baimenak Ondarearen Batzordeak ematen ditu. Udaleko, aldundiko, Arkitektoen Elkargoko eta Deustuko Unibertsitateko ordezkariek osatzen duten batzorde horrek orain lau urte baimendu zuen eraikina eraberritzea. Gonzalezek azaldu duenez, txostenean eraikinaren balio arkitektonikoa nabarmendu eta bere horretan mantentzeko agindu zuen, baina ez zen ondare historikoaren aipamenik egin.

Gonzalezek onartu du informazio gutxi dagoela gerran eta gerra aurretik Bizkaian eta Euskal Herrian egon ziren erakunde feministen inguruan: “Garai hartako egunkari batetik ateratako artikulu batean aipatutakoaren harira hasi ginen aztertzen Euskal Emakume Antifaxisten Elkartearen presentzia”.

Hala ere, salatu du, informazio gutxi izanik ere, udalaren eginbeharra dela baimenak eman aurretik memoria historikoa behar bezala lantzea: “Ez dugu denda ixtera behartuko, baina udalak memoria landu behar luke horrelakorik ez errepikatzeko”. Gogoratu duenez, Eguna egunkariaren egoitzan oroigarria jarri zuen udalak otsailean. Horregatik, Astarloa kaleko eraikinean berdin egin beharko lukeela uste du.

Gonzalezen hitzetan, Astarloa kaleko eraikinarekin gertatutakoa ez errepikatzeko ezinbestekoa da udalak memoria lantzeko mahai bat osatzea. Mahai horren eginbeharra udaleko ordezkariekin batera memoria lantzen duten taldeek hirian gertatutakoa aztertzea izango litzatekeela azaldu du. Eta kritikatu du azken hiru udal gobernuek ez diotela kasurik egin euren proposamenari: “Urteak eman ditugu udalari gure laguntza eskaintzen, baina ez digute erantzuten”.

Hartara, Bilbon oraindik lan handia dagoela dio: “Ikertzen hasiko bagina, ehunka kasu aterako lirateke”. Memoria historikoarekin lantzeko dauden kasuen artean, bozeramaileak aipatu ditu, besteak beste, Kale Nagusian zeuden aire-erasoentzako bi babesleku eta Bilbok jasandako bonbardaketak. “Gernikan eta Durangon pentsaezina izango litzateke horrelako zerbait ez oroitzea”.