Mito bihurtu den pertsonaia

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Charlote eta Charles Chaplin (Ingalaterra, 1889-Suitza, 1977). Zaila da pertsonaia eta sortzailea bereiztea edota zein den zein asmatzea, fikzioak eraikitako pertsonaiak bere sortzailea gainditu baitu Chaplinen kasuan. Ezbairik gabe, zinema mutuaren ikurra da Chaplin, eta arrasto luzea utzi du zuzendari zein aktore gisa. Gaur egungo zinemaren zutabeak jarri zituela uste dute hainbat adituk. Bada, haren lana omentzeko emanaldiak egingo dituzte martxoaren 22ra bitarte Bilbon, Azkuna zentroko Zinematekan. Atzo egin zuten lehen emanaldia: A Dog’s Life (1918) eta Shoulder Arms (1918) filmak ikusi zituzten. Orotara, Chaplinen hamasei film eskainiko dituzte datozen hiru hilabeteetan. Ostegunero izango dira emanaldiak, denak 17:30ean, eta 4,5 euroan jarri dituzte sarrerak salgai.

Hainbat belaunaldiren ikurra da Chaplinek antzeztutako Charlote pertsonaia; eta, ehun urte igaro diren arren, haren filmak sona handikoak dira oraindik. Arrakasta handikoa da bibote txikidun, kapeladun eta bastoidun pertsonaia. Baina Charlote fikziozko pertsonaiaren itzalean dagoen Chaplin gizonaren bizitza ez zen horren argitsua izan. Baliabide urriko aktoreen familia batean jaio zen Chaplin, eta atsekabezko haurtzaroa izan zuen, eskasiaz betea. Zinemagintzan aditu direnek diotenez, Chaplinen lana ezin uler liteke haren haurtzaroa aztertu gabe.

Familia behartsu batean jaio zen aktorea. Aitak ahotsa galdu zuen, eta alkoholak jota hil zen, bera gaztea zela; amak, berriz, burua galduta, eroetxe batean bukatu zuen, Chaplinek 7 urte zituela. Gosea ezagututa eta umezurtz bizi izan zen Chaplin, anaia nagusiarekin batera.

Errealitatetik ihesi egin nahian edo, ikuskizunen munduan aurkitu zuen babesa.

Lehen aldiz, 9 urterekin jauzi egin zuen agertoki batera, dantzari gisa, eta, zortzi urtez, antzerkietan era guztietako lanak egiten aritu zen, harik eta 1907an Fred Karno music hall konpainiak kontratatu zuen arte. Orduz geroztik, paper komikoak antzezten hasi zen aktore ingelesa. Baina behin betiko arrakasta Charlot arlotearen rolean lortu zuen: Kid Auto Races at Venice pelikulan antzeztu zuen lehen aldiz. 1914ko otsailaren 7an estreinatu zuten lana.

Aktore deserosoa

Pertsonaia sortzeko momentua azaldu zuen aktoreak, gerora, bere autobiografian. “Dena kontraesanezkoa izatea nahi nuen. Praka zabalak, beroki estuak, kapela txikia eta zapata luzea… horiei bibote txiki bat gehitu nien, pentsatzen nuelako zaharrago egingo ninduela. Pertsonaiaz ez nekien ezer. Baina jantziak soinean jarri eta margotu bezain laster, neure buruan sentitu nuen pertsonaia, eta hura ezagutzen hasi nintzen”. Berehalako arrakasta izan zuen Charlote pertsonaiak gizartean. Izan ere, orduko egoera soziopolitikoa azaldu zein kritikatu zituen hasieratik bere lanetan: Shoulders Arms (1918) da horren lekuko. Lehen Mundu Gerra betean, gerraren irudi komiko eta surrealista erakutsi zuen bertan. Gizartean ziren ezberdintasun sozialak ere irudikatu zituen The Idle Class (1921) filmean: gizon aberats baten eta eskale baten azalean jarri baitzen Charlote.

Bere burua sozialistatzat bazuen ere, kontraesanez betetako bizimodua izan zuen Chaplinek. Ezkerreko joera erakutsi zuen beti, eta berak sortutako filmetan kritika egin zion sistema ekonomikoari: Depresio Handia izenarekin ezaguna den AEBetako ekonomia krisia irudikatu zuen, eta kapitalismoaren irudi kritikoa zabaldu zuen, adibidez, Modern Times (1936) pelikulan. Hanns Eisler eta Bertolt Brecht izan zituen lagun, eta, politikoki bere burua ezkertiartzat hartzen bazuen ere, aberatsen bizimodua zeraman aktoreak.

Aktore ingelesak gogor egin zuen nazismoaren kontra. The Great Dictator (1940) filmean bi pertsonaia interpretatu zituen aktoreak: diktadorea, batetik, eta diktadoreak jazartzen zion judua, bestetik. Hitler eta Mussoliniren aurka agertzen zen argi, eta Franco hil zen arte ezin izan zen filma Bilbon ikusi. Sona handia izan zuen lanak, eta Charlot pertsonaiaren filmen artean gehien ezagutzen dena da gaur egun.

Chaplini gorazarre

Aktorearen mezuak ez ziren oharkabean pasatu. AEBetako agintariek etsaitzat hartu zuten Chaplin, komunistatzat. 1947. urtean, AEBen Jardueren Aurkako Batzordea aktorea erbesteratzeko presioa egiten hasi zen; baina, gobernuak bota aurretik, berak alde egin zuen, 1953an, Suitzara. Bertan azaldu zen azken aldiz pantailan, The Gentleman Tramp dokumentalean. Hil ere Suitzan egin zen, 1977an, Eguberri egunean. 1960ko hamarkadaren amaieratik zegoen gaixorik, eta buruko dementziak jota hil zen.

Chaplinek sortutako filmez gozatzeko aukera eskainiko du datozen asteetan Azkuna zentroko Zinematekak. Charlote pertsonaia ezagutzeko parada dute ezagutzen ez dutenek, eta hura berriz gogora ekartzeko beta, berriz, Chaplinen ibilbidea jarraitu dutenek.

Egitaraua

Urtarrilak 18: Sunnyside eta A Day’s Pleasure (1919).

Urtarrilak 25: The Idle Class (1921), Pay Day (1922) eta The Pilgrim (1923).

Otsailak 1: A Woman of Paris (1923).

Otsailak 8: The Gold Rush (1925).

Otsailak 15: The Circus (1928).

Otsailak 22: City Lights (1931).

Martxoak 1: Modern Times (1936).

Martxoak 8: The Great Dictator (1940).

Martxoak 15: Limelight (1952).

Martxoak 22: A King in New York (1957).

17:30ean hasiko dira emanaldi guztiak, Bilboko Azkuna zentroan.