Errepidetik ateratzeko bidea

Errepidetik ateratzeko bidea

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bukatzea nahi duten egoerak eraman dituzte kamera aurrera, desagertzea nahi duten eszenak. Euskal presoen sakabanaketak gernikarrengan uzten duen aztarna erakutsi eta egoerari irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatzeko sortu du Aterabidetik dokumentala Gernika-Lumoko Sare plataformak. Joan den urtean aurkeztu zuten egitasmoa, eta pantailaz pantaila eta herriz herri dabil ordutik. Gaur bertan emanaldia dute Zeanuriko kultur etxean. Aterabidea eskatzeko lana da Aterabidetik, sortzaileen arabera. “Irudietan eta soinuetan islatuta agertzen den sakabanaketaren erradiografia”.

Gernika-Lumoko herritarren errealitatea erakusteaz harago doa lana, ordea, lagun ala senideren bat preso duten euskal herritar guztien ezinegona azaltzen baitu lanak. Horren erakusle izango da Sare plataformak, bihar, Prest gaude goiburupean, sakabanaketa politika buka dadila eskatzeko eta euskal preso politikoen Euskal Herriratzea aldarrikatzeko Bilbon egingo duten manifestazioa. Milaka herritar elkartuko dira Bizkaiko hiriburuko kaleetan. 17:30ean abiatuko da protesta, Casillatik. Baina egun osorako egitaraua prestatu du plataformak.

Asteburu bakoitzean, 81.824 kilometro egiten dituzte bizkaitarren senide eta lagunek preso dituzten hurkoak bisitatu ahal izateko. Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkartearen arabera, batez beste, 378 euroko gastua egiten dute preso bakoitzaren senideek, astean, bidaietan; 1.638 euroko gastua dute hilean, eta 19.653 eurokoa urtean. Kartzelak “haurtzaroa lapurtu” dietela azaldu dute haur motxiladunek berriki. “Euskal Herrian benetako bakeaz hitz egin daitekeela uste duzue gure gurasoak kartzelan atxikita?”. Gaur egun, 113 haur eta nerabe daude egoera horretan. Sakabanaketaren itzalak agertu nahi izan dituzte Aterabidetik filmean: askorena den errealitatea ikusarazi eta Gernikako herritarrek sakabanaketa bukatzeko duten nahia argi utzi nahi izan dute.

Puzzle bat balitz bezala osatu dute dokumentala, norbanako askoren boluntario lana elkartuz. Orotara, 30 gernikarrek baino gehiagok parte hartu dute egitasmoan, eta Josu Goikoetxeak osatu du gidoia. “Erradiografiak izeneko lana erakutsi zidaten, eta hantxe zegoen dena: euskal presoen senide eta lagunen maitasuna, ahalegina eta nekea. Hari nola eman ikus-entzunezkoaren forma, horixe zen kontua”.

Bezperatik bisitara

Herritarren ekarpen guztiak bilduta lortu zuten azken emaitza: 28 minutuko ikus-entzunezkoa. “Borondatezko lana izanik, eta jendearen denbora urrea bezala tratatu behar zela kontuan hartuz, lanak ondo banatzea erabaki genuen. Horregatik eman diogu gorputz zatikatua ikus-entzunezkoari: fikzio bat, reality bat, elkarrizketa bat, eta han, hor eta hemen txertatutako sentipen-pilula txikiak”.

Hiru zatitan dago banatuta dokumentalaren gidoia: Bezpera, Umeak eta dispertsioa, eta Bisita. Lehen atalean, Pantxoa Gandarias gernikarrak espetxeari lotutako gogoetak egin ditu. Preso dagoen herritar baten senidea da Gandarias, eta egoerak dakarzkion ardura eta buruhausteak plazaratzen ditu, off-eko ahotsa erabilita; Josu Kamara aktoreak jarri die ahotsa pentsamenduei. Bigarren atalean, preso daudenen haurrei buruzko erradiografia egin du 32 urtean pediatra izandako Txabi Txakartegi medikuak. Filmaren azken atalak Valladolideko espetxera (Gaztela eta Leon, Espainia) egindako bidaia azaltzen du.

Alfon Sebastian presoaren bikotekide Izaro Lopezek eta haien alaba Aiora Sebastianek asteburuko bisita egin zuten batean, haiekin batera joan zen Jose Antonio Bastegieta Marko, Kortezubiko lehen alkate izandakoa (EAJ) eta Busturialdeko pertsona ezaguna. Sakabanaketa zer den ezagutu zuen Markok, bere larruan, aurrenekoz.

Otsailean beteko da urtebete Aterabidetik herrian bertan estreinatu zutenetik, eta Euskal Herriko hamaika txokotan erakutsi dute jada. 40. Euskal Zine Bileran Gidoiaren saria eskuratu zuen egitasmoak, amateur sailean. Bidea ez dute hor eten, ordea, eta aurrera urratsak egiten jarraitzen dute Gernikako Sare plataformako kideek. Dokumentala ahalik eta gehien hedatu eta ezagut dadin, azpidatziak jarri dizkiote gazteleraz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz. Sarean ere jarri dute eskuragarri.