Bilboko ura txapeldun

Bilboko ura txapeldun

Asier Arrate Iruskieta

Ideia bat bitxia edo txoroa izateak ez du esan nahi arrakastarik ez duenik izango. Bitxikeria eta arrakasta biltzen dituen filosofia hori bilbotarren izaeraren parte dela erakusteko asmoz, Moskotarrak konpartsak, urtero legez, Txirenada saria banatuko du; bilbotarrek urtean zehar sortutako proiektu bitxienaren garaikurra. Aurtengo saria Charly Rodriguezek asmatutako Bilboko Euria oroigarriari egokitu zaio.

Ideia sinplea bezain bitxia da. Bilboko euri ura bildu eta botilatxoetan saldu, oroigarri gisa. Moskotarrak-eko epaimahaiaren aburuz, urteko Txirenada izateko ezaugarri guztiak betetzen ditu Rodriguezen ateraldiak; ideia bitxia, ekimen handikoa, eta, batez ere, Bilboko eta bilbotarren izaera biltzen duena.

Oroigarri bat baino gehiago

Egun euritsu batean erabaki zuen Rodriguezek euria botilatzea hiriko oroigarri gisa. Horretarako, kalean jarritako plastiko baten bidez biltzen du euri ura, eta ostean txapela eta jaietako zapiarekin apaindutako botilatxoetan botilatzen du bildutako ura. Bilboko Euria izeneko oroigarria dendetan zein Internet bidez eskuratu daiteke. 100 ml-ko botilatxoa, 14,30 euroan. Rodriguezek azaldu duenez, Euskal Herritik kanpokoak dira erosle gehienak. Hasierako inbertsioa berreskuratuta, sortzaileak jakinarazi du lortutako dirua irabazi asmorik gabeko elkarteei emango diela.

Bilboko euri ur botilatua ez da izan 2017ko Txirenada irabazteko hautagai bakarra. Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheimera sartzeko banatutako gonbidapenak eta museoko urteurreneko argi ikuskizuna ere proposatu zituzten urteko “ideia bitxienak” bezala. Lehen ideiaren “bitxikeria”, epaimahaiaren aburuz, bizkaitar guztiei museora sartzeko gonbidapenen 300.000 euroak bizkaitarrek beraien ekarpenetatik ordaintzea da; opari bitxia. Bigarren kasuan, epaimahaiak uste du nabarmentzekoa dela urteurrena ospatzeko ikuskizunak “hiri erdia blokeatu izana”.

Azkenean, epaimahaiak Rodriguezen ideiaren alde egin du, eta Bilboko Euria Moskotarrak-en bitxikerien zerrendara gehituko da, besteak beste, San Mames futbol zelaiko arkua zubi bihurtzearen proposamenarekin, Portugaleteko Bizkaiko Zubiaren gainean Javi Condek eta Jon Salvadorrek egin zuten maratoiarekin, WOP elkarteak antolatutako gomazko ahateen lasterketarekin eta Bilboko suhiltzaileen egutegiarekin.

Farolin eta Zaranbolas

Moskotarrak konpartsak Txirenada saria banatzearekin batera, jai batzorde mistoak inauterietako Farolin eta Zaranbolas izateko hautagaiak aurkeztu ditu. Mikel Martinez aktorea, Tomas Ondarra irudigilea eta Iñaki Uranga El Consorcio taldeko abeslaria dira Farolin kargurako aurtengo hautagaiak. Zarambolas kargurako, berriz, Txemi del Olmo bikoizketa aktorea, Oihana Bartra bertsolaria eta Zea Mays musika taldea. Deustuan abiatutako Hamaika Egun Euskaraz ekimenari ere aipamen berezia egin diote.

Farolin eta Zaranbolas Bilboko inauterietako pertsonaiak dira. Farolin esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra da. Zaranbolas, berriz, gibel-handi bat da, ondo bizitzea atsegin duena. Lehena zuriz mozorrotzen da, eta bigarrena, gorriz. Bi pertsonaiak aratusteen ikuskizunen parte dira. Tradiziotik eratorritako ikuskizun bat ardatz, hiritarraren izaeraren bikoiztasuna agerian uztea da beraien eginkizuna.