Zer jan, norbere aukera

Zer jan, norbere aukera

Natalia Salazar Orbe

Aspaldi sortu zen kezka, eta haziz doa. Zer jaten dugu? Nondik dator elikagai hori? Nola hazi da? Gizartean kozinatzen ari diren galdera horiek lapikotik ateratzen hasiak dira. Eskoletako jantokietara aspaldi iritsi ziren, familien eta inplikatutako beste eragile batzuen eskutik. Leku batzuetan ari dira kezka horri aurre egin eta konponbideak gauzatzeko prozesuak garatzen. Bizkaian hainbat esperientzia daude martxan. Batzuek kostata lortu dute Jaurlaritzak inposatutako ereduaz bestelako bati ekitea. Helburua bera da denetan: logikari jarraitutako jantokia martxan jartzea; bertakoa bertan kozinatuta jatea.

Urduñan, udaberrian jarriko dute martxan urte luzez lortzeko borrokatu diren proiektua. Eskola publikoko jangelan bertako produktuak dastatuko dituzte ikasleek, herrian bertan kozinatuta. 2012an jarri zuten martxan udal sukaldearen egitasmoa. Hiru urte lehenago hasi ziren lanean, trantsizio agroekologikoaren bidean, eta tokiko elikadura sistema garatzeko helburuarekin proiektuari buruz hausnartzen. Sukalde zentral bat eraiki zuten adinekoen egoitzari eta herri eskolari zerbitzua emateko. Adinekoek 2015az geroztik jaten dituzte bertako produktuekin herrian bertan egindako otorduak. Ikasleek gauza bera egiteko proiektuari oztopoak jarri zizkion Jaurlaritzak. Sukaldetik ikastetxera bitartean bost metro daude. Distantzia horretan janaria garraiatu beharrak sortu zizkien oztopoak Osasun Sailaren aurrean.

Oztopo guztiak gaindituta, obrak egiten hasiko da orain udala: biltegia eta espedizio lokala handitu behar dituzte. Eusko Jaurlaritzak onartutako laugarren eta azken esperientzia pilotua izango da hau.

Ikasturte hasieran jarri zuten martxan Laukarizko eskolan proiektu bera. Ikasleen guraso elkarteak bere gain hartu zuen eskola jangelaren kudeaketa. Hezkuntza Sailak aukeratutako hirugarren proiektu pilotua da. Bertako gurasoek lan handia egin zuten aurreko bi ikasturteetan hornitzaileak eta bertako ekoizleak aurkitzen. Eurak arduratzen dira gaur egun eskaerak egiteaz, diru kontuez eta ikastetxearekin elkarlanean aritzeaz.

Hornitzaile gehienak bertakoak dira, eta asko, ekologikoak. Arraina Ondarroatik iristen zaie; haragia, Mungiatik, eta oilaskoa, Zamudiotik. Errigoitiko arrautzak jaten dituzte, eta pasta eta lekaleak ekologikoak dira. Gizaburuagatik ekartzen dituzte tomateak eta piperrak; sagarrak, Gatikatik; eta barazkiak herrikoak bertakoak dira.

Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxeak eta Markina-Xemeingo eskolak ere eredu hori darabilte. Jaurlaritza probatzen ari den proiektua martxan jarri zuten lehenak izan ziren. 2016ko apirilean abiatu zuten. Bi urterako proposamena izan da. Epea bukatzean, Hezkuntza Sailak balorazioa egingo du, eta eredua aldatu ala ez erabakiko du.

Lan handia egin dute, baina emaitzak merezi izan duela utzi du agerian. Gurasoentzako kostua ez da handitu, eta ikasleek produktu freskoa eta, ahal den guztian, bertakoa jaten dute. Sekretua erraz asmatzen dela azaldu dute: irabazi asmorik ez duen sistema da, eta bitartekaririk ere ez dute behar, zuzenean erosten diete-eta ekoizleei.

Aitzindariak

Larrabetzun eta Erandion izan dira aitzindariak. 2000. urtean Jaurlaritzak catering zerbitzua orokortzeko erabakia hartu zuenean, eurek euren bidetik jarraitu zuten; ordura arte egiten zuten bezala, autokudeaketaren bidez. Bidea ez da batere erraza izan. Bederatzi eskolak hartu zuten erabaki bera. Baina 2007an beste zazpiak catering zerbitzura pasatu ziren. Halabeharrez hartutako erabakia izan zen.

Ordura arte, Jaurlaritzak ordaintzen zien soldata autokudeatutako jangeletako sukaldariei. Hezkuntza Sailaren dekretu baten ondorioz, ordea, behargin horiek gaixotuz gero, ez zuten ordezkorik jarriko; ezta ordezkorik ordainduko ere. Hala, Larrabetzuko eskolak eta Erandioko ikastolak —sare publikora pasatu zen 1994an— soilik jarraitu dute eredu horrekin gaur egunera arte.

Durangaldean ere indar egiten ari dira eredua aldatzeko. Eskualdeko bederatzi ikastetxe batu dira Berton Bertokoa egitasmora: Durangoko Landako eta Zabalarra, Iurretako Maiztegi, Abadiñoko Traña-Matiena eta Zelaieta, eta Zaldibar, Berriz, Atxondo eta Elorrioko eskolak. Denera, 3.000 haur hartzen dituzte. Ikastetxe bakoitzari gaur arte izan duten eredua edo bestelakoa garatzeko aukera eman diezaioten nahi dute.

Orain arte, Jaurlaritzaren esku dago zerbitzua. Aukera guztiei babes instituzional eta ekonomiko bera eman, eta sukaldeko zein jangeletako langileen lan baldintzak errespeta ditzala eskatu diote. Beraiek ez dute-eta nahi jangelaren kudeaketa beraien esku geratzea. Jaurlaritzaren ereduaren alternatiba gehienek gurasoen gain uzten dute erantzukizuna.

Eskoletako jantokiek hausnarketarako bide zabala hedatu dute. Mahi-Mahi Apitropik proiektuak ere bide berari jarraitu dio. Ikuspegi gizatiarragoa izango duen eredu bat sortzea du helburu. Haurrek jantokietan bizitako esperientziak jasotako elikadura bezain garrantzitsua izan behar duen espazio bilakatzea. Esperientzia horrek hezigarria ere izan behar du. Horretarako, jangelan aritzen diren pertsona guztien parte hartzea eta laguntza dute. Bilboko Abusu ikastolan daukate Mahi-Mahi jangela.

Beste muturrean

Aldaketarako grinaz daudenen zein ilusioz beteta abiatu dituzten esperientzia horien beste muturrean kokatzen da Muskizko ikastetxe batean egin duten salaketa. Jangelako menuen kalitate eskasa salatu zuten urrian bertako umeen gurasoek. Janariaren kalitate baxua, kopuru urriak, catering enpresen erantzun kaskarrak eta Eusko Jaurlaritzaren erantzunik eza beste hainbat ikastetxetan ere gertatu direla ekarri zuen gogora Gure Platera Gure Aukera plataformak. Muskizko jangelan zizare bat aurkitu ostean egin zuten egoera publiko gurasoek.

Catering enpresa horrek berak eramaten die jana Sopelako Zipriñe ikastetxera eta Iberre institutura. Herrian bertan, Urdulizen eta Berangon jantokien kudeaketa ereduari buruz erabakitzeko eskaera egin dute. DB-TU alderdiak aurkeztu du mozioa udal horietan guztietan. Salatu dutenez, Jaurlaritzak egun darabilen ereduak negozioa lehenesten du kalitatearen, hurbiltasunaren edota gardentasunaren aurretik.