Gabeziek aberastutako bidaia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Urik gabe, argindarrik gabe. Hamar egunez. Areaz gain ezer gutxi dagoen lurretan. Nerabeak, ikastetxetik antolatutako bidaian. Ez dago dantzalekurik. Ez denda handirik, ez tabernarik. Ezta alkohol tanta bat bera ere. Baina, etxera itzulita, ez lukete esperientzia aldatuko. “Bertan ahaztu egiten zaizkizu hemen ditugun beharrak”, dio 16 urteko Andrea Jimenezek. Etxean premiatzat ditugunen premia galdu egiten da desertuan. Ez dira hamar egunean dutxatu. Noski. Dutxarik ez da han, baina baldeka ere ez dira busti garbitzeko. “Azkenean, zuk zeuk ez duzu dutxatu nahi izango haien ura ez xahutzeko; egoista izango litzateke. Guk, itzultzean, badugu ura”.

Berezia da Elorrioko ikastetxeetan ikasleentzat antolatzen duten bidaia. Eta preziatua oso, frogatu dutenentzat. Tindufeko kanpalekuetara egiten dute bidaia bi urtetik behin, sahararrek Aljeriako lurretan duten errefuxiatuen kanpalekuetara. Abenduan izan dira azkena. Elorrioko 50 gazte: institutuko 36 ikasle eta irakasle, eta Txintxirri ikastolako 14. Institutuaren kasuan, bertako ikasle izan zirenean bidaia egin zuten ikasle ohiak aritzen dira begirale orain. 14 eta 22 urte arteko gazteak izan dira, hala, errefuxiatuen kanpalekuetan hamar egunez. Guztiak, Josu Etxaburu zuzendariaren hegalpean.

2010ean antolatu zuen lehen bidaia Etxaburu tartean zen taldeak. Sahararren kanpalekuetara bidaiatzen zuten ikastetxeen berri bazuen, eta nolabaiteko inbidiaz begiratzen zion ekimenari Etxaburuk. “Balioak, gehien-gehien, bizipenen bidez sustraitzen dira. Irakaskuntzan sarri askotan aritzen gara balioetan sakondu nahian, baina oso egoera irrealetan egiten da, eta inolako sustrairik gabeko agertokietan”. Zumaiako ikastetxeen esperientziari begira jarri, eta hainbat hausnarketaren ondoren, eurek ere ekitea erabaki zuten.

Balioetan hezteko

Aurrez ere bazen Elorrion Mendebaldeko Sahararekiko sentsibilitatea, eta hori baliatu zuten elkartasuna eta balioetan oinarritutako heziketa uztartzen dituen proiektua abiatzeko. Urteak dira errefuxiatuen kanpalekuetako haurrak Oporrak Bakean programaren bidez uda pasatzera Elorriora etortzen direna. Orube hori indartu nahian, udaletxera jo zuten. Udalak proiektua herriko ikastetxe guztietara zabaltzea proposatu, eta Txintxirri ikastolak eta Elorrioko institutuak bat egin zuten egitasmoarekin. Baita udalak eta Lajwad Sahararen aldeko elkarteak ere.

Elkartasun bidaia gisara planteatu zuten. “Hau ez da ikasketa bidaia bat”, zehaztu du institutuko zuzendariak. “Gehiago esango dut: hau ez da guztientzako bidaia bat. Hara abiatzeko zerbait sentitu beharra dago aurrez”. Horregatik, errefuxiatuen kanpalekuetara laguntzera joan nahi dutela espresuki adierazten duten ikasleak soilik joango dira; aurrez ere benetako irrika dutenak. Abiapuntuak argia behar duela nabarmendu du Etxaburuk: “Gu ez goaz karitatez. Eurek, gainera, askotan esaten dute ez dutela karitaterik behar, ez dutela pena sentitzerik nahi. Badakite zein egoeratan bizi diren eta zergatik”.

Eta latza da basamortu erdian Saharako errefuxiatuek bizi dutena. 40 urte baino gehiago daramatzate desertuan, behin-behinekoz atondutako kanpalekuetan, oinarrizko azpiegiturarik gabe, euren lurretara itzultzeko aukeraren zain. Hamabost urteko gudaren ostean, Fronte Polisarioak eta Marokoko erregimenak erreferenduma eginda guda amaitzea adostu zuten, baina, erabakiak Nazio Batuen Erakundearen babesa ere baduen arren, Marokok ez du hitza bete. Irtenbiderik gabe, Aljeriak utzitako lur gogor eta idorretan jarraitzen dute sahararrek, zain, errefuxiatuta.

“Sahara aurrera ateratzen laguntzeko” itzuli nahi luke 15 urteko Adriana Fernandezek kanpalekuetara. “Haien bizitza zeozer hobetzen laguntzeko, baita ekonomikoki eta politikoki ere”. Egoeraren berri zabaltzearen garrantzia nabarmendu du.

Euren esperientziaren berri emateko Bizkaiko Hitza-rekin batu diren lau ikasleek bat egin dute esperientzia errepikatzeko nahian, eta bidaiak barrua aldatu diela ere adierazi dute; pertsonalki aldatu egin dituela. “Hemen pentsatzen dugu gauza materialak behar ditugula bizitzeko, eta bertan ikusten duzu ezetz. Gutxirekin konformatzen direla eta pozik bizi zaitezkeela hala ere”. Horixe da 15 urteko Ekain Zengotitabengoa gehien harritu duena: “Ez dute ia dirurik, baina batak besteari laguntzen dio, eta pozik bizi dira. Familia handi bat bezalakoa da; dagoena denena da”.

“Oso bidaia sentimentala” izan dela kontatu du 15 urteko Herketz IraƱetak. Hamar egunetan euren etxekotzat hartu dituztenak familia bihurtu zaizkiela, eta hango bizimoduak eman diola zer pentsatu. “Hausnartzeko esperientzia” gisa izendatu du bidaia, eta bere bizitza norabidez aldatzeko premia sentiarazi diola azaldu du. Alferkerian, “denbora galtzen” aritu dela aitortu, eta dituen baliabideak baliatuta ikasketei ere serio heltzeko beharra piztu zaiola, orain arte ez bezala.

Hala, eman baino gehiago jaso egin dutela diote lau ikasleek. Laguntzera zihoazen arren, aberastuta etorri direla, ustekabean. Hain zuzen, institutuko zuzendariaren hitzetan, proiektuak helburu horixe bilatzen du zeharka. “Ukitu ezinezko” lorpentzat ditu horiek; zenbatu eta neurtu ezin diren baina heziketaren ikuspegitik berebiziko garrantzia dutenak. “Horiek dira benetan inportanteak diren elementuak, pertsona egiten gaituztenak”. Eta horixe du “altxor”: “Motxiletan ekartzen ez duguna, baina bai buruan eta bihotzean”.

Bestelako helburu zehatzekin ere antolatzen dute Tindufeko kanpalekuetarako bidaia, halere. Elkartasuna oinarri, laguntzeko bidaia da elorriarrena. Hiru proiektu zehatzekin dabiltza azken urteetan. Ortuekin lotutakoa da bata. Inolako produkziorik ez duen eremua bizileku izanik, nazioarteko laguntza humanitarioaren esku dago sahararren iraupena. Eta nabarmenak dira elikadura gabeziak. Hori iraultzen lagundu nahian, baratzeak egiteko proiektuari eutsi zioten elorriarrek duela lau urte.

Baina, ortua desertuan? Ohiko galdera da, baina, Etxabururen hitzetan, posible da. Euren begiekin ikusi dute. Edangarria ez den arren, kanpaleku batzuetan ur putzu asko dagoela dio, eta balekoa dela ureztatzeko. Zaila da putzuetara iristeko zuloak egitea, baina, horretarako makinak eta pazientzia izanda, lor daiteke. Putzuetatik ura ateratzeko makinak erosten laguntzea da elorriarren asmoetako bat. Ongarri kapa bat ere jarri behar litzateke harri eta harearen gainean baratzea egiteko, eta haziak lortu behar lirateke, besteak beste. Baina lortuko dutelakoan da Etxaburu. Buru belarri jarri dira horretan, eta ortua egin nahi duten familien zerrendaren zain daude. Aaiungo Amgala auzoan egon dira elorriarrak, eta hara bideratu dute proiektua. Hemendik aurrerako diru bilketak eta gainerakoak horri begira egingo dituzte.

Oinarrizko beste proiektu bati begira ere bai: ura biltzeko bidoiak eramateari begira. Desertuko arazo nagusia ur edangarria izatea da. Nazioarteko laguntzari esker iristen zaie ura kanpalekuetako familiei, kamioietan. Baina gordetzeko bidoi erraldoiak behar izaten dituzte, eta horietako asko apurtuta ikusi dituzte azken bidaietan. Edukiontzirik ez duten familiak ere bai. Azken bidaian mila litroko 60 eraman dituzte, eta aurrerantzean familia gehiagorengana heltzea da asmoa.

Ikastetxeen proiektuak izanik, kanpalekuetako eskolei laguntzekoak ere ez dira falta izaten. Jostailuak eta ikasketarako materialak beti eramaten dituzte. Fotokopiagailu eta antzekoak ere helarazi izan dituzte, eta haurtzaindegiak txukundu zein ikastetxeak margotu eta apaindu. Aaiungo Martxoaren 8 eskola margotu eta koloredun marrazki biziz jantzi dute azken bidaian.

Etxera itzuli berritan, hurrengo bidaiarako lehentasunak buruan darabiltza Etxaburuk. Proiektuak zehaztu, eta laguntza bila jarraituko du ikasle, ikasle ohi eta familien laguntzarekin. Sarea zabaltzen, diru ekarpenak handitu eta Saharako errealitateari buruzko informazioa ahalik eta gehiago hedatu nahian.