“Familiek kostuaren bi heren ordaindu arren, ezin dute ezer erabaki”

“Familiek kostuaren bi heren ordaindu arren, ezin dute ezer erabaki”

Natalia Salazar Orbe

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoan Elkarteak eta denentzako elikadura justizia defendatzen duen VSF Herrien Bidezko Elikadura taldeak sustatu dute Gure Platera Gure Aukera plataforma. Eskola jantokien ereduari buruzko ikerketa bat aurkeztu dute berriki. Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1973) azaldu ditu horren nondik norakoak.

Zein beharrizanetatik sortu da Gure Platera Gure Aukera plataforma? Nortzuek osatzen duzue, eta zergatik sortu zen?

Egungo eskola jantokien eredua aldatu nahi dugun eragileak bildu gara plataforman: gurasoak, langileak, ekoizleak, gizarte mugimenduak… Duela hogei urte, eskola jantokiak orokortu zirenean ikastetxe publikoetan, zerbitzua leku guztietara iristea lortu zen, baina gaur egungo eredu homogeneizatu eta zurrunak ez ditu gogobetetzen eskola komunitateak. Guk eskola jangela osasuntsuak, hurbilak, bidezkoak eta hezitzaileak nahi ditugu.

Abenduan ikerketa bat aurkeztu zenuten Jaurlaritzaren Hezkuntza Batzordean: Eskola Jantokiak EAEn. Nolakoak diren eta nolakoak izan daitezkeen aztertu duzue. Zer ondorio eta beharrizan planteatu dituzue?

Lau atal nagusi ditu ikerketak: EAEko eskola jantokien elikadura sistemen deskribapena, elikadura sistema horren eragina tokian bertan eta maila globalean, EAEk dituen baliabideak sistema horiek hobetzeko, eta ondorio eta proposamenak jaso ditugu. Ikastetxe publikoen %98k catering zerbitzua daukate. Ikasleen %37k soilik daukate sukaldea ikastetxean. Fruitu, barazki, arrautza eta arrain urdin gehiago gomendatu du ikerketak. Aitzitik, haragia, purea, produktu frijituak eta esnekiak murriztu beharko liratekeela dio. Azpimarratzekoa da elikadura sistema industrialak bost aldiz energia gehiago kontsumitzen duela tokiko ekoizpenean eta ekoizpen ekologikoan oinarritutako sistema batek baino. Eta elikadura sistema industrialean elikaduraren kalitatea ez da lehentasunezko faktorea. Ekoizpen agroeokologikoa indartu beharko litzateke, eta salmenta merkaturatze-zirkuitu laburretan egin. Horrek guztiak enplegua sortzen du, nekazaritzako eta landaguneetako inguruak dinamizatzen ditu, tokiko merkatuak sustatzen ditu, eta balio erantsiaren banaketari mesede egiten dio.

Ba al dago behar beste baliabide gertuko elikadura sistema bateko eskariari erantzuteko?

Ikerketak ondorioztatu du badagoela aukera eskola jantokiak bertako elikagaiz hornitzeko; ez elikagai ekologikoz, ordea. Beraz, lehentasun izan behar du ekoizpen ekologikoa indartzeak. Bestalde, administrazioak, erosketa publikoa baliatuta, egiteko garrantzitsua izan dezake gertuko sistema agroekologikorako trantsizioa sustatzeko bidean. Izan ere, sukaldaritza kolektibo publikoa eskola jantokietatik harago doa. Ospitaleak, zaharren egoitzak eta lantokiak ere, besteak beste, hor daude. Konpromiso politiko loteslea eskatu diegu Jaurlaritzari, aldundiei eta tokiko administrazioei, hiru neurri gauzatzeko: eskoletako elikadura sistemak hezkuntza proiektuan txertatzeko, erosketak gertuko ekoizleei egiteko borondatea txertatzeko, eta elikadura gobernantza egiturak sortzeko, inplikatutako eragileek parte hartuta.

Egungo janlekuen ereduek oztopoak sortzen dituztela diozue. Zeintzuk dira oztopo horiek?

Eskola publikoetan egun dugun eredua oso zurruna da. Familiek kostuaren bi heren ordaintzen dituzten arren, ezin dute ezer erabaki: ez nork kudeatuko dituen jantokiak, ezta zer jango duten euren seme-alabek ere. Bestalde, jantokia zerbitzutzat jotzen da, ez eskola proiektuaren barnean kokatutako baliabide aberastzat. Horrek hainbat ondorio ditu: jantokia eta sukaldea ez dira aprobetxatzen baliabide pedagogiko moduan, langileek ez dute formakuntza egokia jasotzen, jantokia ez da curriculumean txertatzen… Gainera, catering enpresa handiak aurkez daitezke soilik Hezkuntza Sailaren lehiaketara, milaka menu egin behar baititu bakoitzak. Ez dago lekurik enpresa txikientzat. Luze jarraitu genezake horretaz.

Elikadurari buruzko plana aurkeztu berri du Jaurlaritzak. Zertan izango du eragina plan horrek?

Ez du planteatzen aldaketa sakonik. Batez ere, plateren itxura hobetu nahi da erakargarriagoak izateko, eta fruitu, barazki, arrautza eta arrain kantitatea igo. Baina ezer ez da esaten elikagaien jatorriari buruz, ezta garaian garaikoak, freskoak edo ekologikoak izan behar dutenik ere. Eta beti egungo catering sistema mantenduz.

Proposatzen al du ikastetxeetako jantokietarako eredu aldaketarik?

Ez, inolaz ere ez. Eredua ez du ukitzen.

Jantokien eredua aldatzeko, eskola publikoak catering zerbitzuarekin lan egitera behartzen dituen legea aldatu beharko litzatekeela diozue, beraz. Zein aukera ikusten duzue horretarako?

Eredua malgutu behar da, eta beste aukera batzuk barnean hartu: kudeaketa propioa, beste mota batzuetako catering enpresak hartu —txikiagoak, bertako produktuekin lan egiten dutenak…— edota beste erakunde publiko batzuek kudeatutako jantokiei ateak zabaldu —udal sukaldeak sortu, Urduñan bezala, esaterako—, eta abar. Eredua aldatu behar da hurbilagoa, osasuntsuagoa, justuagoa eta hezitzaileagoa izan dadin, eta gero aukera eman behar zaio eskola komunitateari erabakitzeko zer nahi duen.

Zer ondorio ekarriko lizkieke aldaketa horrek hezkuntza komunitateari eta gizarteari?

Inguruan eragingo luketen palanka bihurtuko lirateke eskola jantokiak; eremu pedagogikoa izango litzateke jantokia, eta ikasleak eta familiak arduratu egingo lirateke jaten dutenaz: nondik datorren, nork eta nola ekoitzi duen, eta abar, eta jangela eremu demokratikoagoa izango litzateke, besteak beste.

Zer jaten dute gure seme-alabek?”. Galdera hori egiten duzue zuen oinarrietan. Zer ematen diete catering enpresek?

Catering enpresek elikagai kilometrikoak erabiltzen dituzte. Gure kalkuluen arabera, produktuen %10 lehen sektoreari erosten dizkiote, baina horrek ez du esan nahi elikagai horiek tokikoak direnik, ezta ekoizle txikiei erositakoak ere. Hala ere, horiek estimazioak dira, eredua oso iluna baita, eta ezinezkoa baita datu errealak lortzea. Familioi ez zaigu ematen informaziorik elikagaien jatorriari buruz, nahiz eta estatuko gomendioek hala eskatzen duten. Horrek ez du konfiantzarik sortzen.

Eskola jantoki osasuntsu, bertako eta justua aldarrikatu duzue. Zelan mamitzen edo gauzatzen da hori? Zer-nolakoak izan beharko lukete jantokiek helburu horiek betetzeko?

Alde batetik, elikagaiak garaian garaikoak, freskoak, bertakoak eta ekologikoak izan beharko lukete, ahal den neurrian. Hori lortzeko, bertako produktu ekologikoen ekoizpena sustatu eta planifikatu behar da. Bukatzeko, jantokiaren inguruan lan egiten dutenek —jantokietako langileak eta ekoizleak, esaterako— lan baldintza justuak izan behar dituzte, eta jantokiak eremu hezitzailea izan behar du.