Errege-gaua

Igor Elordui Etxebarria

Melciorak 18 urte ditu eta Errumaniako herri txiki batekoa da. Herriko etxe gutxi batzuk asfaltozko kaleetan eraiki ziren, baina gehienak, Melcioraren etxea, adibidez, euria egiten duenean zingiratu egiten diren kalezuloetan eginda daude. Iaz, haren mutil-laguna Euskal Herrira bizitzera etorri zen, eta aspaldidanik dabilkio neskari berba egiten Europako parte honetan dauden aukerei buruz. Arrebak, esate baterako, jatetxe bat daukala eta ederto bizi dela diotso; elkarrekin bizitza berri eta oparoa eduki dezaketela hemen. Ikasle ona da Melciora eta erizaintza ikasi gura luke, baina badaki zaila dela (familiak ez dauka bera unibertsitatera bidaltzeko diru nahikorik). Aitari eta amari ezer esan barik, ez baitute begi onez ikusten mutil-lagunarekin daukan harremana, mutilaren koinatu batena ei den kamioian igoko da gaur gauean, Euskal Herrira bidean.

Ghassan siriarra da, Alepokoa. Irakaslea da eta Libanoko errefuxiatu-esparruan ere halaxe dihardu. Ghassanek ikusi zuen Siriako gerrako lehen biktima bere ikasle bat izan zen. Orduan, umearen izena ipini zioten eskolari, haren omenez. Baina, tamalez, handik hilabete batzuetara, ume asko egin ziren hil, bonbardaketen erruz. Siriatik Libanora egin zuen ihes, oinez, bere bi seme, emazte eta emaztearen nebarekin batera. Ez zen ausartu, txalupa puzgarrian Europara heltzearren, bere eta bere familiaren bizitza arriskuan jartzen, nahiz eta bazituen horretarako eskatzen zizkioten bi mila euroak.

Siriara, sorterrira, bueltatu nahi luke, baina badaki ia ezinezkoa dela. Esan diote goizaldean aterako dela Euskal Herrira ekarriko dituen hegazkina. Espainiako Barne Ministerioak eta Beiruten dagoen Espainiako Poliziaren ordezkaritza batek hala moduz egindako aukeraketaren saria. Bete ere egiten ez duten kupo miserable baten azken aleak.

Bangsisi Kamerungo iparraldean, Marouan, jaio zen. Amak umetatik ohartarazten zion: hori ez zegoela ondo, heriotzara eraman zezakeela, ezkutatu egin behar zela… Klandestinitatea aukeratu zuen Bangsisik. Hotelak arriskutsuak zirenez, parkeetara eta txoko ilunetara joaten ziren elkar maitatzeko, eta elkarrekin bizi eta, agian, egunen batean ezkonduko ziren amets hura partekatzeko. Harik eta, egun batean, bere senargaia harrapatu, eta bere begien aurrean erre zuten arte. Orduan, ihes egin behar izan zuen Bangsisik: Nigeria, Aljeria, Maroko… Pateran heldu zen Ceutara. Harrezkero, Tarifako etorkinentzako behin-behineko egonaldietarako zentro berezi batean egon da. Gaur kanporatuko dute egoitzatik. Asiloa eskatu du eta erantzunaren zain dago. Euskal Herrira dator, zentroan lagun egin zuen herrikide batengana. Gauean hartuko du, Malagan, Bilbora ekarriko duen trena.

Melciora, Ghassan eta Bangsisi, eta beste asko. Hauek ere bidean daude; hauek ere ekialde-hegoaldetik datoz.