Kultur aniztasunaren aldeko jaialdia egingo dute gaur, Elorrion

Kultur aniztasunaren aldeko jaialdia egingo dute gaur, Elorrion

Aitziber Laskibar Lizarribar

Atzerritik etorritako 371 bizilagun daude Elorrion, Espainiako estatutik etorritakoak aintzat hartu gabe. Datu hori utzi zuen Gite-Ipes fundazioak iaz egindako azterketak. “Estatistika eta errolden atzean pertsonak daude”, ohartarazi du taldeak. “Zenbakiak atzean utzi, eta iragana, oraina eta etorkizuna duten pertsonekin egin dugu topo”. Migranteen inguruko diagnosia egin du fundazioak, atzerritik etorritako eta Elorrion jaiotako pertsonen testigantzetatik abiatuta. Duela urtebete abiatu zuen gaiari buruzko lanketa berezitua Elorrioko Udalak, eta, aurrera begira ere, elkarbizitza hobetzen saiatzeko plana egina du Gite-Ipesen laguntzarekin. Gaur bertan egingo du hurrengo urratsa: kultur aniztasunaren aldeko jaialdia.

Mundutik Elorriora, Elorriotik mundura dokumentalarekin hasiko dute jaia, 18:30ean. Zortzi elorriar berriren testigantzek osatzen dute lana. Senegal, Bolivia, Nikaragua, Maroko, Pakistan eta Kolonbiatik iritsitako herritarren bizipenak jasotzen ditu ikus-entzunekoak, lehen pertsonan kontatuta. Txus Arrieta Gizarte arloko zinegotziak azaldu du dokumentalaren eta urtebete daraman lan ildoaren helburua: “Erakutsi nahi dugu gure bizilagunek, portale berean bizi diren horiek, zer-nolako bizitza izan duten Elorriora iritsi aurretik eta behin hemen egonda”. Horrela, herritar berriengana gerturatu, eta horiek besarkatzea du xede: “Ekitaldia sentimenduen topaleku izan dadila nahi dugu, sarri urrun ikusten ditugun elorriar horiek gertuagotik ezagutzeko”.

Musika eta antzerkia

Arriola antzokian erakutsiko den dokumentalaren ondoren, musika emanaldia izango da Enekora taldearen eskutik. Ondoren, antzerki labur bat izango da. Udalak abiatutako programaren nondik norakoak azaltzeko eta herriko errealitateari buruzko informazioa emateko, udal ordezkari batek eta Gite-Ipeseko kide batek hartuko dute hitza. Guztia, baieztapen bat oinarri izanda: “Aniztasunak aberastu egiten gaitu”.

Aurrez ere, eginak ditu gaiaren inguruko ekitaldi zehatzak Elorrioko Udalak. Duela urtebete programa martxan jarri zuenetik heldu berrientzako protokoloa eta baliabideen gida aurkeztu ditu, herrira iritsi berriei laguntza eman nahian.

Eta aurrerantzean bide beretik jarraitzeko asmoa du. Jakinarazi duenez, datorren urteei begirako ekintza plana landua du, eta datorren urterako zenbait egitasmo lantzen ari da. Guztia, mota eta jatorri guztietako herritarren elkarbizitza sustatzeko helburuz.