Gezurberri on

Nerea Ibarzabal

Uste dut beti gorrotatu izan dudan jende klasea izateko pauso batera nagoela oraintxe: Gabonak gustatzen ez zaizkion pertsona marmartia. Olentzero gurasoak direla bortxaz deskubritu eta, gradualki, Grintx edo Gabonen etsai bilakatzeko prozesua abiatu dudala esango nuke. Jada ez dut ospatzen kalean argiak jarri izana, arbola ere ez dut apaindu, opariek berdin didate, eta eguneroko errutinak harrapatuta naukala iristen da abenduaren 24 gaua, eta joan ere halaxe joaten da, oharkabean.

Ze, egiari zor, ikazkin misteriotsu baten kondairak asko laguntzen du Gabonetan gerta daitezkeen egoera deseroso denak estaltzeko orduan (gizon tripontzi musugorri bat zure etxera sartu eta gailetak jatea ez da gerta daitekeen arraroena).

Begirada oparietatik altxatzen joan zaren heinean, erreparatu duzu, adibidez, mahairen inguruko banaketan; nola etxeko emakumeak sukaldetik gertuen dagoen ertzean esertzen diren, errazago altxatzeko; nola gizon nagusiei beraien txokotxo pribilegiatua gordetzen zaien beraien gauzez hitz egiteko; nola Ak eta Bk ez duten elkar jasaten duela hamabost urte gertatu zen hura dela medio, oraindik ondo eta osorik kontatu nahi ez dizuten hura; nola diruz justu dabiltzan zure osaba-izebek ikaragarrizko ahalegina egin behar izan duten afari hau prestatzeko; nola aitona eta amona hil zirenetik, edo umeak hazi zirenetik, ez garen gai zehazki zerk batzen gaituen esateko. Olentzero joan zen, eta bakarrik utzi zintuen zure familia bereziarekin.

Eta orain beldur zara, pixkanaka mahai bueltako kideak desagertuz eta berriak agertuz doazen heinean, noizbait zuri egokituko zaizulako agian honetaz guztiaz arduratzea, eta ez zara gai sentitzen. Ez dakizu nola doblatzen diren serbilletak modu polit batean, ezta ere zein xaboik kentzen duen ondoen langostino orbana manteletik, zein gai ez den komeni ateratzea, zeri diren alergikoak, noiz nahi duen altxatu osabak pilota ikustera salara… Zaintza lana, muturrera eramana. Eskerrik asko, e, Olentzero. Garaiz alde egin zenuen, dekadentziaren hasieran.

Guk kontra egin arren, limoi urez idatzitako gutunen azpitik metxeroa pasatzean legez bistaratzen dituzte Gabonek gure urteetako miseriak. Nahi dena erakustearen eta nahi ez dena ezkutatzearen arte sofistikatua da berez eguberria, baina oso zaila lortzen. Horregatik behar dira haurrak, eta gezurtxo bat.

Behin lagun batek kontatu zidan berari “Olentzeroren egia” hasiera-hasieratik kontatu ziotela umetan, hau da, ez zietela Olentzeroren existentzia ukatzen, baina etxeko haurrei argi esaten zitzaiela opariak gurasoek jartzen zituztela arbolapean. Nik, fantasiaren alabak, ezin nuen sinetsi, ze umezaro da hori? Baina, zer diren gauzak, berak Gabonak ilusioz bizi ditu oraindik, iragan hobe baten etengabeko konparaziorik gabe.

Zer pentsatua ematen dit, seguruena pedagogikoki egokiena gezurrik ez esatea delako; hala ere, uste dut nire haur hipotetikoak Olentzerorentzat esnea eta gailetak prestatzen jarriko ditudala ohi bezala, ez baitakit eskaini ahalko diedan errealitatea aski ona izango den, eta, bide batez, nire zaharkitutako fantasia apurrari eusteko erabili nahi ditudalako.