Aireak erakusten ez duena

Aireak erakusten ez duena

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Kiratsak piztu zituen alarmak. Durangoko herritarrek usain desatseginak nabaritu zituzten joan den ekainean, eta, orduztik, galdera bera darabilte durangarrek: “Zer arnasten dugu?”. Galderari erantzun nahian jo zuten Herriaren Eskubidea plataformako kideek San Roke kalean Jaurlaritzak duen airea neurtzeko estaziora. Bada, zituzten susmoak berretsi ziren bertan, behar baino partikula kutsakor gehiago identifikatu baitzituen estazioak azaroaren hasieran. “Bi ertz daude argitzeko: usain hori zerk eragiten duen edo nondik datorren argitu behar da, batetik; eta, bestetik, horrek gure osasunean zer nolako eragina duen aztertu behar da”. Erantzunak eta erantzukizuna, bi-biak eskatu ditu Julian Rios Herriaren Eskubidea plataformako kideak. Egoera argitu dadin eskatzeko hainbat protesta egin dituzte azken egunetan.

Argi utzi nahi izan du: “Paper fabrikaren usaina guztiz barneratuta dugu durangarrek eta aspaldian nabari dugun hats honek ez du zerikusirik paper fabrikaren usainarekin. Oraingoa askoz ere gogorragoa eta larriagoa da”. Azaldu duenaren arabera, Durangoko hainbat herritarek jo zuten beraiengana gaiarekin kezkatuta. Uztailean airearen kalitateari buruzko kezka udalera eraman zuten oposizioko taldeek, baina ez zuten erantzunik jaso. “Udalak ez digu ezer argitzen. Alde batetik diote azken aldiko usain txarra ez dela osasunarentzat kaltegarria, baina, era berean esaten digute ez dakitela nondik datorren eta zein den airearen konposizioa”. Kontrajarriak dira bi argudioak. “Nola da posible osasunari kalterik eragiten ez diola esatea, nondik datorren eta zehazki zer den jakin gabe?”.

Azken sei hilabeteetan indarrak biltzen aritu direla azaldu du Riosek, eta, orotara, herriko hamalau plataforma elkartu dira gaia argitu dadin aurrera urratsak elkarrekin egiteko: Herria bizilagunen elkartea, DAZ Durangoko Alde Zaharra, Zarataren Aurkako Plataforma, San Fausto zentroa, Gure San Fausto Berria, Ekologistak Martxan, ELA, LAB, CCOO, UGT, Ernai, Elkarrekin Podemos, EH Bildu eta Herriaren Eskubidea.

Neurgailuen neurketa falta

Airearen kalitateari buruzko azterketa zehatza eskatzen dute hamalau elkarteek. Izan ere, kezkarako motiborik badutela azaldu du Riosek: kaltegarriak diren PM partikulen maila handia erakusten dute San Rokeko estazioko datuek. Zientzialarien esanetan, PM partikulak dira aire kutsaduraren arazorik larriena eta 2,5 mikratik beherakoak dira arriskutsuenak; alegia, PM2,5 izena dutenak. PM10ak birikietan geratzen diren bitartean, odolera iritsi daitezke PM2,5 motakoak eta duten tamaina txikiaren erainez, denbora luzea eman dezakete airean.

Oro har, arnas-aparatuko eta bihotzeko gaitzen eragile dira PM motako partikulak, Osasunaren Mundu Erakundearen (MOE) arabera. Bada, PM horien kantitatea behar baino handiagoa izan zen Durangon azaroan zehar. “Ezusteko batekin ere egin genuen topo San Rokeko estazioko datuak aztertzean, hainbat hutsune aurkitu baikenituen; hau da, ez direla urte osoko datuak erregistratu”.

Durangoko Udalak ez du gaiari buruzko adierazpen zuzenik egin nahi izan, baina prentsa ohar bidez adierazi du urteko egunen %99,72an airearen kalitatea “ona” edota “onargarria” izan dela herrian. San Rokeko estazioan jasotako datuak hartu dituzte oinarri udalean ere. Riosek datuak gezurtatu ditu, ordea. “Udalak azaltzen duenean urteko ia egun guztietan edo %99ean airearen kalitatea ona izan dela, ez da ari datu errealak aintzat hartzen. Aurretik azaldu dudan gisara, San Rokeko estazioko datu bilketa askotan eten baita, neurgailuen okerrengatik. Hortaz, aurten, datuen %42 besterik ez du neurtu. Horregatik, ehuneko hori aintzat hartuta, airearen kalitatea ona dela ondorioztatzea ez da ez zilegia ezta erreala ere”.

Maila batetik gora neurgailuek neurtzeari uzten diotela salatu du Herriaren Eskubidea plataformako kideak, eta, gauzak horrela, azterketa zehatza egitea beharrezkoa dela aldarrikatu du. “Irailean ere eraman genituen neurketek izan dituzten hutsune horiek guztiak udaleko osoko bilkurara, baita gehiegizko PM neurrien neurketak zituzten grafikoak ere. Mozioa aurkeztu genuen udalean oposizioko taldeek”. Baina Udal Gobernuak bere horretan jarraitzen duela azaldu du Riosek. Udalak oharrean azaldu duenez, Jaurlaritzara bideratu diuzte durangarren kezka guztiak, eta, azpimarratu dute, Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari dagokiola usain txarren jatorria zein den aztertzea, eta ez udalari.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak ere azalpenak eskatu zizkion Iñaki Arriola Ingurumen sailburuari parlamentuan. Azaroaren 4an PM2,5 partikulek 50eko langa gainditu zutela frogatzen duen irudia erakutsi zuen Oterok —MOEren arabera 25etik aurrerako langak kaltea eragiten du herritarren osasunean—. Zehazki, World Air Quality Index airearen kalitateari buruzko datuak jasotzen dituen nazioarteko webgunean jasotako datuak erakutsi zituen EH Bilduko kideak.

Azterketa zehatzen eskean

Bartzelonako Vall d’Hebron Campus Hospitalariko ikerlariek azaroaren 27an argitaratutako azterlana aipatu du Riosek. Adituek baieztatu dutenez, elkarri lotuta doaz kutsadura eta bihotzeko arazoak: hau da, zenbat eta kutsadura tasa handiagoa izan, orduan eta herritar gehiago hiltzen dira bihotzekoak jota. Hala azaldu zuen Jordi Bañeras Bartzelonako Unibertsitateko kardiologoak. “Emaitzen arabera, koroa arteria oztopatzen du kutsadurak, bihotzekoak areagotuz. Mota horretako bihotzekoak kutsadura neurririk handienak dauden egunetan gertatzen dira eta hilkortasun tasa ere igo egiten da, nabarmen; are gehiago, gaitza agertu eta lehen 24 ordutan erabakigarria da arnastu den kutsaduraren neurri hori”.

Gaiari heldu behar zaiola berresten du ikerlanak, Riosen arabera.”Ez al da nahikoa arrazoi ikerketari ekiteko?”. Herritar guztiei eragiten dio auziak eta lehentasunez konpondu beharreko arazoa izan beharko litzatekeela dio. “Herritarren osasunaz ari gara”. Arazoaren iturburua zein den ezagutzeko eta neurriak hartzeko, neurketa zehatzak egitea eskatu diote udalari. Eta eskaera egiten jarraituko dute aurrerantzean ere, Bañosen hitzetan: “Durangoko Udalak eta Jaurlaritzak ez badute ezer egiten, prest gaude gure gain hartu eta geure medioekin azterketa finantzatzeko. Gu denon artean egingo dugu erakundeek egin behar dutena”.