Organikoa birziklatzeko edukiontzia ipini dute Lea-Artibain

Organikoa birziklatzeko edukiontzia ipini dute Lea-Artibain

Mikel Santiso

Organikoa birziklatzeko edukiontzi bereziak jarri dituzte Lea-Artibai eskualdean. Bizkaian eskualde batean hondakin organikoak horrela birziklatzen diren lehenengo aldia izango da. Urratsa Amankomunazgoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egin dute. Hala, martxan jarri dute Lurretik lurrera izeneko proiektu pilotua, Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak eta Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko presidenteak azaldu dutenez. Proiektu pilotua da, baina sistema Bizkai osora zabaldu edo ez aztertuko dute, bideragarria den edo ez ikusi ondoren.

Proiektu pilotua eskualdeko sei herritan jarriko da martxan hurrengo hilabeteetan: Berriatuan, Etxebarrian, Markina-Xemeinen, Lekeition, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren, hain zuzen. Herri horietan 24.000 biztanle bizi dira, eta birziklatze tasa %70era igotzea da asmoa. Oraingo birziklatze tasaren helburua %30 da eskualdean. Erakundeetako arduradunak baikor agertu dira, helburuak beteko direlakoan.

Hori lortzeko bidean, herritarrei behar bezalako informazioa eskaintzeko lanean ari dira orain. Eluk Berriatuko Merelludi auzoko instalazioetan azaldu zuenez, “hezitzaileak etxez etxe joango dira, herritarrei sistemaren nondik norakoak azaltzeko”. Haren arabera, herritarrengana ailegatzeko biderik zuzenena hori izango da. Hezitzaile horien zeregina, hauxe: hondakin organikoak birziklatu ahal izateko materiala banatzea eta herritarrek eduki ditzaketen galderak edota zalantzak argitzea.

Hondakinak biltzeko sistema berria ez da bakarrik Amankomunazgoaren eta Foru Aldundiaren arteko adostasun baten emaitza izan. Eluk esan zuenez, eskualdeko udal ordezkari guztiak bat etorri ziren sistema berria martxan jartzeko. Baina ez da eskualdean organikoa batzen den lehen aldia izango: zenbait bizilagunek lauzpabost urte daramatzate etxean sortutako hondakin organikoak birziklatzen.

Erakundeen inbertsioak

Sistema berria martxan jartzeak hainbat inbertsio egin behar izatea ekarri die Lea-Artibai Amankomunazgoari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Bi erakundeek emandako datuen arabera, Amankomunazgoak 159.775 euro inbertitu ditu komunikazio lanetan, etxez etxe banatutako materialean eta edukiontzi berriak erosten. Edukiontziak ez dira betiko arruntak, txartel pertsonalizatuen bidez zabaltzen baitira. Horrez gain, Eluk zuzendutako erakundeak urtero 166.804 euro gastatuko ditu hondakinen bilketan. Azkenik, tratamenduan jasotako hondakin tona bakoitzeko kanona gehitu beharko zaie kopuru horiei. Eluk azpimarratutakoaren arabera, “inbertsioa handia bada ere, datozen urteetara begira ekonomikoki jasangarriagoa izango da”. Bizkaiko Foru Aldundiak, aldiz, 68.545 euro inbertitu ditu Milloiko hondakinen gunean teilatu bat jarri eta 30 metro kubikoko biltegia ezartzeko.

Zenbait bizilagunek esandakoaren arabera, erabiltzeko errazak dira bai edukiontzia eta bai Amankomunazgoak emandako materiala: “Hamar litroko edukiontzia eta plastikozko poltsak eman dizkigute, eta etxean lau lagun bizita, bi edo hiru egunetik behin botatzen dugu edukiontzira organikoa”. Animalia jatorriko janari hondarrak —kozinatuak zein gordinak—, haien hezurrak, fruitu, barazki eta lekaleen hondakinak dira, besteak beste, organikoen edukiontzira bota beharrekoak.