Onegia, mundu honetarako

Igor Elordui Etxebarria

Eskela batean ikusi dut (ez dut izen-abizenik emango; ez da gizalegezko ezta bidezko eta, gainera, berdin dio): A. Z. 57 urte. Zure lagunek ez zaituzte ahaztuko. Eta azpian beste esaldi hau: Onegia, mundu honetarako. “Adios!” Pentsatu dut. “Onegia mundu honetarako? Hara, orduan, zergatik joan den bestera”.

Imajinatzen dut, lepoa jokatuko ez nukeen arren, lagunek laudoriotan atxiki ziotela esaldia eskelari. Ez dut uste eman gurako zutenik aditzera inozoegia, inuzenteegia ala zuzen-zuzenean, tontoegia zela. Ez dut uste. Hauxe ere onartu behar da: berbok desberdin aditzen dira hartzailea edota eragilea bizirik badago, ala hilda.

Onean jarrita, halako epitafioarekin, ez zait kostatzen gizon hori irudikatzea umetan, eskolako patioan, besteen jostailuak nekez itzultzen dituen haurrari berea uzten. Geroago, gozoki dendan, enparauak dendan litxarreriak ebasten eta bera artega, dirua eskuan, mostradore aurrean zain, bereak ordaintzeko prestu. Are geroago, taberna batean, bere alboko ezezagunari lurrera 50 euroko diru-papera oharkabean erorita, hura jakinaren gainean jartzen. Denboran hurrago, gehienetan berari egokitzen zaion botetik dirua falta, eta beretik jartzen azken sosak; edo ordaindu barik joan dela akordatuta, tabernara zorrak kitatzera joaten; edo mesederen truke mesedea itxaron barik faboreak egiten… Horrenbeste gauza igar diezazkioket A.Z.-ri.

Ai, A.Z., zenbat bider esango zizuten onegia zarela mundu honetarako. Hori hilobira ere eraman duzu eta! Eta zenbat bider esango zuten zuri buruz, zeu parean zarela zein ez zarela, onetik tontora alde gutxi dagoela. Bada, ez dakit zuk zer erantzuten zenien —zerbait ihardesten bazenien—; ez dakit, orobat, zeure eskela irakurtzerik izango bazenu, zer iritziko zeniokeen. Dakidana da, fama txarra daukala ona izateak. Baina, lasai, nik bezala ulertuko dute denek eskelako mezua; alegia, on hutsa izan zarela, bestelako irakurketarik barik.

Bestela litzateke A.Z. bizirik balego, noski. Onari diotsegu onegi (onegi izaterik balego bezala); eta eransten diogu segidan, amaierako ohar legez: onetik tontora alde gutxi dago. Ostera, “txarregi, mundu honetarako” ez dut sekula entzun. Inoiz ez diogu txarrari txarregi esaten. Horrekin azaltzen da, modu ezin hobean, zer-nolakoak garen gizakiok eta nolakoa den gure mundua. Inozoari inozo, tontoari tonto, zuhurrari zuhur eta txarrari txar deitzen hasten garenean aurreratuko dugu zeozer. Eta onari, on; kito. Hobe izango litzateke denontzat onari onegi deitzeari utziko bagenio eta txarrari txarregi dela esateko adorea bilduko bagenu, maizago eta ozenago. Gustura jarriko nieke hainbati nik eskelan horixe bera: txarregi, mundu honetarako.